Komunikazioa

12 ordu Zintzilik-en alde

Zintzilik Errenteriako irrati librearen aldeko jaialdia egingo dute bihar, Trintxerpeko Mogambo aretoan

Dirua biltzeko jaialdia antolatu du Zintzilik irratiak. Irudian, 25. urteurreneko irratsaioa. ERIK  GARTZIA / OARSOALDEKO HITZA.
Adrian Garcia.
2013ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Badira ia 29 urte Errenteriako (Gipuzkoa) Zintzilik irrati libreak uhinak igortzeari ekin ziola. Garai hartan Euskal Herrian sortutako beste irrati libre askoren antzera, pil-pilean zeuden hainbat mugimenduren bozgorailu izateko xedez jaio zen.

Zintzilik irratiak hamabi orduko jaialdia antolatuko du biharko, Trintxerpeko Mogambo aretoan (Gipuzkoan). Irrati librearen lagun guztiak biltzea espero dute, eta horrela, irratiak aurrera egiteko beharrezkoa duen dirua jasotzea. Horixe baita egitasmoaren helburu nagusia. Izan ere, beste irrati eta hedabide libreen antzera, botere ekonomikoen menpe ez egoteak ezaugarritzen du Zintzilik, eta aurrera egiteko jendearen babesa beharrezkoa zaie.

«Irratiko lana militantzia da». Aitor Sarasua Zintzilik-eko esataria da, eta irratiak egiten duten lana «baliagarria» dela deritzo, ohiko hedabideetatik kanpo geratzen diren gaiak landu baitaitezke. «Horrez gain, asko ikasten duzu; irratian, mikrofono eta tresnekin trebatzen zara». Bost bat urte daramatza irratian, eta Erretegia albistegi saioan egiten du lan.

Irratiaren funtzionamendua erabat horizontala dela dio. «Gure gainean ez daukagu inongo botere ekonomikorik, politikorik edo erlijiosorik; ez digu inork egin beharrekoa agintzen. Guk geuk hartzen ditugu erabakiak».

Modu horretara, interesgarriak deritzoten gaiak lantzeko askatasuna dutela dio: «Jaizkibelgo superportua, abiadura handiko trena, etxe kaleratzeak... gure esku dago». Bestetik, jende askori euren gaiei buruz hitz egiteko aukera ematen diete, herritarren ekinaldiei irekia baitago Zintzilik. «Adibidez, baten bati literatura asko gustatzen bazaio, horri buruzko saio bat egin dezake».

Giro onean igarotzeko jaialdia

Biharkoa giro onean eta ondo pasatzeko jaialdia izango dela ziurtatu dute. Denetik egongo da: antzerki emanaldiak, kontzertuak eta disko jartzaileak. 18:00etan irekiko dituzte Mogamboko ateak, eta hurrengo eguneko 06:00 arte iraungo du festak. Horrenbeste denboran ere izango da indarrak berritzeko aukera; erabat barazkijalea den otordua eskainiko dute. Bost eurotan jarriko dituzte salgai sarrerak.

Javi Barandiaran Pedradasek eta Teatro Que Madura antzerki konpainiak antzezlan banarekin hasiko dute jaialdia. Azken konpainia horrek Sobrevivir en un vaso antzezlana aurkeztuko du lehen aldiz jendaurrean. Javi Barandiaran Pedradasek, berriz, No estoy para nadie bakarrizketa antzeztuko du, eta Espainiako polizia baten gorabeherak kontatuko ditu.

Antzezlanaren ondoren indarrak berritzeko, afari barazkijalea eskainiko dute. Musika emanaldiak afari ondorengorako utziko dituzte. Oarsoaldeko hiru talde arituko dira: Kasernarat, Incognita eta Ixuriak. Kontzertuen ostean, goizeko ordu txikiak arte musika elektronikoa dantzatzeko aukera izango da. Horretarako, bi disko jartzaile gonbidatu dituzte: DJ Kx eta DJ Love Boat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.