Atzekoz aurrera

A(r)te irekien eguna Tabakaleran

Artista egoiliarren lantegi irekiak antolatu dituzte Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan, Donostian: estudioak bisitatzeko eta artistekin solas egiteko aukera izan da, euren jarduna gertu-gertutik ezagutzeko.

TABAKALERA-LANTEGI IREKIAK
Artisten guneko 11 egoiliarrak, Tabakaleran, elkarrekin. GOTZON ARANBURU / FOKU
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Arteari ateak ireki dizkiote Tabakalerako artisten gunean. Galderei emandako erantzunak, eta erantzun eske egindako galderak. Badira, eta ari dira. 11 egoiliar, eta hamaika azalpen. Bi norabidetan eginiko ariketa bat: norberaren artea erakutsi nahia hura ulertu nahi duenari.

«Proiektuak sozializatzeko egiten ditugu lantegi ireki hauek, herritarrekin eta etortzen den ororekin partekatzeko», azaldu du artisten guneko arduradun Ane Agirrek. Urtean behin egiten zituzten hasieran, urtean bi aldiz gero, eta hiru aldiz egingo dute aurten: «Geroz eta proiektu gehiago iristen zaizkigu. Komunitate artistikoan bai baitago eskaera hori: lan egiteko tokiak eta baliabideak». Laida Mendia teknikaria dauka alboan: «Proiektu guztiak ez daude fase berean. Artista batzuk hasierako prozesuan daude, eta beste batzuk ekoizpen behar handiena duten garaian etortzen dira. Gure egonaldietan ez diogu amaierako emaitzari erreparatzen, prozesuari berari baizik».

Eta ederra da ibilian prozesua ezagutzea. Estudioetan hauek, gune irekietan horiek, eta zurezko etxolatxoetan haiek. Sukaldea, bizikletak, giltzarrapoa, pantailak, teklatuak, zirriborroak, ebakinak, harriak, loreontziak, mapak, kolak, argazkiak, negatiboak, pintzelak, brotxak, eta post-it-ak nonahi. Ideiek bor-bor, sormenak gainez.

TABAKALERA-LANTEGI IREKIAK
Mayra Moran artista txiletarra, Tabakaleran. GOTZON ARANBURU / FOKU

«Zeure proiektua besteei azaltzea ariketa ederra da. Neuri ere balio dit, zertan ari naizen jakiteko, askotan ez baitakit oso ongi. Ez daukat diskurtso argirik, eta jendearen iritzia asko interesatzen zait nire diskurtso hori elikatzeko», azaldu du Mayra Moranek. Zinemagilea eta editorea da izatez, baina beste proiektu batekin ari da Tabakaleran: Katalina Erauso. «Miramar jauregian haren omenez jarrita dagoen bustoarekin egin nuen topo, ezustean, eta plakak zera dio: ‘Aintza Txileko konkistan erakutsitako ausardiagatik’. Txiletarra naizenez, gertutik ukitzen nau». Erausoren inguruko harreman sare bat josten ari da, eta «Erausoren ohiko pertsonaia kolonial horri ihes egiten». Aitzakia da Erauso, beste hainbat gairi buruz hitz egiteko. Tartean, hondakinak, elementu plastiko gisa: «Zer hondakin uzten ari da Katalinaren inguruan egiten ari naizen itzuli hori?».

Iker Gonzalez bere zurezko etxolatxoan dago, bere proiektua bi bisitariri azaltzen. Artista bisuala da bera. Zuri-beltzeko argazki berezi batzuk ditu mahai gainean. «Ez da esplikatzeko erraza», dio artistak. Bisitariak: «Zein ederra den hau». Artistak: «Parisen lortu nuen. Parisek artista asko besarkatu ditu. Askok esperimentatu dute han. Niri ere asko eragin zidan». Bisitariak: «Eta beste hau, nola lortu duzu hau?». Artistak: «Hondatutako kamera bat daukat, baina argia sartu egiten zaio oraindik. Diafragma irekita mugitu, eta ezusteak gertatzen dira. Tximistak dirudite, baina farolak dira. Zoria, izan ere, elementu estetiko bat da. Horren ondorioz, hor ikusten dituzun beste irudi asko honezkero ez dakit zer diren ere».

 Jendea ari da sartzen atean barrena. Pasatu lasai: a(r)te irekien eguna da Tabakaleran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.