2018ko saio eta eduki berriak aurkeztu ditu gaur ETBk, Donostian. Berrikuntzen artean, literatur saio berri bat egongo da: Arte[faktua]. Yolanda Mendiolak zuzendu eta aurkeztuko du, otsailaren 3tik aurrera. Saioaren ardatz nagusia elkarrizketa bat izango da, idazle batekin. Berrikuntzak, irakurle eta liburu saltzaileen gomendioak eta booktuberrenak agertuko dira. ETBk berak ekoitziko du saioa. Larunbatetan emango dute, 15:00etan.
Beste berrikuntza bat Sagak saioa izango da. Euskal Herriko familia ezagunak ditu ardatz, belaunaldiz belaunaldi diziplina bati eutsi dioten dinastiak. Kike Amonarrizek aurkeztuko du, hilaren 17tik aurrera. Baleuko ekoizpen etxeak egingo du —Ur handitan saioa ere egiten du egun ETB1entzat—.
Ibon Gaztañazpi kazetaria, bestalde, Gailurra Xtreme Perdido saioan murgilduko da ostegunetik aurrera. Gari Aristegi medikua eta Alberto Aierbe mendiko aditua izango ditu bidelagun. Hamabi lagunekin batera, GR11 ibilbidearen zati bat egingo dute, Pirinioetako Monte Perdidoraino (Aragoi, Espainia). Batez beste, 42 kilometro egingo dituzte jardunaldi bakoitzean.
Igande honetatik aurrera, bestalde, ETB1ek Merli telesail katalana emango du.
Edu Barinaga ETBko zuzendariak iragarri duenez, iluntzeko Gaur egun albistegiaren aurretik emateko saio bat ari dira prestatzen. "Euskal Herria zuzenean saioaren antzekoa izango da, baina beste lantalde batekin". Aste batzuk itxaron beharko dira saio horren estreinaldia iritsi arte.
'3txulo' itzuliko da, ETB3ra
ETBko zuzendariak aurkezpenean azaldu du 3txulo haurrentzako saioa ez dutela kendu. «3txulo berritu bat aurkeztuko dugu laster, eduki berriekin. Martxotik aurrera jarriko dugu martxan, ETB3n».
ETB2n abian da jada El conquistador del Caribe saioaren hamalaugarren denboraldia. Hilaren 17tik aurrera, El Conquis-en eztabaidak hasiko dira.