Ring ring, telefonoak. «Egun on, Ane, zer moduz?». Ahots ezezagun hari nire izena entzunda, berehala jakin nuen krisi garaian nonahi sortzen diren etxez etxeko salmenta kamuflatu horietako baten kontua zela. Lehenik eta behin, kultura ezberdinak ezagutzea atsegin nuen galdegin zidan. Ba bai, normala. «Beraz, bidaiatzea gustuko izango duzu». Eta nork ez? Gai polita zenez, ekin nion galdeketari. Nire adina jakin nahi izan zuenean, isilune baten ondoren, «gazte-gaztea zara gero!», bota zuen. Horra pelota galanta, «ez zaitez pasa, jadanik berrogeita…» hasi nintzen, eta bestea, oso gaztea nintzela esan eta esan, bezperan 75 urteko emakume «gazte» batek kontatu zizkion bidaia eta istorioekin matraka ematen hasi zitzaidan. «Zer saldu nahi didazu?», moztu nion. Besteak, barrez, hain zintzo erantzuteagatik munduko kulturei buruzko liburu bat eta ura aurrezteko aparatu bat oparituko zidatela erantzun zidan. Zer uste du, tuntuna naizela? Opari bat niri, besterik gabe? «Eta zenbat ordaindu behar dut?». «Ezetz, neska, oparia dela, o-pa-ri-a!». Neska jator batek ekarriko zidala etxera. «Bale, baina zenbat ordaindu beharko diot neska jator horri?». Azkenean, 6 euro mixerable izango zirelala aitortu zuen. Ikusten? Ez zitzaidala interesatzen esan nionean, besteak, erdi haserre, «a, orduan, Ane, ez zaizkizu beste kulturak hainbeste interesatzen». Ein?
Gero jakin nuen biktima baten etxean sartu eta ustezko opariaren ordez izugarrizko entziklopedia sartu nahi izan ziotela ahotik. Banengoen ba, ez gaude-eta oparitarako!
Maratila
A ze oparia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu