ETB

'Baserria'-ren denboraldi berria, hilaren 19an

Saioak joko interaktibo digital bat, aplikazio bat eta Tiktokeko kontua izango ditu, besteak beste. Igandeko emanaldiaz gain, astearte gauetan eztabaida saioa egingo dute.

Klaudio Landa eta bi aditu berriak. ETB
urtzi urkizu
2021eko irailaren 1a
13:13
Entzun

Irailaren 19an estreinatuko du ETB1ek Baserria saioaren bigarren denboraldia. Lehen denboraldiak izandako arrakastaren ostean, reality-a astean bitan emango dute: batetik, lehiaketaren atal bat igandetan; eta bestetik, eztabaida saioa astearte gauetan, zuzenean, aurreko igandean ikusitakoak aztertzeko. Horretarako, hainbat gonbidatu izango dituzte, astero, platoan.

Gaur egin dute saioaren denboraldi berriaren aurkezpena, Gasteizko FesTVal telebista jaialdiaren barruan. Europa Jauregian egin dute ekitaldia. Saioaren izaerarekin bat eginez, lasto proba ikusgarria egin dute, baserriaren arima hirira ekarrita. Lasto fardoak eta nekazaritzarako makina deigarriak erabili dituzte, publikoaren laguntzarekin reality-aren lehen proba hirian bertan berregiteko.

Goizeko aurkezpenaren ondoren, FesTVal jaialdian ere, saioaren aurrestreinaldia egingo dute gaur, 19:00etan, Europa Jauregiko Maria de Maeztu auditoriumean. Denboraldi berriko lehen atala ikusteko aukera izango da bertan.

24 lehiakide, 6.000 euroko sariaren bila

Bigarren denboraldi honetarako 400 herritar baino gehiago aurkeztu ziren hautaprobetara, eta horietatik 24 izan dira hautatuak oraingo denboraldi honetan lehiatzeko. Lehian hamabi kaletar eta hamabi baserritar arituko dira, sei bikoteko bi taldetan banatuta: Goienetxeatarrak eta Bengoetxeatarrak. Lehiaketaren egitura, baina, ez da aldatuko: kaletar batez eta baserritar batez osatutako hamabi bikote horiek elkarrekin biziko dira benetako baserri batean, Gautegiz-Arteagako (Bizkaia) Baratze baserrian, landa eremuko eguneroko gogorrari aurre eginez. Ohi bezala, taldekako eta bikotekako probei aurre egin beharko diete, betiere baserri eta landa eremuko lanak oinarri. Saio bakoitzean, beraz, auzolan proba izango dute, taldeka; eta desafioa (bi bikote elkarren kontra). Zein bikote kaleratuko den erabakiko da desafio horretan.

Toki ezberdinetatik etorriak izan arren, baserritarraren jakintza eta trebetasuna bezain garrantzitsua izango da kaletarraren ikasteko gogoa, eta biak ondoen uztartzen dituen bikotea izango da 6.000 euroko sariaren irabazlea. Ikus-entzuleek, gainera, denboraldiko bikoterik onena hautatzeko aukera izango dute aurten ere.

Klaudio Landaren ondoan, bi aditu berri izango ditugu lehiakideei aholkuak emateko, arauak gogorarazteko eta epaile lanetan aritzeko: Amalur Arbelaitz, lehen denboraldiko parte hartzaile eta ikusleentzat baserritar onena izan zena; eta Ion Areitio, Hondarribiko (Gipuzkoa) baserritar eta abeltzain gaztea.

Baserria Chatbot joko interaktiboa eta saioaren app berria

Aurten, berrikuntza bezala, Baserria Chatbot sortu dute, programaren jarraitzaileek Facebook eta Instagramen jokatu ahal izango duten joko digital interaktiboa. Joko digital horri esker, programaren zaleak Baserria saioaren unibertsoan murgildu ahal izango dira programaren partaide birtual bezala, eta puntu gehien lortzen duten jarraitzaileek programarekin eta baserriaren munduarekin lotutako sariak irabazi ahal izango dituzte.

Gainera, denboraldi honetan Baserria saioaren aplikazio berezia sortu dute. Bertan, bideoak, lehiakideen txokoa, lehiaketak, inkestak… izango dira ikusgai. Gaur bertan jarri dute app berria martxan, eduki esklusibo batekin gainera: denboraldi berriko lehen 12 lehiakideen izenak. Hauek dira lehen 12 lehiakide horiek: Ainhize Azpiazu, Camilo Astiz, Eneko Elexpuru, Lucía Garmendia, Markel Goikolea eta Naiara Carreto kaletarrak; eta Aitziber Martiarena, Edurne Arribillaga, Haritz Orkarai Petatu, Jokin Urretabizkaia, Miren Aranberri eta Zigor Egaña baserritarrak. Horien guztien inguruko informazioa jada eskuragarri dago aplikazio berrian. Programaren estreinaldia iritsi ahala, beste 12 lehiakideak ere emango dira ezagutzera aplikazioan, irailaren 19a baino lehen.

Orain arte bezala, saioak webgune propioa izango du eitb.eus-en: eitb.eus/baserria. Bertan saioaren inguruko informazio guztia izango da eskuragai: albisteak, bideoak, argazkiak, atalak osorik… Gainera, saioaren atal guztiak ikusgai izango dira, noiznahi eta nonahi, EITB Nahieran plataforman. EITBren YouTube kanalean ere Baserria saioaren edukiak argitaratuko dituzte, tartean asteartetako eztabaida programak.

Sare sozialei dagokionez, presentzia are handiagoa izango du saioaren bigarren denboraldiak: Facebooken (facebook.com/baserriaeitb) eta Twitterren (@baserriaEITB) edukiak partekatuko dituzte eta, berrikuntza gisa, Tik Token kontua (tiktok.com/@baserria.eitbofficial) ere izango du programak. Bertan lehiakideek beraiek grabatutako bideoak ikusteko aukera izango da.

Halaber, debateen aurretik, InstaLive bat egingo dute (instagram.com/baserria_eitb kontuan); eta bi Twitch emanaldi ere izango ditu denboraldiak EITBtwitch kanalean: denboraldi berriko estreinaldian eta final handian.

Joan den denboraldian bezala, Gazteak jarraipen berezia egingo dio realityari, eta astero programako kanporatuak hartuko dituzte Gu saioan. Webgune eta sare sozialetan ere lekua izango du, lehiakideen inguruko eduki bereziekin.

Lehen edizio arrakastatsua

2021eko urtarrilean estreinatu zuten ETB1en Baserria saioaren lehen denboraldia, eta audientziaren babes zabala izan zuen. % 4,7ko ikusle kuota lortu zuen batez beste bere lehen denboraldian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta euskaldunen artean nagusi izan zen % 11,9ko audientzia kuotarekin. Bereziki arrakasta handia izan zuen 25 eta 44 urte bitarteko ikusleen artean. Saioak batez beste 120.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen. Gainera, formatua bere katalogoan sartu du nazioarteko ekoizle eta banatzaile handienetako batek.

Hautsak harrotu zituen, ordea, finalista batek eraman zuen mezuak: Blue lives matter kamisetarekin platora joan zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.