Mendia atzean utzi, eta hirira egin dute salto Olentzerok eta Mari Domingik. Atzo errepidea zapaldu zuten bi pertsonaien abarkek. Izan ere, Bilboko eta Iruñeko hainbat auzo bisitatu zituzten, eta haurrak agurtu, eta kolorez eta musikaz beteriko kalejiretan parte hartu zuten. Eguberriak ate joka direla gogorarazi zieten karriketan bildutako herritarrei.
Iruñeko Azpilagaña, Arrosadia, Mendillorri, Etxabakoitz, Buztintxuri eta Iturrama auzoetan izan ziren bi pertsonaiak. Azken horretan, Amaiur ikastolako gurasoek eta auzoko elkarteek elkarlanean antolatu zuten kalejira. Tartean zen Jose Ramon Asiain, lehen mailako haur baten gurasoa. «Umeak ditugunondako gozamena da, adin oso onean daudelako, eta ilusio handia egiten dielako gurasoek Olentzerori gurdia prestatzen laguntzea».
Inguruan zebilen lehen mailako ikasle bat, Oier Ederra. «Niri animaliak gustatzen zaizkit», esan zuen. Izan ere, gurdietako batean ahuntzak eraman zituzten ibilbide osoan. Dotore jantzi zen Ederra, Olentzerori harrera egiteko propio jantzi zituen txapela eta abarkak: «Gustuko dut jantzia». Ez zuen gogoan zer eskatu zion Olentzerori, edo agian berarentzat gorde nahi zuen. Atzo, behinik behin, oparirik onena gurdian igotzea izan ziren.
Urduritasuna nabaria zen Amaiur ikastolako jolastokian. Han ziren joaldunak, joareak gerriaren bueltan gogor lotzen, eta gaiteroak, mihia berotzen, kalejirak luze jotzen baitu musikarientzat. Olentzero eskolako balkoi batera atera, eta berehala hasi ziren haurrak hari oihuka. Jolastokian zirenak bezala, hura ere urduri zegoen. «Nik txikiek baino hobe pasatzen dut; hau ez da lana, hau ordainezina da, ez dakit nola azaldu», zioen kalera atera aurretik. Hark gehien maite duen unea bukaera da, plazan haurrekin solasean aritzeko denbora izaten baitu, baita txantxetan ibiltzeko ere.
Zain zituen denak, baita Olentzero irudikatzen duen panpina ere. Seigarren mailakoek eramaten dute bizkar gainean, beti. Aurten Joane Izalek paratu du sorbalda, bere gelakideekin batera. «Kalejira asko gustatzen zait, dibertitzen garelako. Gainera, batzuek dantzatu behar dugu, eta gero txokolatea emanen digute», azaldu zuen. Gaur, Iruñeko Alde Zaharrera joanen da Olentzero ikustera.
Auzo gehienetan antzeko kalejirak egin zituzten, eta janaria ere ez zen falta gehienetan. Alde Zaharrean egin zuten kalejirarik bereziena. Duguna dantza taldeak kalejira egin zuen emakume itxura duen Olentzero panpinarekin. Dagoeneko ohitura dute taldeko gazteek kantatzera eta puska biltzera ateratzea.
Argi eta musika desfilea
Iruñeko Olentzero eta Mari Domingiren itxura gutxi zuen, ordea, Bilbokoak. Igandetako arropekin iritsi baitzen Bilbora galtzagorri, jentil, lamina eta joaldunez lagundua. Ikazkinak egurrezko zaldi erraldoi baten gainean egin zuen erdigunea zeharkatu zuen desfilea, inguruan zituen haur denak une oro agurtuz. «Agur, Olentzero! Opari asko ekarri», zioen haur batek bere amaren bizkarrera igota zegoela. «Txintxoa izan naiz, benetan!», beste batek. Izan ere, bidea egin ahala Olentzerori egindako oihuak etengabeak izan ziren. Bai haurren aldetik, bai gurasoen aldetik. Areago, Moyua plazatik Arriaga antzokirainoko bidean Olentzero non zegoen jakin zitekeen bide bazterrean sakelako telefonoek egiten zuten argiaren arabera. Argazkiak ateratzen ari ziren gurasoak zeuden sakelakoen atzean.
Antzekoa gertatzen zen Olentzero baino lehenago zihoan Mari Domingi azaltzen zenean ere. Haren izena oihukatu eta errepikatu zuten haurrek, eta Mari Domingik inguruan zituen galtzagorriek ere behin eta berriro animatzen zituzten haurrak oihu egin zezaten: «Ea! Badatorrela Mari Domingi! Egin oihu!». Olentzerok ez bezala, Mari Domingik ahate erraldoi batean egin zuen ibilbidea, eta haurrek ere opariak eskatzen zizkioten: «Panpina bat nahi dut Mari Domingi!».
Iluntzean egin zen desfileak milaka haur eta gurasoren arreta bereganatu zuen Bilbon. Udalak antolatzen duen ekitaldia musikaz eta ikuskizunez osatua dago erabat. Joaldunek bidea zabaltzen zuten, eta ostera lau erraldoi zihoazen. Garabia gisako burdinazko egitura batean lamina bat zihoan Hator hator kantatzen, eta haren atzetik zihoazen galtzagorri eta jentila. Opariz betetako gurdi bat ere bazeramaten, eta, bien bitartean, galtzagorriek Olentzerori eta Mari Domingiri idatzitako gutunak jaso zizkieten haurrei. Maite Garciak zeharka begiratzen zion horietako bati, eta ea Olentzerori emango ote zion ziurtatu nahi izan zuen: «Nik berari eman nahi diot, eskura». Baina altuegi zegoen, eta galtzagorriak bitarteko lana egingo zuela zin egin zion.
Bidean aurrera egin ahala, suak eta musika etengabea zen. Egun handia baitzen Bilboko kaleetan. Desfilea Arriaga plazara iritsi zenean, Mari Domingi eta Olentzero antzokiko leihora igo ziren, eta bertan bilduta zeuden haurrei eta gurasoei zin egin zien opari denak ongi iritsiko zirela. Gogorarazi zien, gainera, gaur bertan Arriaga antzokian egongo direla haurren gutunak banan-banan jasotzen, 11:00etatik 14:00etara. Hori entzutean, beste gutun bat idatziko zuela esan zuen Garciak. «Olentzero ezagutu nahi dut, eta bere gainean eseri nire zerrenda zein den esateko».
Arriagara ez ezik, Bilboko gainerako auzoetara ere iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi gaur. Besteak beste, Zorrotza, Uribarri eta Basarraten izango dira. Baina, aurrez, Bilbo Zaharra eta San Frantziskon izan ziren atzo. Leku askotan batera egon daitezke eta.
Abarkak asfaltoaren gainean
Olentzero eta Mari Domingi Bilbora eta Iruñeko hainbat auzotara ailegatu dira dagoeneko, eta musikarekin eta dantzarekin egin diote harrera bi hiriburuetan. Jatekoa eta dantzak Iruñean, herritarrek parte hartzen duten kalejiran. Gurdi handiak Bilbon, ikuskizuna nagusi den desfilean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu