Ezarian. Zientzia

3D irudiak denbora errealean hobeto prozesatzeko ikerketa

Lehendik erabiltzen zen algoritmo multzo bat hobetzeko proposamena egin dute NUPeko zenbait ikertzailek

Amaia Portugal.
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Denbora errealean hartutako hiru dimentsiodun irudiak orain arte baino hobeto prozesatzen dituen teknika bat garatu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Leonardo de Maeztu tesi egilea eta Rafael Cabeza eta Arantxa Villanueva (Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa Saileko irakasleak) dira ikerketaren egileak, eta, horren harira, artikulu bat argitaratu dute Transactions on Pattern Analysis and Machine Intelligence aldizkarian. Hain zuzen, Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren alorrean inpaktu handia duen argitalpena da.

Hiru dimentsiodun irudiak lortzeko estereoskopia teknika baliatu ohi da. Metodo horren arabera, bi kamera edo gehiago erabiltzen dira objektu bera askotariko ikuspuntuetatik irudikatzeko; giza begiek egiten duten moduan. Ondoren, erkaketa egiten da objektuaren eta kameren arteko distantzia zehazteko, eta, hala, bi dimentsiodun argazki arruntekin lortu ezin den sakontasuna emateko. Hori egiteko, lehendik ere baliatzen zen algoritmo multzo bati hiru aldaketa egin dizkiote ikerketan, eta prozesamendua hobetzea lortu dute horrela.

De Maeztuk dioenez, «proposatutako algoritmoak aurretik egindako beste batzuek baino emaitza hobeak lortzen ditu, eta, gainera, abantaila lehiakor oso interesgarri bat dauka: denbora errealean ezartzen da txartel grafiko estandarretan. Kalkulurako ahalmen handia eskatzen duten algoritmoak badira ere, denbora errealean egin daitezke. Hau da, kamerak hartu adina irudi prozesatzeko gai da segundoko».

Estereoskopiari lotutako ikerketek alor askotan dituzte aplikazioak. Esaterako, hiru dimentsiodun bideoen grabaketan, aeronautikan (gidaririk gabeko hegazkinak eta helikopteroak), automobilgintzan eta ebakuntza geletarako sistema adimendunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.