Data falta zuen Pasaiako IV. Itsas Festibalak, eta gaur goizean jakinarazi dute: 2026ko maiatzaren 14tik 17ra egingo dute Pasaian (Gipuzkoa) dozenaka ontzi tradizional elkartzen dituen kultur ekitaldia. Itsas kultura, ondarea, musika, gastronomia, artisautza eta dibulgazioa izango ditu oinarri jaialdiak. Bi urtez behin egiten dute, eta iaz egin zuten hirugarrenez.
Munduko itsas kulturak elkartzeko ariketa bat izaten da Pasaia Itsas Festibala, eta ehunka herritar inguratzen dira bi urtez behin. «Pozgarria da aurten ere hainbeste erakunde eta administrazio publikok Pasaia Itsas Festibalaren aldeko apustua egitea, bat eginda», azaldu du Teo Alberro Pasaiako alkate eta Pasaia Itsas Festibaleko presidenteak. «Datorren urtean, beste behin, askotariko usain, zapore eta doinuz beteko dira gure herriko kaleak, Pasaiako ondare material eta immateriala ospatzeko».
Xabier Agote jaialdiaren zuzendari eta Albaolako presidenteak esan du «Pasaiaren handitasun historikoa ezagutaraztea» dutela helburu. «Mendeak joan eta mendeak etorri, Pasaia izan zen teknologia ozeanikoaren erdigunea. Gure arbasoen mailako festibal bat lortu nahi dugu». Antolatzaileek jakinarazi dute egun horiek gerturatu ahala zehaztuko dutela egitaraua.
Bestalde, Roskow artistarena izango da hurrengo urteko Pasaiako Itsas Festibaleko kartelaren irudia. Donostiako Egia auzoan aritzen da lanean artista, eta Pasaiako badia irudikatu du. Kartela egitea «erronka handia» izan dela azaldu du Roskowk. «Eszena gela baten barrutik planteatzea bururatu zitzaidan, bokalera begira, eta San Juan ontziaren maketa kanpoko itsasontzien desfilearekin hartu-emanetan jarri nuen».