2011koak ziren zortzi abizenak

'Allí abajo' telesailaren hainbat eszena grabatu dituzte aste honetan Donostian. Euskal aktore ugari ari dira lanean umorezko fikzioan. 2015eko martxoan estreinatuko du Antena3 kateak.

Iker Galarza, Gorka Aginagalde eta Oscar Terol atzo Donostian Allí abajo telesailaren grabaketan. GORKA RUBIO / ARP.
urtzi urkizu
Donostia
2014ko abenduaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zinema aretoak bete zituen Ocho apellidos vascos filmak —56 milioi euro bildu zituen—. Antzerkira egingo du istorioak jauzi urtarrilaren 15ean, Madrilgo Marquina antzokira, Más apellidos vascos izenarekin. Eta martxoan, Antena3ek Allí abajo telesaila estreinatuko du, non Iñaki izeneko euskaldun bat (Jon Plazaola) amarekin Sevillara (Espainia) joan eta hango emakume batekin (Maria Leon) maiteminduko den. Telebistako proiektuaren ideia, ordea, filmaren aurrekoa dela gogorarazi du Oscar Terolek: «2011ko irailean enkargatu zidan proiektua Plano a Plano ekoizpen etxeak. Telesaila diseinatu genuen, eta prozesua hiru urtez luzatu da. Kateek erabakitzen dute telesailak noiz grabatu, eta sortzaileek zain egon behar dugu». Ocho apellidos vascos-en arrakasta ikusita, «kulturen arteko kontrastearen bidetik» jarraituko dute telesailean. Terol da gidoilarien koordinatzailea, eta pertsonaia bat ere interpretatzen du —Iñakiren kuadrillako bat—. Terol, Gorka Aginagalde eta Iker Galarza eszena umoretsu bat grabatzen izan ziren atzo Donostiako kaian, handik pasatzen zirenen harridurarako. Igeldon ere egin dituzte egunotan kanpoko grabaketak —40 langile etorri dira Sevillatik—. Lehen bi atalak Sevillan grabatu dituzte, eta orain berriz Andaluziara itzuliko dira. Sevillan, han behean, Kaiak euskal tabernaren platoa dute jarria.

Telesaileko beste euskal aktore bat Iker Galarza da. «Peio naiz ni, Iñakiren laguna, kuadrillako isilena. Sevillako grabaketetakoa esperientzia ona izan da, oporretara joatea bezala». Gidoiez aparte, telesailean kolorea eta fotografia oso zainduta daudela nabarmendu du. Nahiz eta kasu honetan Antena3erako aritu, Galarzak ez du asmorik Madril aldera joateko: «Euskal Herrian lana daukagun bitartean hemen geldituko naiz. 22 urte banitu, agian joango nintzateke abenturara...».

Telesaileko protagonista nagusia Jon Plazaola da. Grabaketen giroa «paregabea» dela nabarmendu du: «Ametsetan bezala gaude». Ocho apellidos vascos filmeko aktore Dani Rovirarekin konparatuko ote duten beldurrik ez du: «Hala bada, ohore bat litzateke. Ocho apellidos vascos-en konparaketa hor egongo da, eta gure alde joka dezake. Allí abajo ikusten dutenek gauza gehiago aurkituko dituzte: maitasun istorioaz gain, kontrasteak, desadostasunak eta giza harremanak daude. Pertsonaien izaerak aukera emango die ikusleei haiekin enpatizatzeko».

Pertsonaien erdiak dira euskaldunak, eta aktore taldean dira Ane Gabarain (protagonistaren ama), Alazne Etxebarria, Maribel Salas eta Santi Ugalde, besteak beste. Terolek dio kontzienteki telesailak ez duela ezer Vaya semanita-tik, baina aitortu du euskal munduaren bere ikusmoldea telesailean dagoela. «Gure umorea hor dago».

Grabaketan bati eta besteari aginduak emanez, Iñaki Mercero zuzendaria —Antonio Merceroren semea— zebilen: «Grabaketak zoragarri doaz: oso dibertigarri». Ocho apellidos vascos-en izan zuen arrakasta errepikatzea espero du. «Errepikatu edo handitu. Dauzkagun gidoiekin eta aktoreekin, osagai guztiak ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.