ETB

'Altsasu' telesaila asteazkenean estreinatuko dute

Asier Urbieta da telesailaren zuzendaria. Harekin batera, Eider Gabilondo izan da ekoizpenaren zuzendaria, eta Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea. 

'Altsasu' telesailaren aurkezpena. ETB
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 4a
16:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Alardea eta Hondar ahoak telesailak eman ostean, ETB1ek bere telesail berria erakutsiko du datozen lau asteazkenetan: Altsasu.

Kuadrilla eta interes desberdinetako zortzi gazte, elkarren artean harreman sendorik ez zuen gazte taldea, prozesu judizial batek kateatuko du. Auziaren jatorria zerbitzuz kanpo zeuden Guardia Zibileko bi kiderekin taberna batean gauez izandako liskarra da; haren ondorioz antolatutako talde izatea leporatu zieten zortzi gazteei. Benetako gertaera horiek dira telesailaren oinarria. Dokumentazio ofizialean deskribatzen diren gertakariak eta une bakoitzeko kronikak dira kontakizunaren bizkarrezurra. Egoera eta giro arrotz batek ezustean harrapatutako pertsonaien bizi-birak kontatu eta fikzioratu dituzte Altsasu-n. Hala, gertatutakoaren inguruan ikusleen hausnarketa bultzatzea du helburu telesailak.

Asier Urbietak zuzendu du telesaila. Asteon, BERRIAk elkarrizketa bat argitaratu du Urbietarekin. Bertan azaldu duenez, Baleuko ekoiztetxeak egin zion fikzioa zuzentzeko proposamena. Harkaitz Canok, Mikel Alvarezek eta Andoni De Carlosek osatu dute gidoilari taldea.

Aktoreak, berriz, honako hauek dira: Jon Olivares, Erik Probanza, Nikola Zalduegi, Aia Kruse, Asier Oruesagasti, Julen Jimenez, Xabier Elizalde eta Ander Azurmendi. Horiek dira protagonista gazteak, eta zortzi auzipetuen rola egingo dute. Bestetik, guardia zibilak, Cristian Merchan eta Jorge Monje dira; Yasmina Drissik guardia zibilaren neska lagunarena egingo du. Aktore taldea osatzeko, berriz, aktore ezagun sorta bildu dute: Jose Ramon Soroiz,  Miren Gojenola, Jose Ramon Argoitia eta Itziar Atienza.

Telesaila gaur aurkeztu du ETBk, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.