730 egun, 730 hitz, 11 bitxikeria

Bi urte bete berri ditu 'Gaurko hitza' blogak. Egunero hitz bat gehitzen dio Maite Goñik bere blogeko hitzen bildumari; orain, edonork parte har dezake, bideo bat grabatu eta sarera igota.

Maite Alustiza.
Donostia
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Banaka, binaka edo taldean. Hitzek, pertsonek bezala, euren artean erlazionatzeko modua dute. Batzuk beste baten beharra dute; beste batzuk, aldiz, traba egin nahian dabiltza. Okerrenera jota, bien arteko ika-mikak puntu eta aparte batean amaitu dezake. Arazorik nahi ez duenarentzat, beraz, bakarkako bidea aukeratzea ez da aukera txarra. Eta hala egin du Maite Goñi Gaurko Hitza blogaren sortzaileak.

Egun bakoitzeko hitz bat. Hori da bi urte bete berri dituen blogaren funtsa. Egunez-egun bere hiztegi propioa osatzen joan da, eta orain, edonork utzi dezake bere arrastoa hitzen zerrenda horretan.

Hitza aukeratzea, definizioa bilatzea eta sarean eskegitzea da Goñiren eguneroko eginkizunetako bat. «Obsesionatuta nabil hitzekin; irakurtzen edo entzuten dudan edozerk blogerako balio ote didan galdetzen diot buruari». Jendearen proposamenek, bere burutazioek, eta egunean duen gogo aldarteak hitz bat edo beste aukeratzera eramaten dute. Hemendik aurrera idatzita ez ezik, ikus-entzunezko formatuan ere ikasi ahal izango da hitzen inguruan. Norberak grabatu eta igo ahal izango ditu bideoak Youtube atarira; ondoren, Goñiri esteka bidaltzea besterik ez dago. «Primeran doa bideoen ekimena; helburua hamar edo hamabostera heltzea zen, eta dagoeneko 30 baino gehiago bildu ditugu».

Hamaika hitz bitxi pasa dira dagoeneko Gaurko Hitza blogetik; tranpaldo, txurrunplin eta aringaringan dira erabiltzeek hautatu dituztenetako batzuk. Euskara dira denak, gezurra badirudi ere. Maite Goñik bere ikuspuntutik aukeratzen ditu hitzak; hau da, Ordiziatik, Gipuzkoatik: «Askotan Bizkaiko eta Iparraldeko hitzak jartzen ditut bereziak iruditzen zaizkidalako. Niretzat bereziak dira, baina bertakoentzat agian ez; euskalkien gaia sartzen da hor». Euskalki batekoa edo bestekoa dela ere, hainbat hiztegietatik egiten du erronda hautatutako hitzak, onartua den edo ez ikusteko.

Sarean aurkitu zuen webgune batetik hartu zuen ideia; beste hizkuntzetan egiten zena euskararekin egitea erabaki zuen orduan. Euskara irakaslea da bera, eta hasieran ikasleei begira sortu zuen bloga. Dena den, askotariko jendeak bere bloga bisitatzen zuela ohartu zen: euskara ikasten zebiltzanak, euskara zekitenak... Horregatik, zailtasun ezberdinetako hitzak tartekatzen saiatzen da hiztegi pertsonal horretan.

Hautaketa bat egunero. Hautatze horiez beteta dagoen bloga definitzeko, ordea, ez dauka Goñik hitz bakar bat: «Ezingo nuke hitz bakarra aukeratu, argi dago euskararen ideia dagoela hor. Gehiago aukeratzekotan sareratzea, zabaltzea edo hedatzea hautatuko nituzke, adibidez».

Maite Goñik berak martxan jarritako ekimena daGaurko Hitza blogarena. Hala ere, Interneten dauden blogetako ideiak nahiz jendearen proposamenak kontuan hartzen ditu hori osatzerako orduan. Hitzez gain, bada egunero ilustrazio bat eskegitzen duen blogik. Eta horretan oinarriturik, tarteka irudiak atxikitzen dizkie eguneko hitzei. Igandeak egun bereziak izaten dira askorentzat. Baita Gaurko Hitza blogarentzat ere: Pernan Goñi komikigileak bere ekarpena egiten du berak egindako marrazki batekin. Ilustrazio horri ahotsa jartzen dio Goñik; horrela, bien artean osatzen dute eguneko hitza. Gainera, aukera berri bat aztertzen dabil, jendearen proposamenei jarraituz: edonork hitzaren definizioa eskegitzeko aukera.

Hitzek eta irudiek ez ezik, bitxikeriek ere betetzen dute bloga. Ingelesera, gaztelaniara eta frantsesera itzultzen ditu hitzak Goñik. Bere harridura aukeratutako hitza japonieraz ikusi zuenean heldu zen: Twitter sare sozialean japonierazko zein ingelesezko itzulpenak egiten dituen Texaseko (AEB) lagun batekin egin zuen topo. Harremanetan jarri ziren orduan; geroztik, japonierazko grafian nahiz guk ahoskatuko genukeen moduan eskegitzen ditu hitzak estatubatuarrak Twitterren. Ondoren, Goñik bere sarrera berrargitaratu eta japonierazko itzulpena gehitzen du bere blogean. Bideoaren ekimenean ere parte hartu du texasekoak: hauteskunde hitza aukeratu du.

Ekimenaren arrakastarekin pozik dago blogaren sortzailea, eta garrantzitsuena eguneroko erabilera dela dio: «Horrelako ekimenek jendearen eta sarearen indarra erakusten dute, elkarlanean lan egin dezaketela». Eta hitzak bakarrik jarrai ez dezaten, sare batean bildu ditu denak: Gaurko Hitza-n aurki daiteke Hitzapasa, hitzak harremanetan mantentzen dituen jokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.