ATZEKOZ AURRERA. Oihane Zabala. Eibarko Koro Gazteko abeslaria

«Abestea ez da izan nahikoa guretzat»

'Neguko Ahotsak' izeneko lehen diskoa kaleratuko du Eibarko Koro Gazteak. Bilduma aurkezteko saioa eskainiko dute aurten Durangoko Azokan. Oihane Zabala izan da produkzio arduradunetako bat.

GORKA RUBIO / FOKU.
iraia vieira gil
Eibar
2023ko urriaren 28a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Musikarekiko zaletasunak bultzatu zuen Oihane Zabala (Ermua, Bizkaia, 2000) Eibarko Koro Gaztean (Gipuzkoa) izena ematera. 15 urte zituen orduan, eta gaur egun ere bertan jarraitzen du. Abenduan, hain zuzen, Neguko Ahotsak izeneko diskoa kaleratuko dute. Abesbatzaren lehen diskoa izango da, eta Gabonetako kantak bilduko ditu. Koruko kide nagusiek hartu dituzte produkzioko ardura handienak: Zabalak berak, Jon Alonsok eta Ainhoa Beorlegik. Durangoko Azokan eta Eibarren emango dituzte lana aurkezteko kontzertuak.

 

Nola otu zitzaizuen disko bat egiteko ideia?

Eibarko Koro Gaztea anbizio handiko proiektua izan da beti. Kontzertuak ematea eta besterik gabe abestea ez da nahikoa izan guretzat; istorioak ere kontatu nahi ditugu. Esperientzia desberdin bat eskaini nahi diogu entzuleari, eta beti izan dugu disko bat grabatzeko nahia. Eibarko Kultura Sailak iaz egin zigun proposamena, eta oso eskaintza pozgarria izan zen guretzat. Erronka handia izaten ari den arren, uste dugu diskoa grabatzeko prest gaudela.

Noiz hasi zineten proiektuari forma ematen?

Duela urtebete, eta prozesu neketsua izaten ari da. Abenduan zehaztu genuen gaia, eta urtarrilean aukeratu genituen kantak. Ekainera arte egon ginen entseatzen, eta gero oporrak hartu genituen, irailera arte. Hibai Etxebarria gure zuzendariak eman zizkigun klase batzuk, eta beste zuzendari batek eman behar izan zizkigun eskolak. Ez da erraza izan biekin egindako lana bateratzea.

Emaitza ona izaten ari dela uste duzu?

Zalantzarik gabe, bai. Hibai oso profesionala da, eta abestietarako moldaketa politak egin ditu, gure estilora egokitutakoak. Ezohiko korua osatzen dugula esango nuke: gaur egungo kantak abesten ditugu, 15 eta 23 urte bitarteko gazteak gara, eta bakoitzaren identitatea nabarmentzea gustatzen zaigu. Bakarlari asko daude, eta interes indibidualak garrantzi handia du.

Zelako abestiak bilduko ditu diskoak?

Euskarazko, ingelesezko eta gaztelerazko abestiak daude diskoan. Euskaraz abestea asko gustatzen zaigu, gure hizkuntza delako, baina Gabonetako abestietan ingelesa presente dago beti. Mariah Carey-ren All I Want For Christmas Is You, esaterako. Ingelesezko eta gaztelerazko kanta batzuk euskaratzea ere erabaki genuen, eta guk geuk egin dugu. Diskoko kanta guztien artean, Hator hator da nire gogokoena. Musikal kutsua eman diogu.

Nola banatu dituzue ardurak?

Hamazazpi kide gara guztira, eta nagusiek gazteei gauza batzuk nola egin behar dituzten erakutsi diegu; sare sozialak kudeatzea, adibidez. Bakoitzak, gainera, kantatzea ez den beste talentu bat du: ikus-entzunezko komunikazioa ikasi nuen nik, dantzan trebeak dira asko, eta batzuek marrazten ere badakite. Diskoaren parte izango den bideoklipa eta CDaren diseinua guk geuk egin dugu. Prozesu osoa talde lanaren fruitua izan da.

Durangoko Azokan aurkeztuko duzue diskoa, ezta?

Bai. Diskoak saltzeko erakusmahaian egongo gara egunero, eta hogei minutuko kontzertu bat ere emango dugu. Eibartik haratago zabaldu nahi dugu gure musika, eta erakutsi nahi dugu Eibarrek kultur eskaintza handia duela, ez bakarrik futbola. Oihalezko poltsak eta gure musika entzuteko USBak merkaturatzea da gure ideia.

Urduri zaudete?

Kontzertuak ematera ohituta gaude, baina abestu aurreko urduritasuna hor dago beti; are gehiago halako momentuetan. Abesten dakigu, eta horretarako prest gaude. Eibarren ere izango gara, abenduaren 23an, Koliseo antzokian. Emanaldi dinamikoa izango da, eta diskoa grabatzeko prozesua nolakoa izan den ere erakutsiko dugu bideoen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.