ETB

'Hondar ahoak' telesaila estreinatuko du bihar ETB1ek

Koldo Almandoz da gidoilari eta zuzendaria. Aktore protagonistak Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi dira.

Telesailaren aurkezpena, Bilbon. EITB
urtzi urkizu
2020ko azaroaren 3a
13:57
Entzun 00:00:0000:00:00

Lau atal izango ditu ETB1eko telesail berriak, eta asteazkenero izango da ikusgai, gaueko prime time-an, 22:30ean. Txintxua Films ekoizpen etxeak ETBrentzat sortutako telesailak thrillerraren eta zinema beltzaren elementuak nahasten ditu. 

Edu Barinaga ETBko zuzendaria pozik agertu da gaur Bilbon, Hondar ahoak-en aurkezpenean, eta esan du emaitzak merezi izan duela. Txintxua ekoiztetxearen, Koldo Almandoz zuzendariaren eta lantalde osoaren kalitatea azpimarratu du, eta zinema telebistara hurbildu ahal izateko eskainitako aukera berezi nahi izan du. Halaber, gaineratu du ETBren asmoa dela datorren urtean fikzioarekin jarraitzea, eta erronka bota die Txintxua etxekoei  "urratutako bideari segida eman diezaioten eta datorren urterako proiektu berri bat aurkeztu dezaten".

Marian Fernandez Hondar ahoak telesaileko ekoizle eragilea bat etorri da lortutako "emaitza ona" nabarmentzerakoan. Talde guztiaren inplikazioa nabarmendu du, eta ikus-entzuleek telesaila nola hartuko duten zain dagoela adierazi.  Hasiera-hasieratik Almandoz zuzendariak eta berak fikzioa Ondarroan (Bizkaia) kokatzea pentsatuta zeukaten, "abiapuntu estetiko eta soziologikora guztiz egokitzen zelako". Erabakiaz ez dira damu, ikusten denez, herriak agertutako inplikazio maila oso handia izan baita, eta laguntza handia, Fernandezek azaldutakoaren arabera.

Nagore Aranburu eta Eneko Sagardoi aktore nagusiek, berriz, aitortu dute ez dutela inongo zalantzarik izan proiektuan parte hartzeko. Lantalde guztiaren kalitatea eta profesionaltasuna gailendu ditu Aranburuk, eta telesaila ikusteko "irrikitan" dagoela esan du. Halaber, genero beltza ukituz "inspektore desatseginaren" rola jokatuta dibertitu egin dela ere azaldu du. Eneko Sagardoi, berebat, "oso gustura" agertu da esperientzia guztiarekin. Aranbururekin lan egitea "ametsa" izan dela azaldu du. Bestalde, Hondar ahoak geruza asko dituen lan bat dela esan du, eta estetikoki eta artistikoki apustutzat jo du.

Hain zuzen ere, Koldo Almandozek hala esan zion BERRIAri, urrian eskainitako elkarrizketa batean: «Gurea eta bereizgarria den geruza bat gehitu diot generoari».

Intrigazko istorio bat

Telesailaren trama nagusia euskal kostaldeko herri batean garatzen da, arrantza portu garrantzitsu baten inguruan. Marinelen usadio batek dio itsasoko sekretuak lurrean kontatzen dituenari ahoa hondarrez beteko zaiola, itsasotik lurrera eramandako hitzek urratsak uzten dituztelako.

Nerea Garcia (Nagore Aranburu) inspektorea arrantza portu batera bidaltzen dute patroi baten desagerpena ikertzera. Alex (Eneko Sagardoi) herriko agentearen laguntza izango du lan horretan. Berehala jabetuko da ez dela ohiko desagerpen bat eta ezer ez dela dirudien bezalakoa. Ezin da aldez aurretik jakin iraganak zer ekarriko duen.

Aranbururekin eta Sagardoirekin batera, Iñaki Beraetxek, Sara Cozarrek, Ainhoa Artetxek eta Iraia Eliasek osatzen dute aktore taldea. Joxean Bengoetxea, Mikel Tello, Asier Hernandez eta Pako Revueltas aktoreek ere parte hartzen dute telesailean. Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr jatorri senegaldarreko aktore ez-profesionalek ere presentzia garrantzitsua dute istorioan.

Koldo Almandozen ohiko kolaboratzaileak aritu dira lantalde teknikoan: Javier Agirre argazkilaritza zuzendaritzan, eta Alazne Ameztoi eta Xanti Salvador zuzeneko soinuan. Arte zuzendaria Ane Arteaga izan da; bigarren unitatea Asier Altuna zinemagilearen esku egon da. Musika Aitor Etxebarriak sortu du. Muntaiaren arduradunak, berriz, Laurent Dufreche eta Demetrio Elorz izan dira.   

Telesaileko lau atalak abuztuan grabatu zituzten, Ondarroan. Almandozek zuzentzen duen lehen telesaila da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.