Telesailak

'Eraztunen jauna' telesaila euskarazko bikoizketarekin ikusgai dago Amazon Primen

Telesaila estreinatu eta hiru hilabetera jarri du plataformak bikoizketa. Orain arte, jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ikus zitekeen.

'Eraztunen jauna' telesailaren irudi bat. BEN ROTHSTEIN AMAZON STUDIOS / EFE
2022ko abenduaren 28a
22:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Abenduaren 28an etorri da, Hego Euskal Herrian txantxak egiteko egunean. Amazon Prime plataformaren Eraztunen jauna telesaila euskaraz bikoiztuta ikus daiteke —The Lord Of The Rings: The Rings Of Power, jatorrizko izenean—. Inoiz egin den telesailik garestiena da J. R. R. Tolkienen liburuetan oinarritutako fantasiazko istorioa. Irailaren 2an estreinatu zuten, 30 hizkuntza baino gehiagotara bikoiztuta —besteak beste, katalanera eta galegora—. Amazonek orduan adierazi zuen euskarazko bikoizketa ez zegoela prest, eta «egun batzuk barru» aterako zirela lehenbiziko atalak. Telesaila urrian bukatu zen, ordea, euskarazko bikoizketarik gabe. Azpidatziak, baina, lehenbiziko egunetik izan dira eskuragai.

Atzerapen horrek zeresan handia eman du hilabete hauetan superprodukzio hori euskarazko audioarekin gozatzeko prest zeudenen artean, eta ezinegona ere sortu du, Amazon Primek ez baitu azalpen argirik eman.

Hain zuzen, plataformetako euskarazko edukien katalogoa egiten duen Zer Non Ikusi taldeak txantxa batekin hasi du abenduaren 28a, goizean Twitter sare sozialean idatzi baitu bikoiztutako atalak sarean zeudela, hiru hilabeteko itxaronaldiaren ondotik, baina mezuari atxiki dion lotura batek Mr. Bean pertsonaiaren irudira zeraman. Iluntzean, ordea, ohartarazi du oraingoan benetan ari zela, bikoiztutako atalak Amazon Primen zeudela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.