1982. Juanjo Martinez de Viñaspre 'Anemias'-en udara

«29 urte daramatzagu hutsik egin gabe; ez dugu lotura hautsi»

Kanariar Uharteetara egin zuten eztei bidaia Anemiasek eta haren emazteak. Senar-emazte gisa lehen bidaia zen horretan, beste lau bikote ezkonberrirekin igaro zituzten egunak. Lagun handiak egin ziren. Geroztik urtero ikusten dute elkar, eta haiekin batera, bidai hark utzitako oroitzapenak elkartzen dira.

Maite Alustiza.
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Sukaldari afizionatu, elkarte gastronomikoen bultzatzaile eta Arabako sukaldaritzaren hedatzaile. Juanjo Martinez de Viñaspre da (Gasteiz, 1957); Anemias, goitizenez. Gastronomiarekin duen harremanagatik ezagunagoa bada ere, bere egunerokoa tailerrean igarotzen du garaikurren, kopen eta bestelakoen gainean grabatuak egiten. 30 urte inguru daramatza jardun horretan; hala ere, badira 20 urte lapikoen munduan murgildu zenetik. Radio Vitorian ere badu bere txokoa, garaiko produktuekin egindako errezetak entzuleei proposatzeko. Saiatua bere lanean, baita ingurukoekin ere. Saiatua behar du izan, duela 29 urte sortu zena mantentzea lortu badu.

1982. urtean ezkondu zen Anemias, orain haren emaztea denarekin. Uztailaren 3an izan zen ezkontza, eta egun bakar bat itxaron gabe, senar-emazte gisa lehen egunak igarotzera joan ziren. Garai hartan «normalena» zen lekua aukeratu zuten eztei bidairako: Kanariar Uharteak.Behin aireportura helduta, autobusa hartu, eta Kanaria Handia eta Tenerife ezagutzeko ibilbidea hasi zuten. Bidaiako gidariak hainbat azalpen eman ondoren, proposamen bat egin zien: «Kanarietako klima tropikala da, janaria pixka bat light-a, eta etxean bezala jan nahi baduzue, jatetxe on bat gomendatzen dizuet».

Proposamena onartu eta 20:00ak aldera hitzordua egin zuten Anemiasek eta haren emazteak, autobuseko beste hainbat lagunekin. Haien harridurarako, beste lau bikote ezkonberriren egin zuten topo: Ordiziako (Gipuzkoa) bikote batekin, Fuenmayorgo (Errioxa, Espainia) beste batekin, eta Iruñeko birekin. «Nahas-mahasa izan zen afaria, nahiko gaizki zerbitzatu ziguten». Anemias lehena izan zen iristen; irteten, berriz, azkena. Denek gutxi gorabehera berdina eskatu bazuten ere, zerbitzariek etengabe sartzen zuten hanka. «Afaria eromena izan zen, baina horri esker ederki pasa genuen, eta laguntasun handia egin genuen gure mahaikideekin». Jatetxetik irten eta gero, trago bat hartzera joan ziren bost bikoteak. Hurrengo egunean ere elkar ikusi zuten, baita hurrengoan ere. Eta hurrengoan. Eztei bidaia guztia elkarrekin pasa zuten.

Egunak joan egunak etorri, elkar ezagutzen joan ziren, eta eztei Bidaiako norakoa baino zerbait gehiago komunean zutela ohartu ziren. «Bost bikoteak egun berean ezkondu ginen, baina harrigarriena da ordua ere bera izan zela, 13:00ak». Anemiasek dioenez, garai hartan ezkontza ia guztiak eguerdian izaten ziren; halere, kasualitatea da herri ezberdinetako bost bikote egun eta ordu berean ezkontzea. «Eztei bidaia liluragarria izan zen, barre asko egin genuen elkarrekin». Negar malkoak ere izan ziren bidaiaren amaieran. «Oso polita izan zen». Izan zen, eta izaten jarraitzen du.

Arabako Errioxan

Urtero elkar ikusiko zutela hitzeman zuten, ezkontzaren urteurrenean elkartuko zirela. Eta halaxe izan da. «29 urte daramatzagu bat ere huts egin gabe; inork ez du lotura hori hautsi». Uztailaren 3aren inguruko asteburua aukeratzen dute horretarako. Hasiera batean, txandaka antolatzen zuten plana, eta urte bakoitzean bikote batek hartzen zuen horren ardura. Errioxa, Iruñea...bisitatu dituzte. «Sanferminetako txupinazoan ere egon gara!». Dena den, duela hamar-hamabi urtetik Anemiasek antolatzen du elkartzea. «Arabako Errioxan elkartzen gara orain. Asteburua igarotzen dugu, upategiren bat bisitatzen dugu, ondo bazkaldu...».

29 urte pasa badira ere, bidaia hura presente dute oraindik. Bai 1982. urtekoa, baita 2007koa ere: « Zilarrezko ezteiak egin genituenean Kanarietara bueltatu ginen denak. Eztei bidaian gertatu zena gogoratzen eta abar, ezin hobeto pasa genuen». Urtero huts egin ezinezko zita bat dute bost bikoteek. Tarteka, ordea, abuztuan elkartu izan dira. Bikoteak ez ezik, haien seme-alabak ere bildu dira halakoetan. «Haur zirenak heldu egin dira, 30 urte inguru dituzte jada, eta geroz eta zailagoa da denak elkartzea».

Aurten ere elkarrekin igaro dute guztiek haien ezkontzaren urteurrena. «Ederki tokatu zaigu gainera, hilaren 3a igandea izan da eta». Datorren urterako denbora dezente geratzen bada ere, Arabako Errioxak zain dauzka bost bikoteak, urteurrenero ikusten duen une baten esperoan. «13:00etan Moet Chandon kopatxoa hartu, eta gugatik topa egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.