Ezarian. Arkitektura

Abangoardiako arkitektura ikusgai

FAD sarietako irabazleen eta finalisten lanen erakusketa antolatu du Hego EuskalHerriko Arkitektoen Elkargoak Iruñeko autobus geltokian. Iberiar penintsulako arkitektura eta interiorismo lanik «apurtzaileenak» daude.

Patxi Mangado Lizarrako arkitektoak egin du Bibat museoa. ROLAND HALBE.
Iruñea
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Arkitektura eta Interiorismoko FAD sarietan garaile eta finalista suertatutako lanak Iberiar penintsulan egindako lanik abangoardistenak ei dira. Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatuta, egunotan Iruñeko autobus geltokian ikus daitezte, abenduaren 23ra arte. Diseinua eta Artea Sustatzeko Kataluniako Elkarteak antolatzen ditu FAD sariak duela mende erdi baino gehiago. Finalisten artean bi euskal proiektu daude. Batetik, Patxi Mangado arkitekto nafarrak Arkitektura sailean lortutakoa, Arabako Arkeologia museoaren eraikinagatik. Eta, bestetik, Iñaki Begiristain eta Iñaki Bergera arkitektoek erdietsitakoa, Iruñeko Pio XII.aren kaleko 29. zenbakiko etxebizitza eraikin bateko atarian egindako zaharberritze lanagatik.

Erakusketan askotariko materiala ikus daiteke: eraikitako lanen argazkiak, lanen txostenaketa arkitekturako lan adierazgarri eta berritzaileenak nola egin diren azaltzen den material grafikoa. Orotara, finalera iritsi ziren hogei lan ikus daitezke autobus geltokiko merkataritza galerian. Lana lau kategoriatan sailkatuak ageri dira: arkitektura; interiorismoa; hiria eta paisaia; eta esku hartze iragankorra.

Iazko FAD sarien deialdian 541 lan aurkeztu zituzten. Horietatik330, arkitekturaren kategorian; beste 84, interiorismo sailean; 48, hiria eta paisaian atalean, eta 44, esku hartze iragankorrak sailean. Sariok Oriol Bohigas (Bartzelona, 1925) arkitekto katalanak sortu zituen, arkitekturan zein hirigintzan bide berritzaileak eta abangoardistak urratzen zituzten arkitektoen lanak sustatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin.

Kutxa itxi eta trinkoa

Finalisten artean bi euskal lan egoteak adierazten du arkitektura «osasuntsu» dagoela gurean. Hori da behintzat Marta Lopez Hego Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Nafarroako ordezkaritzako kultura arduradunak dioena. «Abangoardia eta modernitatea bultzatu nahi dute sariokin, eta lan berritzaileenak saritzen dira. Gurean ongi lan egiten dela adierazten dute».Patxi Mangado (Lizarra, 1957) arkitektoak egindako Arabako Arkeologia museoa Gasteizko alde zaharraren bihotzean dago, Aiztogile kalean. Karten Fournier museo berrituarekin batera Bibat gunea osatzen du. Mangadoren lanak, kanpotik ikusita eta lehen begiratu batean, altxorrak gordetzeko kutxa bat dirudi. «Kutxa itxi eta trinko bat», egileak maiz aitortu duenez. Museoa eraikitzeko 40.000 metro kuadro brontzezko xafla erabili zituen Mangadok. Brontzezko xaflak kristalarekin uztartu ditu arkitektoak, eta apaindurarik gabeko espazio sendo bat eratu. Material nobleak egoki erabili ditu, eta ezin hobeto uztartzen dira inguruko harri zaharrekin. Besterik da museoaren barrualdea. Kanpoaldeko giro hotza aldatu egiten da, eta berotasuna da nagusi.Leizezulo baten itxura hartu du. Wengue egur beltzak janzten du eraikinaren zolua, eta bolumenek argipean beste itxurabat hartzen dute. Kontrastea, berriz, erakusketa aretoetan dauden sabai-leiho eta beirazko prismek ematen diote lanari. Kutxa edo, hobeto esanda, museo horretan Arabako iragana gordetzen da.

Iñaki Begiristain eta Iñaki Bergeraren lana, bestalde, ohikoagoa da: ezkaratz baten zaharberritzea. Oso lan arrunta izan arren, maisuki landua izan dela uste du FAD sarietako epaimahaiak. Arkitektura oztopoak gainditu dituzte eta atariaren itxura erabat berritu dute. Eraikuntza joko bat eginez, ataria egur bloke argiekin eratu dute, eta etxebizitzako sarrera eta atariaren barrualdea erabat aldatu. Begiristain eta Bergera ere oso pozik daude lortutako emaitzarekin. Auzokide asko dauden etxebizitza batean guztion nahia betetzea oso zaila dela aintzat hartuz, emaitzak bete dituela diote bi arkitektoek. «Esker txarreko lanak izaten dira horrelakoak, baina, kasu honetan, auzokideak pozik gelditu dira emaitzarekin».

Arkitektura, osasuntsu

Onarpenak onarpen, euskal arkitektoen maila oso ona dela deritzo Marta Lopezek. «Oso osasuntsu dago. Lehiakortasun handia dago. Bi arkitektura eskola ditugu: Iruñekoa bata eta Donostiakoa bestea. Arkitekto asko dago, eta hoberenek lan egiten dute. Nafarroan bakarrik 932 arkitekto gaude, eta 600.000 lagun bizi gara». Dena dela, krisia dela medio, ofizioa ere berregituratze prozesu batean dagoela onartu du. «Orain lana kopuruan balaztada gertatu da. Duela urte batzuetan aintzat hartzen ez ziren balio asko estimatzen hasi dira. Lehen oso erraz esaten zen dena handiagoa eta ikusgarriagoa nahi zela. Orain, ordea, dena ongi neurtua egiten hasi gara, ardura gehiagorekin jokatzen». Orain bezeroak gehiago exigitzen omen du. «Diseinatzeko tenorean erantzukizun gehiagorekin jokatuko dugu. Merkeago eraiki beharko da, baina kalitatea gutxitu gabe. Nola? Material merkeagoak erabiliz. Orain arte egin dugun kostuekin ezinezkoa delako eraikitzen jarraitzea».

Lopezek Fernando Redon eskarmentu handiko arkitektoak esaten duena ekarri du gogora. «Hark, krisiak krisi, lan egiteko garai ezin hobea dela esaten du. Zergatik? Material eta aukera asko daudelako eraikitzeko. Merkatuak aukera asko eskaintzen ditu». Ikerketa eta garapena asko egiten ari da, eta gero eta material hobeak ditu sektoreak eskura. «Finean, arkitektura ez da hainbeste aldatu. Orain modan dago iraunkortasuna, baina gure aitona-amonen baserriak ere iraunkorrak ziren. Etorkizunak berdina izaten jarraituko du, eta, batez ere, materialetan berrituko da».

Lopezen ustez, orain arte eraki denak ez du zerikusirik izanen hemendik aurrera eginen denarekin. «Orain arte dena izan da oso ikusgarria. Eraiki den guztia sekulakoa zen, ezin hobea eta aurrerantzean zintzoago eta zuzenagoak izan beharko dugu. Proiektu hobeak egin beharko dira. Luxua ez da desagertuko, baina eraikitzeko moduan berriro neurriak ezarriko dira eta gauzak bere onera itzuliko dira».

Uste du, arkitektoa gizarteari zerbitzu bat emateko dagoen arren, azken urteetako arkitektura ikusgarriaren eredua administrazio askok bultzatuta suspertu dela hainbeste. «Azkenaldian egin diren arkitektura lanak objektu bisual bilakatu dira. Eredu horri jarraituz, eraikin batek hiri bat ordezkatu behar du. Irudiaren munduan bizi gara, eta erakinekin gauza bera gertatu da. Arkitektoari hainbestetan kritikatzen zaion hori eskatu zaio, egiten duen lanak zerbait ordezka dezala, alegia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.