Laugarren Irakurraldi Publikoa egingo dute gaur, Hendaiako Mediatekan (Lapurdi). Akelarre elkarteak antolatu du ekitaldia, euskaraz irakurtzeko ohitura bultzatzeko, eta, aurtengorako, Itxaro Borda idazlearen Boga, boga eleberria aukeratu dute. Goizeko hamaiketan hasiko dira irakurtzen, eta, denera, 109 pertsona arituko dira, bina orri irakurtzen. 20:00etarako amaitzea espero dute antolatzaileek.
Bordaren bosgarren eleberria da Boga, boga. Amaia Ezpeldoi detektibearen gorabeheren bitartez, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako politika eta kultura azken 30 urteotan nola aldatu diren azaldu nahi izan zuen idazleak. Baionako jaietan, 1985ean, galduriko neska baten bila dabil Ezpeldoi eleberrian. Zuberoatik urrun, eleberri horretan, batez ere kostaldean dabil ikertzailea.
Ezpeldoi erabiltzen du Bordak Euskal Herriari buruz idazteko, gertaera indibidual eta kolektiboen bitartez. Liburua idazteko, Alemaniara joan zen egilea. Wiesbadenen ekin zion, Akitania eta Hessen eskualdeen lankidetza itunaz baliatuta. Euskal Herriko argazkirik ez zuen eraman, bai, ordea, euskal musikaz beteriko disko bat. Eragina izan zuen horrek eleberrian, atal guztietan musika talde bat edo abestiren bat aipatzen baitu. Euskal Herrian, «agerian edo gordean» bizi diren lesbiana, bisexual eta transexualei eskaini zien Bordak liburua.
IRAKURRALDIA
Noiz. Gaur, 11:00etan hasita.
Non. Hendaiako Mediatekan.
109 lagun, Borda irakurtzeko
Itxaro Bordaren 'Boga, boga' eleberri beltza ozen irakurriko dute gaur, Hendaiako Mediatekan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu