ZIENTZIA

'Crew Dragon' kapsula Lurrera itzuli da

Lurrera itzuli dira Doug Hurley eta Bob Behnken astronautak, ISS Nazioarteko Espazio Estazioan zenbait ikerketa egiten ibili ondoren. Misioak bestelako aro bat ekar dezake espaziorako bidaietan.

Crew Dragon kapsula itsasotik ateratzen. BILL INGALLS HANDOUT / EFE
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 4a
18:44
Entzun

Joan den igandean itzuli zen Lurrera Crew Dragon kapsula, Doug Hurley eta Bob Behnken astronautak ISS Nazioarteko Espazio Estazioan 62 egun egon ondoren. Misioak beste aro bat ireki dezake espaziorako bidaietan. Izan ere, NASAk bederatzi urte zeramatzan espaziora astronautarik bidali gabe; denbora horretan, Errusia behar izan du espaziora astronautak bidaltzeko.


Robert Behnken (ezkerrean) eta Douglas Hurley (eskuinean) astronautak 'Crew Dragon' kapsulan eserita, Lurrera iristean. Bill Ingalls HANDOUT / EFE

Misio horretan, NASAk egiaztatu du Space Exploration Technologies (SpaceX) konpainia komertzialak baduela gaitasuna duela jendea espaziora bidaltzeko —konpainia horren suzirian jaurti zuten Crew Dragon kapsula—, eta horrek beste aro bat ireki dezake espaziorako bidaietan. Alberto Santiesteban Europako Espazio Agentziako industria laguntzaile bateko ingeniari aeroespazialak azaldu duenez, misio horrekin AEBek «autoestimua berreskuratu, bere industria aeronautikoa sustatu, eta atea ireki diote elkarlan pribatuaren aro berri bati».


Kapsula Nazioarteko Espazio Estaziora egokitu zen unea. NASA TV HANDOUT / EFE

Kapsula Falcon 9 espazio suzirian jaurti zuten, maiatzaren 30ean, Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB). Astronautak biharamunean iritsi ziren Nazioarteko Espazio Estaziora, eta, bertan, zenbait ikerketa tekniko eta zientifiko egiten aritu ziren 62 egunez. Lurrari 1.024 bira eman zizkioten. Abuztuaren 2an itzuli ziren Crew Dragon kapsulan Lurrera, eta, 20:48an, Mexikoko golkoan itsasoratu ziren.

Hurrengo jaurtiketa abuztuaren 30ean egitekoak dira; NASAren berezko misioak hasiko dira orduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.