Zuhaitzez zuhaitz ibiliz, naturaz gozatzea. Horixe da Euskal Herrian zehar dauden abentura parkeek eskaintzen duten aisialdi mota. Soken bidez proposatutako bideak adrenalina igotzeko balio du, baina altueraren ondorioz zorabioak izaten dituzten pertsonentzat agian ez da hain gomendagarria. «Ez da mundu guztiarentzako eskaintza bat, batzuk oso ongi pasatzen baitute, itzultzeko irrikatsu, baina besteek beldurra pasatzen dute», Tomas Andueza Urbasa Abentura parkeko arduradunak azaldu duenez. Baina erabat seguruak dira. «Ez dugu sekula istripurik eduki parkea zabalik daukagunetik», Iñaki Iroz Beigorri abentura parkeko arduradunak adierazi duenez.
Hamar urte dira Euskal Herrian lehenengo abentura parkea zabaldu zenetik, eta, ordutik, bazter guztietan zabaldu dira zuhaitzen edo estrukturen artean ibiltzeko parkeak. «Lehiarik ez da; oraindik jende asko dago zuhaitz parkeak zer diren ez dakiena», dio Ekaitz Zubeltzu Txindokiren itzala parkeko kideak. «Bat ezagutu ondoren, gainerakoak ere bisitatu nahi izaten dituzte bisitariek. Aberasgarria da».
1. Beigorri
Lekunberrin (Nafarroa) zabaldu zuten Beigorri parkea 2002ko neguan. «Frantzian egon nintzen, eta Pirinioetan gisa honetako parke bat ezagutu nuen», eta Nafarroara itzulitakoan halako zerbait martxan jartzea erabaki zuen Irozek. «Frantziako eredua garatu genuen, eurak izan baitziren gisa honetako parkeetan aitzindariak». Estruktura edo zuhaitzen artean zubi edo pasabide askotarikoak tartekatzean datza eredu hori, eta Irozek horixe egin zuen. Nafarroan zuhaizti onak daudela dio, eta Lekunberriko pagadi eta harizti batean kokatu zuten euren parkea. «Pasabideak elkarren artean ahalik eta ezberdinenak izan daitezen saiatzen gara, zubiak errepikatu ez daitezen. Jendeari arreta eskatzen dioten frogak dira».
Hamar urteko ibilbidean, harrera beroa izan du proiektuak, Irozen arabera. «Hasieran jendeak ez zuen ezagutzen, eta harrituta geratzen zen, ez baitzuten jakiten zertara zetorren». Orain, ordea, jendearengana iritsi direla uste du. Eta horretarako, Beigorri Abentura taldeak egindako lana nabarmentzekoa da. Hamar urtean parke gehiago zabaltzen lagundu dute Nafarroan. Lau, denetara: Narbarten, Auritzen, Arantzan eta Oibarren. «Prestakuntza eman diegu parkea nola kudeatu erakusteko». Auritzekoa, gainera, elbarrientzat egokituta dago. Eskaintza zabala eta denentzakoa daukate, beraz.
2. Sopuerta Abentura
Sopuertan (Bizkaia) dagoen abentura parkea ere denentzat zabalduta dagoen lekua da. «Askotan uste da haurretzako parkeak izaten direla, baina ez da horrela», dio Nabar Ibarrondo arduradunak. Gainera,«ingurune naturala ezagutzeko modu aproposa da, orain arte gutxi sakondu dena». 2007ko uztailean zabaldu zuten parkea, etaBizkaiko lehenengoa izan zen. Egundaino bakarra ere bada.
14.000 metroko lur sailean batean dago Sopuerta Abentura, eta,denetarabost zirkuitu eskaintzen dituzte, «zailtasuna eta altuera handitu egiten da batetik bestera». Zuhaitz batetik bestera doazen pasabideak ere askotarikoak dira, «ibilaldiak ahalik eta entretenigarrien egiten saiatu gara». Tirolina ugari ere badituzte; horien artean, Euskal Herriko eta ibilbide luzeena duena.250 metro luze den tirolina bat inauguratu berri dute aurten, eta beste bat 140 metro luze dena.«Tirolinen zirkuitu bat ere badugu gogoko dituenarentzat».
3. Txindokiren itzala
Inguru apartean dago Larraitzeko (Abaltzisketa, Gipuzkoa) Txindokiren Itzala abentura parkea. Izenak berak dioen bezala, mendi ezagunaren magalean baitago. 2010ean inauguratu zuten, «Abaltzisketako udalak tokiko garapena bultzatzeko eta lanpostuak sortzeko helburuarekin ideia lehiaketa bat antolatu zuen, eta gureak irabazi zuen», azaldu du Zubeltzuk. Era horretan, Gipuzkoako abentura parke bakarra jarri zuten martxan. «Besterik ez egoteak eragin digu, eta oraingoz harrera ona jaso dugu». Hala ere, eguraldiaren menpe daudela onartzen du, eta, alde horretatik, aurtengo udaberrian nahi baino lan gutxiago izan dutela dio Zubeltzuk.
Hiru zirkuitu eskaintzen dituzte, Mariren zuhaiztia izena jarri dioten basoan. «Parkea familian egiteko aisialdi moduan jarri dugu, hau da, adin guztietarako». Horregatik, zirkuitu txikienean haurrek gurasoen laguntza behar dute; «familiarentzako proiektu bat da».
4. Urbasa Abentura
«Urbasa ustiatu gabeko ingurune bat da», azaldu du Anduezak.Betitik eskalatzen eta ingurunean antzeko ekintzak egiten ibiltzen direnez, abentura parke bat jartzea pentsatu zuten joan den urteko urrian. «Gure ibarrarentzat aberasgarria izango zela iruditzen zitzaigun». Hala ere, aurreko eskaintzetan ez bezala, Larragoako (Nafarroa) abentura parkeko aireko ibilaldiak estruktura bidez egiten dira. «Inguru honetan harkaitz asko daude, eta horiez ere baliatzen gara ibilbideak egiteko», Anduezak adierazi duenez. Horregatik, askotariko eskaintza daukatela uste du Urbasa Abenturako kideak. Sei zirkuitutatik ibiltzeko aukera dago han, eta «harkaitzetan ibiltzeko aukerak besteek ez daukaten eskaintza ematen digu». Hala eta guztiz ere, oraindik ez du zehazten jendeak atsegin duen edo ez, oraindik urtebete ere ez baita pasatu parkea martxan jarri zutenetik.
Ezarian. Abentura parkeak
Abentura, basoan bertan
Soken bidez airean ibiltzeko zirkuituak eskaintzen dituzten parkeen eskaintzak gora egin du azken urteetan. Hamar urtean era honetako parke asko zabaldu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu