25 urteren ostean, aldaketa izango da antolakuntzan

Lilatoi Taldeak egin duen lanari jarraipena ematea izango da Atletico San Sebastianen zeregina

ainara arratibel gascon
2014ko martxoaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
«Lan askoko urteak izan dira, baina oso pozik gaude. Izan ere, uste dugu hasieran jarri genituen helburuak bete ditugula». Lilatoi Taldeko Marisa Sarriak hala laburbildu du lasterketaren 25 urteko ibilbidea. Berdintasunerako aldarrikapen moduan eta 150 bat parte hartzailerekin hasitako proba sendotuz eta haziz joan da, eta aurten 3.525 parte hartzaile izango ditu, iaz baino 500 gehiago. «Ikaragarri hazi da, batez ere azken bederatzi-hamar urteetan». Proba igandean jokatuko da. 11:00etan hasiko da, Bulebarretik. Ohi bezala, bost kilometro izango ditu, eta Donostia erdialdeko kale nagusiak zeharkatuko ditu.

Hain handia izan da bilakaera, Lilatoi taldeak Atletico San Sebastianen esku utziko du datorren urtetik aurrera lasterketaren antolaketa. «Boluntario talde baten lana baino gehiago eskatzen du dimentsio hori hartu duen lasterketa batek. Horregatik erabaki dugu klub baten esku uztea».

Sarriak oso gogoan du lehen lasterketa hura. «Ez zuten ulertzen zergatik antolatzen genuen emakumeentzat soilik zen lasterketa bat. Eroak geundela esaten ziguten». Emaitzak eta denborak eskuz jaso zituzten.

Orain, hori guztia asko aldatu egin dela azaldu du. «Dena automatizatuta dago, eta ibilbidea ere aldatu behar izan dugu, parte hartze handiarengatik». Baina aldaketak hortik harago doaz. «Gaur egun jendeak ezagutu, estimatu eta errespetatu egiten du gure lasterketa. Andreek, berdintasunean, beste lasterketa batzuetan parte hartzeko Lilatoiak egin duen lana aitortu dute». Horren adibide da erakundeen aldetik jaso duten aitorpena: Emakunde Saria eta Donostiako Hiritartasunaren Domina. «Benetako bultzada eta aitorpena, dena den, urtero lasterketan parte hartu duten korrikalariek eman digute. Ederra da familia bateko hiru belaunaldi lasterka ikustea». Gainera, herri lasterketa bat bada ere, urtetik urtera emakumeen prestakuntzak eta emaitzak gero eta hobeak direla gogorarazi du. «Lehen, korrikalari gehienek 45 minutu behar izaten zituzten helmugara iristeko; orain, berriz, 35 minutu».

Dena den, iritzi dio oraindik lan asko dagoela egiteko. «Ez bakarrik korrika egiteko orduan, baita beste kirol batzuetan ere. Nabarmentzekoa da, adibidez, pilotan edo arraunean berdintasun hori lortzeko egiten ari diren ahalegina».

Lan horretan jarraitzeko lekukoa Atletico San Sebastianek hartuko du datorren urtetik aurrera. «Antolakuntza profesionalizatzeko beharra ikusten dugu. Hori bera lorpen bat da».

Orain arteko bideari eusteko eskatu diote Atletico San Sebastiani. «Sendo eta hazten ari den lasterketa bat uzten diegu. Guk nahi dugu haiek betiko ezaugarriei eustea: berdintasuna sustatzea, herri lasterketa bat izatea, laburra izatea, martxoaren 8ari lotuta korritzea eta Donostia erditik igarotzea. Ondo egingo dute. Ziur gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.