9.100 euro ordaindu dituzte Casa Nicolasako bisita liburuengatik

Jende ospetsu andanaren sinadurak jaso zituen Jose Juan Castillok jatetxea eraman zuen urteetan

Jeff Bridges aktoreak Casa Nicolasako bisita liburuan utzitako sinadura eta marrazkia. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Zeinek nahi izango du hau?», pentsatu zuen Jose Juan Castillok lagun batek jatetxeko hainbat objektu, bisita liburuak barne, enkantean jartzeko proposatu zionean.

9.100 euro ordaindu zituen atzo erosle batek Casa Nicolasa jatetxeko lau bisita liburuen trukean. 3.000 euroko prezioan atera zen Bilbao XXI enkante etxean.

Jose Juan Castillok 1986ean Casa Nicolasa jatetxea hartu zuenetik aktore eta pertsona ospetsu ugarik dastatu dituzte sukaldariaren jakiak. Woody Allen, John Malcovich, Javier Bardem, Emma Thompsom... Donostiako Zinemalditik igaro diren aktore eta zuzendari andanak gozatu dute gaualdi lasaiez Casa Nicolasan. «Aktoreak hazten ikusten joan naiz. 19 edo 20 urterekin ezagutu nituen batzuk eta zineman arrakasta izaten ikusi ditut».

Jatetxeko koadroak, zilarrezko baxera eta upategia osatzen zuten 400 ardo botilak ere jarri zituzten enkantean.

Ez zen enkantean egon Castillo, pena handia ematen baitzion 25 urtetan pilatutako oroitzapenak ihes egiten ikustea.

Jende ugarik hartu zuen parte enkantean, 100 lagunek baino gehiagok, German Elzo enkante etxeko arduradunak azaldu duenenez. Bisita liburuek erakarri zuten arreta gehien, jende ospetsuen sinadura bildumak ez baitira egunero saltzen.

Enkantean jarritako jatetxeko objektuekin ziklo bat itxi nahi izan du Castillok. «Jatetxeko itxierarekin bat etorri delako izan du garrantzia. Bost urte barru jarri banitu enkantean ez luke horrenbeste arretarik erakarriko», azaldu du.

«Oso ondo pasa nuen sinadurak biltzen», aitortu du Castillok. Izan ere, sinadurak afaloste goxoen ondorio izan dira. Hirigunean kokatuta egonik,askotan gauerdian etortzen zitzaizkion gonbidatuak afaltzera. Jatetxeak egongela txikiak ditu, aproposa jende askorik gabeko giro berezia sortzeko.«Haiekin egoten ginen solasean, hiriari buruzko gauzak galdetzen zizkidaten, eta nik ere eurei galderak egiten nizkien. Orduan liburua ateratzen nien sina zezaten».

350 sinadura inguru jaso ditu Castillok bere ibilbide profesionalean. «Denbora eman dizkidanak jaso ditut», azaldu du.Askotan, lanez itota ibiltzen zen sukaldean eta ez zuen denborarik izaten sinadurak eskatzera joateko. «Niretzako joko bat zen. Jakin izango banu horrenbesteko ikusmina sortuko zuela atean jarri eta ez nuke inor sinatu gabe alde egiten utziko», esan du Donostiako sukaldariak.

Iazko urrian itxi zituen ateak Casa Nicolasak, ia mende bateko historiari amaiera emanez. 1912. urtean ireki zuten jatetxea, eta Donostiako jatetxerik handienen artean egon da. Viktoria Eugenia antzokitik eta Kursaaletik oso gertu egoteak leku paregabea bilakatzen zuen jatetxea. Hala ere, Castillok erretiroa hartu eta inork ez du haren erreleboa hartu. Zinemaldiko aktoreek beste leku bat aukeratu beharko dute aurrerantzean Donostian ondo jan eta gaualdi lasaiak igarotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.