Dagoeneko gainean dira Eguberriak: kaleko argiak piztuak dira jadanik, opor usaina ere gerturatzen ari zaie batzuei, eta gaztetxoenek ere klaseak amaituko dituzte laster. Izango da, agian, ahotsa findu eta Eguberrietako abesti ohikoak praktikatzen hasi denik ere. Horretan aritu dira, behintzat, Goazen telesaileko aktoreak: Olentzero abesti ezagunaren bertsio bat egin dute, Eguberriak ospatu eta telesailaren jarraitzaileei egun zoriontsuak opatzeko.
Eguberrietako argiz eta elementu koloretsuz inguratuta ageri dira bideoan, txoko guztiak testuinguru horren aitzakian apainduta. Aktoreak ere urte sasoiarekiko sintonian jantzita azaltzen dira, Eguberriak iristear direnean saltoki askotan arrakasta izaten duten jertse marrazkidun eta jostalariak soinean dituztela. Eta, noski, instrumentuak ere ez dituzte falta izan.
Dirudienez, gainera, entseatzeko ere baliatu dute grabaketa; izan ere, kantu horixe bera abestuko dute abenduaren 24an egingo duten Goazen Gabonetan telebista saio berezian. Iker Lauroba musikariak egin du kantu herrikoiaren moldaketa, eta abenduaren 24ko saioan entzungai izango diren bertsioen moldaketa guztiak ere hark egin ditu.
ETBk Gasteizen agurtuko du urte zaharra
Aurten, ETBk Gasteiz aukeratu du 2021. urteari agur esateko. Plaza Berritik egingo du «urteko emanaldirik bereziena», eta ETB1 eta ETB2 kateetan emango du, kate bakoitzean aurkezle jakin batzuen gidaritzapean. ETB1 katean, kasurako, Yerai Diez Gaur egun albistegiko aurkezlea, Ainhoa Etxebarria Zurekin bat lehiaketa saioko aurkezlea eta Aitziber Garmendia aktore eta aurkezle ezaguna izango dira gidaritza lanetan. Kanpaien ondoren, su festa batekin emango diote hasiera urte berriari.