Mastodon sare sozialak bi milioi erabiltzaile baino gehiago ditu mundu osoan, eta berezitasun ugari ditu Twitter, Facebook eta beste sare sozial batzuen aldean; software librea denez, sare deszentralizatua da. "Milaka Mastodon daude, eta bakoitza komunitate batek sortua da. Aldi berean, komunitateak lotuta daude", esan du Asier Iturralde Iametza enpresako programatzaileak. Interneteko euskal komunitatearen eskutik, martxan da jada Mastodon.eus, sare sozialaren euskal instantzia. "Ostiralean zabaldu genuen izen ematea, eta, dagoeneko, 400 erabiltzaile baino gehiago daude", esan du Iturraldek. Bilbon aurkeztu dute gaur Mastodon.eus, eta aurkezpenean parte hartu dute PuntuEUS fundazioko Josu Waliñok, Talaios kooperatibako Gorka Juliok, Iametza enpresako Eli Pombok eta Iturraldek berak.
Sortzaileen tartean dira PuntuEUS fundazioa, Azkue fundazioa, Talaios kooperatiba, Iametza eta Dinahosting enpresak eta Librezaleko aktibistak. Erabiltzaileei informazioa eta izena emateko erraztasun guztiak emateko, https://kaixo.mastodon.eus webgunea sortu dute. Waliño pozik mintzatu da aurkezpenean: "Mastodon.eus euskal erabiltzaileen komunitatearen esku gelditzen da, eta komunitate horrek erabakiko du Mastodon.eus zer izango den eta nola osatuko den aurrerantzean".
Iturralderen arabera, Mastodon sare sozialean erabiltzailea pertsona bat da, ez da produktu bat. "Ez dago ordaindutako iragarkirik eta zure datuekin ez da meatzaritzarik egiten". Komunitate bakoitzak egin ditzakeen aldaketen artean emotikono berriak sartzeko aukera dago; hala, euskaldunen instantzian ikurrinaren sinboloa sartu dute, baita ahobizi eta belarriprest figurena ere. "Joango gara emotikono berriak jartzen, euskaldunen eskaerei erantzunez", gaineratu du Iturraldek.
Euskal Herriko edozein taldek aukera izan dezake Mastodonen bere instantzia propioa sortzeko.