1918ko gripea

Duela 90 urteko martxoan agertu ziren 1918ko gripearen lehen kasuak AEBetan; milioika lagun hil zituen eta historiako pandemia hilgarrienetako bat izan zen Euskal Herrian ere.

Irune Lasa.
2008ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bordaxarren Saturnino ez beste danak gaixotu ziran. Danak, gaitza menderatu eta onik atera ziran. Ama, ordea, aur egin berri samarra baitzegoan, danetan aulen uraxe arrapatu zuen ta ura eraman. Ogei ta emezortzi urte zituan. Senarrarentzat naigabe ura zer izango zan, ez dao esaterik. Ta, bertsolaria izanik, bertsoak jarri zituan».(2. eta 4. bertsoak):



Nere sentimentuak

biar ditut esan,

suerte txarrerako

mundu ontan izan:

gripek arrapatuta

emaztia il zan,

errezatutzen diyot

al dedana elizan,

beratzi semerekin

alargundu nitzan.



Goguak ematen dit

adieraztia

nola gelditu zaidan

famili gaztia;

nik esan ditudanak

gezurrak eztia,

gripe arrapatuta

hil zan emaztia,

oraingo bertsu oiek

franko penaz tia.





Bere bederatzigarren haurra izan eta 40 egunera, 11ko otsailaren 28an, hil zen Errenteriako Bordaxar baserrian Maria Kontzezion Ezeiza, Jose Zapirain bertsolariaren emaztea. Bi hilabete lehenago hil zen Mikaela Telleria, Joseren anaia Juan Kruzen emaztea. Biak gripeak eraman zituen. Artxiboak, bertsoak, egunkariak eta hainbaten oroitzapenak dira, munduan izan den pandemia larrienetako bat lekukoak Euskal Herrian.

1918ko gripearekin euskal herritarren %55-60 gaixotu ziren. 15.000 lagun hil ziren, zuzenean gripeagatik edo hark eragindako arnas aparatuko gaixotasunengatik. 15.000 hildako 11 hilabetetan, gehienak lau hilabeteko tartean. Zenbaki izugarriak dira. Zer izango zen gaur egun gaitz batekin euskal herritarren erdia gaixotzea eta 15.000 lagun hiltzea? Euskal Herriak gaur egun ia hiru milioi biztanle ditu; 1918an biztanleria ez zen 1,3 milioi lagunera iristen.

Europara Lehen Mundu Gerrara etorri behar ziren soldaduak hartzen zituen Fort Riley gotorlekuak Kansasen, AEBetan. Duela 90 urte, martxoaren 4an, Camp Funston soldadugai zelaian antzeman omen ziren lehen kasuak. Gaitzari gripe espainiarra esango zioten gerora, eta oso ezaguna egin zen: urtebete eskasean, hiru uholderekin, 30 milioi lagun hil ziren mundu osoan.

Hainbat iturriren arabera, pandemiaren larritasuna izugarria izan zen zenbait lekutan: 1918ko abuztuaren 27an iritsi zen Sierra Leonako hiriburu Freetownera; irailaren bukaerarako biztanleen %3 hil zituen. Ghanan, biztanleen %5 hil zirela diote iturri batzuek. Samoan %23 izan omen ziren hilak, eta Kanadan eta Alaskako inuit herri bakartu batzuetan herritarren ia %100 hil zen. Ia iturri guztiak bat datoz datu batean: gizateriaren erdia baino gehiago, %55, gaixotu zen gripearekin.

Haur txikiei, adinekoei eta gaixoei eragin beharrean, jende gaztearengan eta helduengan eragin gehiago zuen gaitzak. Ohikoa zen familia bereko kide guztiak hiltzea gaixotasunarekin.

Neguan zabaldu beharrean, udaberrian sortu zen lehen uholde epidemikoa eta uda amaieratik udazkenera arte bigarrena, hilgarriena; hirugarrena eta azkena 1919ko udaberrian hedatu zen. Eta, ez aste baten bueltan sendatzen. Zenbaitetan, lehen sintomak goizean agertu, eta iluntzerako gaixoa hila zen.



LEHEN UHOLDEA. Lehen uholdeko gripeak antz handiagoa zuen ohiko gaixotasunarekin. Baina, bigarren saldoan gaitzaren basakeria eta bizkortasuna izugarria izan zen. Hemorragiak eragiten zituen, birikak odolez bete eta hainbatetan bizpahiru egunetako herio mingarriaren ondoren hiltzen zuen gaixoa, itota. Beste asko gripeak berak ez baina harekin lotutako gaixotasunekin -batez ere arnas aparatukoak- hil ziren, hala nola pneumoniekin eta bronkopneumoniekin.

Martxoan AEBetan antzeman bazen, apirilean jada Europan zen gripea, soldadu estatubatuarrekin batera etorrita, Frantzia eta Bretainiako kostaldean eta Erroman. Gaitzaren lehen uholdea hegoaldetik eta Lisboatik sartu zen Iberiako Penintsulara; Glasgowtik Erresuma Batura, Atenastik Greziara eta hegoaldetik Albaniara. Toki horietatik abiatuta, Europako bazter guztietaraino hedatu zen. Euskal herrian, epidemiaren lehen saldo horrek ez zuen horrenbesteko eragina izan.



BIGARREN UHOLDEA. Uda etorri zen eta gaitza baretu egin zela dirudi. Baina udazkeneko euriekin atzera agertu zen gripea, eta bigarren uholde hori izugarria izan zen. Europa eta Afrikako atlantiko kostaldean abiatu zela dirudi. Euskal Herrira iparraldetik iritsi zen.

Anton Erkorekak eta EHUko medikuntza fakultateko ikasle talde batek egindako ikerketa lan bati eta handik sortutako liburu bati -La pandemia de gripe española en el Pais Vasco (1918-1919)- esker dakizkigu 1918ko gripe pandemiak Euskal Herrian izan zituen ezaugarriak.

Gaixotasunaren ibilbidea argia izan zen, iparraldetik hegoaldera. 1918ko abuztuaren amaieran hasieran agertu ziren lehen kasuak Irunen. Irailean gehienak eta urrian gutxiago, irundarren %1 hil zuen gaixotasunak. Agintariak saiatu ziren pandemiari garrantzia kentzen, baina hainbat neurri hartu zituzten azkenean. Desinfekzioak, higiene hezkuntza eta isolatze neurriak jarri ziren abian. Irailaren 24an muga itxi zen.

Argi ikusten da egun gutxitan nola zabaldu zen gaitza Gasteizeraino N-1 errepidea erabiliz. Kostako herrietan, Getariatik Plentziaraino, barneratzeko denbora gehixeago behar izan zuen eta azaroan hartu zuen indar handien. Beste horrenbeste gertatu zen toki menditsuetan ere. Zeanuriko zaharrek oraindik gogoan dute egun bakarrean, halako herri txikian, zazpi lagun lurperatu zituztela.

Hirugarren oldea ez zen epidemia izatera iritsi Euskal Herrian, gehiago izan zen gaitzaren pizkundea eta inportantzia gehien bigarren saldoak indar gutxi izandako tokietan hartu zuen, 1919ko urtarriletik martxora bitartean. Gaitza berrizagertuko zen, 1920ko lehen hilabeteetan; baina oraingoan ez zuen aurrekoen larritasuna izango. Pandemia apaldua zen ordurako.



'Gripe espainiarra'

1918ko gripea bezala ezagutu zen Euskal Herrian. Baina munduan gripe espainiarra izena hartu zuen. Spanish Influenza, Spanish Flu, Spanish Lady, Grippe espagnole, Gripe Española. Dirudienez izena egunkarietatik datorkio. Lehen Mundu gerrarengatik zentsura ohikoa zen komunikabideetan, baina ez zen horren indartsua Espainian, eta gaitzaz zabalen han hitz egin zen.

Izan dira izenean beste herritartasuna duten beste gaitzak, gripeei dagokienean ere: 1946-1947ko epidemiari Gripeitaliarra deitu zitzaion; 1957-1958 pandemia gogorrari Gripe asiarra; eta Hong Kongeko gripea (1968-1970) eta Gripe errusiarra (1977-1978) etorriko ziren gero.





Gerta al daiteke berriz?

Urteetan gripea gizakira txerrietatik igaro zela uste bazen ere, ikerketek argi utzi dute 1918ko gripea hegaztietatik etorri zela.
i.l.

Donostia

Alaskako Brevig Mission herriko 80 biztanleetatik 72 hil ziren 1918ko azaroaren 15 eta 20 a bitartean. Permafrostean zegoen hobi komuna eta handik, inuit emakume baten hilotzeko biriketatik, lagina atera zuten zientzialariek. Hortik eta beste lagin batzuetatik birusaren RNA berreskuratu zuten, DNA bilakatu eta sekuentziatzeko. Sekuentziarekin birusaren DNA sintetizatu zuten beste laborategi batean eta birus partikulak erdietsi. Reid, Fanning, Hultin eta Tautenberger zientzialariei esker berpiztu zen atzera 1918ko gripea.

Horrela ikusi ahal izan zuten gaitzaren hilgarritasuna: bost egunetara gaitzarekin injektatutako sagu eta oilasko guztiak hil zituen. Garai batean birusa zerrietatik etorri zela uste zen. Errazagoa da ere txerrien birus batek gizakietara jauzi egitea. Baina birusa berpiztuta, 1918koa hegaztitik etorritakoa zela ikusi ahal izan zuten.

Hegazti gripea zen bai. Orduko pandemia gizakitik gizakira kutsatu zela uste da, baina badira datuak galdera zenbait pizteko adinakoak, eta hala uste du Erkorekak. Esaterako, Madrilen eta Parisen eta Balear Uharteetan une berean izan ziren hildakoak, eta Urdaibai inguruetan gripe bolada okerrena, Euskal Herriko toki gehienetan ez bezala, 1919ko urte hasierakoa izan zen.

Eta, orain Asia aldetik zabaldu dena hura baino hilgarriagoa da. 1918koak 1.000 biztanleetatik 12 inguru hil zituen. Eskuineko taulan ikus daiteke A/H5N1 gripeak gaixotutako erdiak hil egiten direla.

Kutsatutako hegaztien inguruko hegazti guztiak hiltzea da A/H5N1 birusaren aurkako neurrietako bat ;Alemanian, esaterako, hori egin da. Frantzian, aldiz, etxeko hegaztiak, antzarak adibidez, txertatzeko erabakia hartu dute. Denborak esango du orain arteko kontrol neurri horiek nahikoa izango diren gaitzari eusteko.





HeGazTI GrIPea

A/H5N1 hegazti gripearen kasuak gizakietan (2003-2008)



KASUAK HILDAKOAK

Azerbaijan 8 5

Kanputxea 7 7

Txina 30 20

Djibuti 1 0

Egipto46 20

Indonesia 129 105

Irak 3 2

Laos 2 2

Myanmar 1 0

Nigeria 1 1

Pakistan 1 1

Thailandia 25 17

Turkia 12 4

Vietnam 105 51

Guztira 371 235

*OME Osasunerako Mundu Erakundearen datu ofizialak (2008ko martxoaren 5era artekoak).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.