4Ga datozen hilabeteetan iritsiko da Hego Euskal Herrira

Llega800 arduratuko da LTDko interferentzien inguruko informazioa emateaz.Ipar Euskal Herrian ondo funtzionatzen du 4Gak

urtzi urkizu
2015eko uztailaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sakelako telefonoetan eta gailu eramangarrietan konexioaren abiadura bi aldiz bizkorragoa izatea ahalbideratuko du 4G teknologiak. Baina arazoak ere sor ditzake lurreko telebista digitaleko seinalean, telefono antenak gertu dituzten eraikinetan. Zenbait kasutan, iragazki bat jarri beharko da telebistako seinalea jasotzen den antena kolektiboan. Horregatik, arrisku gehien izan dezaketen eremuetako etxeetan Llega800 erakundearen agiri bat jasoko dute, egoeraren inguruko informazioarekin. Hego Euskal Herrian, datozen hilabeteetan iritsiko da 4Garen zabalpena, hainbat telefonia enpresek jakinarazi dutenez. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eremu gehienetan zabaldua dago 4Ga; zerbitzua konpainia bakoitzaren kontratuaren araberakoa da.

Aintzat hartu behar da apirilaren 1ean 800 megahertzeko frekuentziaren liberalizazioa eginzela. Hau da, LTDko kanalek okupatzen zituzten frekuentziak telefonia mugikorrarentzat gelditu zirela —horregatik egin zituzten egokitzapenak antenetan—. 800 megahertzeko frekuentzian 4Ga zabaltzeko probetan hasi zen joan den astean Vodafone konpainia Galiziako Ourense hirian. Hurrengo asteetan Galiziako beste hiri batzuetara zabalduko dute zerbitzua. Orange A Coruñan eta Bartzelonan hasi da zerbitzua eskaintzen, baita Asturias, Kantabria eta Burgosko (Espainia) herri batzuetan ere. Movistar, berriz, Herrialde Katalanetako hainbat hiritan hasiko da uda honetan 4Ga zabaltzen: Alacant, Castello, Valentzia, Girona, Tarragona...

Euskaltelek, laster

Euskaltelek adierazi du ez duela data zehatza Euskal Herrian zerbitzua eskaintzen hasteko. Baina nabarmendu du bezeroek datu mugikorren «sarbide onena eta osoena» izango dutela, Orangerekin sinatutako hitzarmen bati esker, Euskalteleko 4G sare propioari esker eta Euskaltel Wifiri esker. Euskaltelen telebista seinalea jasotzen dutenen kasuan, 4Gak ez ditu interferentziak sortuko.

4G teknologiak LTDko emisioetan sorrarazi ditzakeen arazoak konpontzeko sortu dute Llega800 erakundea. Webgunean jakinarazi duenez, kaltea jasan dezaketen eraikinetan egingo du lan, herritarrek aurrerantzean ere lurreko telebista digitaleko kanalak jaso ditzaten. Kasurik gehienetan, iragazki bat jarri beharko dute antenan. Harremanetarako telefono bat zabaldu du erakundeak: 900-83 39 99. Erakundeak iragarri du 4G teknologia eremu ezberdinetan modu progresioan zabalduz joango dela, uda honetan hasi eta 2018ko martxora arte. Ordurako, Euskal Herri osoan izango da zabaldua 4Ga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.