Elgetan (Gipuzkoa) martxoaren 13an egin zuten ekitaldian adostu zuten Zirkuitua 2010eko sei finalistek Xexilio Laurendiri (Errenteria, 1945) ematea Shebe Peña saria. Ezaguna da oso Laurendi iraupen luzeko ibilaldietan parte hartzen dutenen artean. Martxak antolatzen hasi aurretik bazen jada mendigoizale amorratua. Benito Lekuona eta Jose Mari Irastorza adiskideak bidelagun, abarkak oinean eta txapela soinean, hamaika mendi martxetan hartu du parte. Aurten ere sasoi onean jarraitzen duela erakutsiko du, eta ez du hutsik egingo igandeko Aizkardiko ibilaldi luzera.
Nola hartu duzu Shebe peña sariaren izendapena?
Oso pozik nago. Urte asko daramatzagu Lekuona, Irastorza eta hirurok mendi martxetan parte hartzen. Ez da nire ibilbidearen aitortza soila, baizik eta hirurena. Goiz jaiki edo norabaitera joan behar denean beti dago Lekuona hor, nik ez baitaukat autorik.
Noiz hasi zinen ibilaldietan parte hartzen?
Federazioak antolatu dituen ibilaldi guztiak egin ditut. Zirkuituak daramatzan hamar urteetan zirkuitu guztiak osatu ditut. Horrez gain, Nafarroako hiru zirkuitu osatu ditut. Zirkuituetatik kanpoko ibilaldietara ere joan ohi gara. Badaude zirkuitu kanpoko ibilaldi batzuk gehiago gustatzen zaizkigunak, eta hara joaten gara, nahiz eta zirkuituko beste martxa bat egon egun berean. Zeanuriko ermiten ibilbidea, adibidez, oso ederra da.
Ibilaldietan parte hartu aurretik ere mendira joaten al zinen?
Bai, bai. Betidanik joan izan naiz mendira. Lan egiten nuenean, nahiz eta asteburuan lanez lepo egon, beti hartzen nuen ordu pare bat, gutxienez, mendian ibiltzeko, nahiz eta ilun egon. Ezin nuen lanera joan astelehenean, asteburuan mendia zapaldu gabe. Niretzat, asteburuan zerbait probetxuzkoa egitea mendira joatea zen.
Zergatik duzu horren gogokoa?
Mendiak lasaitasuna ematen dit. Gainera, lagun oso onak egin ditut mendian. Bakarrik joanda ere, gozatu egiten duzu. Lasai zoaz, paisaiak ikusten dituzu, zure gauzetan pentsatzen duzu... Lagunekin joanez gero, hitz egiten zoaz, eta lagun onak egiten dituzu. Bromak eta txisteak kontatzen joaten gara. Nekatu ere egiten zara, noski, baina konpainiak merezi du.
Nola ikusten duzu ibilaldien bilakaera. Gero eta jende gehiagok hartzen al du parte?
Bai, gero eta jende gehiago dago, baina gazteriak huts egiten du. Fortuna eta horrelako ibilaldi entzutetsuetan gazte asko joaten dira, baina goiz altxatu behar diren martxetan gutxi batzuk bakarrik azaltzen dira. Gazte jendeak ibilaldi laburrenak egiten ditu. Nire ustez, azkenaldian nahiko motel dabiltza gazteak. Antolakuntzak eta mendi elkarteek lan izugarria egiten dute, baina atzetik erreleboa hartzeko jende gaztea ez dut ikusten. Faltan nabaritzen dut gazte jendea ez egotea, alaitasuna eurek ematen baitute.
Zer esango zenieke gazteei ibilaldietan parte har dezaten?
Etxera goiz erretiratu beharko lirateke noizean behin. Gaua dantzan ibili ondoren oso zaila da goiz esnatzea mendira joateko. Sekulako gaitasuna du gazteriak, baina borondatez larri dabil.
Egia al da gero eta lehiakortasun handiagoa dagoela mendian?
Bai, tamalez, hala da, eta ez dio batere onik egiten mendiari. Gozatzeko eta jendearekin hitz egiteko da mendia. Antolakuntzak eta mendi elkarteek behin eta berriz errepikatzen dute ibilaldiak ez direla lehiaketa, baina ez da errespetatzen.
Zer alde dago zeure kabuz mendira joan edo ibilbideetan parte hartzearen artean?
Abantaila asko dituzte martxek, lasaitasun handia ematen dute. Bide guztiak markatuta daude, eta ez duzu galtzeko arriskurik. Gainera, mendian zerbait gertatuz gero, adibidez txorkatila bihurritu edo erori bazara, antolakuntzak badakienez zein kontrol igaro dituzun eta zeintzuk ez, segituan komunikatzen dira kontrolen artean, eta badakite norbaiti zer edo zer gertatu zaiola. Horrela ez da inor bakarrik uzten mendian.
Lan handia egongo da horren atzean?
Lan izugarria egiten dute antolatzaileek. Ibilaldi guztietan, atzetik boluntarioak doaz, eta poltsa batzuekin lurrean aurkitzen duten zakar oro jasotzen dute, ibilbidearen hasieratik bukaerara arte. Erratzak deitzen diegu. Nik neuk askotan egin dut lan hori, eta ondoren ibilbidearekin jarraitu eta denbora onean bukatu.
Urtean zenbat martxetan hartzen duzu parte?
Orain pixka bat jaitsi dugu erritmoa. Ez dakit ziur, hogeiren bueltan. Badira urteak gehiago egin ditugunak. Baina martxak ez daudenean ere mendira ateratzen gara beti.
Zein iruditzen zaizu ibilaldirik politena?
Ni Altsasuko mendi elkartekoa naiz, eta eurek antolatzen dutena iruditzen zait politena. Urbasa, Alzania eta Aralar mendilerroak zeharkatzen dituzu. Horrez gain, Fortunakoak kalitate handikoak dira, urtero lekuz aldatzen baitute, eta oso politak izan ohi dira, aurreko urtekoa izan ezik. Hala ere, ibilaldi guztiek dute xarma.
Zu eta zure lagunak mendi ibilaldietara abarkekin joateagatik zarete ezagunak.
Bai. Normalean ni eta nire bi lagunak abarketan joaten gara mendira. Txapela eta nik neuk etxean eginiko karraka ere eramaten ditut, anoa postuetan jendea agurtu eta animatzeko. Mendi giroan harmonia ematea da gure asmoa. Hamabi urte daramatzagu abarketan ateratzen.
Ez al da zailagoa abarkekin mendian gora igotzea?
Guri orain mendiko botak jarriz gero ez genukeen horrenbeste kilometro egingo. Ez dugu finolatzeko egiten. Askoz gusturago ibiltzen naiz ni abarkekin botekin baino. Aspaldi hasi ginen abarkekin mendian ibiltzen eta horrela ohitu gara. Barne zola bat eramaten dut abarketan, eta galtzerdi teknikoaren gainean artilezkoa. Horrek ez du pisurik hartzen. Badakit egungo botak askoz hobeak direla, baina ni horrela ohitu naiz.
Xexilio Laurendi. 2010eko Shebe Peña sariaren irabazlea
«Abantaila asko dituzte martxek; lasaitasun handia ematen dute»
'Mendia' eta 'adiskidetasun' hitzak bata bestearen atzetik darabiltza Laurendik. Mendiarekiko duen konpromisoa saritu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu