Aimar Lopez ikasle gazteak hilabete batzuk daramatza kolaboratzen Antxeta irratiarekin —Hendaia-Hondarribia-Irun—. Jon Muruaga eta Esteban Bastie lagunak irratsaio propio bat sortzeko konbentzitu zituen duela gutxi, eta Gazte Begiz estreinatu dute berriki. Urriaren 4an eman zuten Euskal Irratiek lehen emankizuna, eta, hemendik aurrera, hilean behin entzun ahalko da. Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleak dira hiru esatariak. 16 urte baino ez dituzte, baina gogoz hartu dute irratsaioaren ardura.
Euskal Irratietako zuzendaritzakoek deitu zieten esatariei, Ipar Euskal Herrian gazteen saiorik ez zela ohartarazteko. «Lotsapixka batekin, aitzina segitu dugu. Helburu nagusia une goxo baten pasatzea dugu. Baina Euskal Irratiak eskualdean gehien entzuniko sareetan bigarrena izanik, gazteon ahotsa entzunaraztea nahiko genuke», azaldu du Lopezek. «Gazte antolakundeen borrokaz harago, gazteon eta ikasleon arazoak uhinetara zabaldu, eta pixka bat pentsarazi nahiko genuke. Entzuleei irribarre bat ateratzen ere saiatuko gara».
Lopezek berak egiten ditu saioan gidari lanak, musika kronikaria izateaz gain —hilero musika munduko berrikuntzak aipatuko ditu—. Bastie teknologia berrien zalea da. «Lotsa galtzea erraza egiten zait», esan du. Sare sozialetan jazotzen denaren analisia egiten du Bastiek. Muruaga, berriz, eskubaloi jokalaria da. Orain arte, irratiko mikro baten aurrean jarri gabe zegoen, baina ari da trebatzen. Kirol kronikaz arduratzen da, eta kirol bitxiak eramango ditu saiora hilean behin. Aurreneko atalean, adibidez, tresboxing-az aritu zen —boxeoa eta xakea nahasten dituen kirola, Errusian sortua—.
Lopezek nabarmendu du gazte orori mikrofonoak ireki nahi dizkiotela. «Beraz, zernahi kontatu nahi duen edonor ongi etorria izango da Gazte begi-n». Nahiz eta oraindik ez duten erabat finkatu saioaren filosofia, esatariek argi dute zer lortu nahi duten. «Gure artean dugun giro ona kutsatu nahiko genioke uhinen bertze puntan dagoen entzule horri, guk egiten ditugun irriak bereak egitea, eta gure hausnarketak berak ere hausnartzea. Bestalde, nahiko genuke jendeak Gazte begiz erabiltzea bere bizipen, gazte problematika edo kontu irrigarriagoak zabaltzeko».
Bilkura Gure Irratian, gaur
Lopezek iragarri du datozen hilabeteetan elkarrizketak egiten ahaleginduko direla, kirolariekin, musikariekin eta gai desberdinetako adituekin. «Urte bat dugu aitzinetik, eta saiatuko gara tarteka emankizunari berrikuntzak ematen». Gazteekin feed-back-a lortu nahiko lukete, sare sozialen bidez.
Gure Irratiak, bestalde, bilkura publiko baten deia egin du gaurko Uztaritzeko (Lapurdi) egoitzan, 10:30ean. Irratiaren etorkizuna, eginbeharrak, oharrak, kritikak eta nolako irratia nahi den eztabaidatu nahi dute entzuleekin. Gonbita herritar guztiei egin diete. Bilkuraren ondotik aperitifa izanen da.
16 urteko hiru mutilen ahotik
Euskal Irratiek 'Gazte begiz' saioa estreinatu dute. Bernat Etxepare lizeoko ikasleak dira hirurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu