Komunikazioa

'Nós' egunkariaren zero zenbakia plazaratu dute

Urtarrilaren 2an hasiko dira egunero argitaratzen galizierazko egunkari bakarra.

Erredakzioko langileak, zero alea aurkezten. NóS DIARIO
Edu Lartzanguren.
2019ko abenduaren 2a
09:39
Entzun

Gai kimikoak garraiatzen dituen Blue Star ontziak Aresko itsasadarrean (Galizia) hondoa jo duela, eta abenduaren 12an irakaskuntzan egingo duten greba nabarmentzen ditu Nós Diario egunkariak lehen azalean. Asteburuan aurkeztu zuten Pontevedran galizierazko egunkari bakarra izango denaren zero zenbakia.

«Egun, Galizian ez dugu prentsa idatziaren hedabide sistemarik, hemengo kazetek Madrilgo agenda inportatzen baitute, eta gazteleraz», esan zuen Maria Obelleirok Nós Diario egunkaria izango denaren zuzendariak, urrian. Galizierazko paperezko egunkaririk ez izatearen «anormaltasun historikoa» hautsiko du kazetak.

Sermos Galiza astekari eta Interneteko atari hori da egunkariaren ernamuina. Abenduaren amaiera arte argitaratzen jarraituko dute, baina, urtarrilaren 2tik aurrera, Nós Diario-ren asteburuko gehigarri bihurtuko da, larunbatetan txertatzekoa.

Gaur-gaurkoz, Galizian ez dago, Sermos Galiza astekariaz gain, galizierazko beste kazetarik paperean.

Galiza atala izango da handiena egunkarian. Horretan, politika, gizartea, hezkuntza, ingurumena eta «feminismoak» landuko dituzte, zuzendariak azaldu duenez. Internacional sailean, Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Espainiako, Europako eta munduko albisteak landuko dituzte. Traballo deituko diote ekonomia gaiak lantzeko sailari. Kulturaz eta agendaz arduratuko da beste sailik handienetako bat.

Nós Diario-k kolorezko 32 orrialde izango ditu. Asteartetik larunbatera argitaratu dute, baina Interneteko bertsioa egunero berrituko dute. Hainbat harpidetza mota eskaini dituzte; besteak beste, Interneten bidez paperezko kazetaren edukiak irakurtzeko aukera emango dute egunean 56 zentimoren truke, albistegi digitalaren urteko harpidetza eginez gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.