ana galarraga aiestaran
Elhuyar zientzia

2024rako iragarpenak

2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Urte amaieran atzera begirako mugarriak biltzea bezain ohikoa da urte berrirako aurreikuspenak egitea. Azken hori egin du Nature aldizkari zientifikoak, eta, espero izatekoa zen bezala, adimen artifiziala jarri du lehen lekuan. Hala ere, ez du erabateko iraultzarik aurreikusten; aitzitik, aurretik zeresana eman duten teknologien hobekuntzak iragarri ditu: hizkuntza-eredu sortzaileak (ChatGPTaren erakoak), molekulen egiturekin erlazionatutakoak (proteinak, esaterako), eta lege eta araudiekin lotutakoak.

Bigarren lekuan astronomia aipatzen du aldizkariak, eta arlo horretan bai iragartzen ditu berritasunak. Izan ere, 2024an bi behatoki jarriko dira martxan Txilen. Batak materia ilunaren existentzia proposatu zuen astronomoaren izena darama, Vera Rubin, eta orain ezagutzen ez diren fenomeno trantsitorioak eta Lurretik gertuko asteroideak aurkituko dituen itxaropena dute. Bestea Simons behatokia da, eta 2024an hasiko da grabitazio-uhinen arrastoen bila.

Osasunari ere erreparatu dio, nola ez. Hasteko, eltxoak genetikoki eraldatzeko egitasmo bat abiatuko da, gaixotasunak transmititzea galarazteko, hala nola zika eta dengea. Eta ez du ahaztu COVID-19a. Hain zuzen, txertoetan zein hurrengo pandemien prebentzioan lanean jarraitzen dute zientzialariek. Hor ere aurrerapenak izango direla aurreikusten du.

Ilargirako misioak datoz hurrena: NASA buru duen Artemis misioa, hau da, lehen emakumea eta lehen pertsona arrazializatua Ilargiaren azalera eramateko asmoa; eta Txinako misioa, Ilargitik laginak jasotzeko.

Nature-k, baina, ez du aipatzen bien artean dagoen lehia. Izan ere, Txinak ere badu gizakia Ilargira eramateko asmoa, eta NASAren aurreikuspenak behin eta berriro atzeratzen ari dira. Besteak beste, Elon Musken suziria erabiltzeko asmoa du, baina oraindik ez dago prest. Aldiz, Txina pausoz pauso ari da jarraitzen Ilargirako bidea. Ez litzateke harritzekoa izango 2024an lehia horren kapituluren bat ezagutzea.

Ilargiaren ondotik, materia beltza eta giza kontzientziari buruzko afera zientifiko-filosofikoak zerrendatu ditu aldizkariak, eta haien atzetik dator ingurumenarekin, klimarekin eta poluzioarekin lotutako aurreikuspena. Gai hauek zerrendaren zein lekutan ageri diren kontuan izanda, ezin da itxaropen handirik izan, nabarmen geratzen baita ez zaiela lehentasunik emango.

Ordenagailu superazkarrek ixten dute iragarpenen zerrenda. Europan, Jupiter superkonputagailua lanean hasiko da, eta, espero dena betetzen bada, munduko ordenagailurik eraginkorrena bilakatuko da, eta ekarpen garrantzitsuak egingo ditu medikuntzan eta klimaren azterketan, adibidez. AEBetan ere beste bi superordenagailu jarriko dituzte martxan, bata garuna esploratzeko, eta bestea arma nuklearren eraginak aurreikusteko.

Asmo berrien zerrendak egiteko sasoia ere bada urte hasiera, eta, iragarpen hauek ikusita, agian, komenigarria ere bada asmo berriak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.