Telekomunikazioak

5G bidezko hologramak Bartzelonako Mobile World Congressen

Gaur hasi da telekomunikazioen nazioarteko feria, formatu txikiagoan bada ere, izurria dela eta. Iaz bertan behera utzi behar izan zuten. Ostegunera arte egongo da.

Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 28a
17:59
Entzun

Mobile World Congress telekomunikazioen inguruko feriarik handienetako bat da munduan, baina aurtengoa formatu txikian egiten ari dira, izurria dela eta. Edonola ere, aurrerakuntza bada, iaz ez zutelako egin, osasun larrialdiak eraginda. Edonola ere, komunikazioen mundua eraldatu nahi duten tresnak ikusteko aukera emango du feriak gaurtik.

Antolatzaileek 30.000 parte hartzaile kalkulatu dituzte aurtengorako, hau da, 2019ko kongresuak eduki zuen kopuruaren herena baino gutxiago. Gainera, antigeno test negatiboa aurkeztu eta FFP2 maskara eraman beharko dute parte hartzaileek. Sarreran bertan egin diete gaur testa erakustazokan sartu behar zutenei. Hiru pabilioi hartzen ditu aurtengo kongresuak, aurreko urteetan zortzi paratu dituzten arren.

5G teknologia da aurtengo kongresuaren protagonista, 2019an bezala. Arreta handia bereganatu dute 3D hologramek. Izan ere, izurriak telelana eta Internet bideko bilerak orokortzea ekarri duenez, parte hartzaileen presentzia hobetzeko eta errealago egiteko teknologiak interes handia pizten du. Newtonlab Space enpresak Portl sistema aurkeztu du. Kamera berezi batekin eta 4k kalitateko monitore batekin, pertsona baten hiru dimentsioko hologramarekin aritzeko aukera ematen du, hura urrun egon arren. 5G komunikazioari esker, denbora errealean aritu ahal da sistemarekin, atzerapen nabarmenik gabe. Ez da prototipo bat, baizik eta dagoeneko merkatuan dagoen sistema bat.

«3D hologramak bolumena eta itzala dauka. Erreprodukzio zorrotz samarra da», esan du Eduard Martin kongresuko 5G alorraren zuzendariak. Asmoa «telepresentzia» lortzea da, orain bideo dei bateko irudi planoaz harago. Osasungintzan eta heziketan datozen urteotan halakoak asko aurreratuko direla esan du. Berandu, edonola ere, azken hilabeteotan eskolak monitore batetik jarraitu, edo medikuarekin telefonoz aritu, behar izan dutenentzat.

Osasungintza eta teknologia batzen dituen beste produktu bat ZTE konpainiaren YouCare elastikoa da: jantziak gorputzaren parametro biologikoak jasotzen ditu sentsore batzuen bidez, eta telefonora edo erloju adimendun batera bidaltzen ditu.

5Garen ahalmena erakusteko, kongresutik zuzenean gidatu ahalko da Valentziako portuan (Herrialde Katalanak) dagoen itsasontzi bat.

Horrez gain, botoirik ukitu gabe begiradarekin funtzionatzen duen kafe makina bat aurkeztu dute, Irisbond eta Azkoyen taldeak garaturikoa, birusen transmisioa zailtzeko modukoa.

Datorren urtean, otsailean egingo dute, eta espero dute ordurako ohiko kongresua egin ahalko izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.