Urteetako ohiturari eutsiz, haur eta helduen danborradak izango dira gaur Beasainen. Goizean haurren txanda izango da; helduak, berriz, arratsaldean irtengo dira. Helduen danborradak berrikuntzak izango ditu aurten, bi abesti berri joko baitituzte: Loinazko Martin Deunaren ereserkia eta Prontxio. Lehena duela ehun urte baino gehiago konposatu zuen Ignacio F. de Eleizgaraik, eta 50 urte baino gehiago dira txistulari bandak jaietako astelehenean jotzen duela. Prontxio, aldiz, arin-arina da. Pieza horren aurretik, Beasainmendin fandangoa entzungo da Beasaingo kaleetan.
Helduen zazpi-zortzi bat elkarte irtengo dira, guztira 400 lagun inguru. 18:30ean aterako dira danborrekin, eta lehenik, euren elkartearen inguruak girotuko dituzte. Afalostean, konpainia guztiak elkartu eta CAFeko kapera ondotik abiatuko dira desfilea egiteko.Bidean, bandaren ordez megafoniako musika izango dute lagun, «zaila baita jende askorekin bandaren musika entzutea». Amaieran, ohi bezala, plazan joko dute, eta Udal musika bandak eta Koskola txarangak itxarongo diete kioskoan.
Doinu berriak izanagatik ez dute ibilbidea luzatuko; bi gehitu eta bi kendu dituzte, guztira zazpi izaten jarraitzeko. Zortzi dira, berriz, plazako azken emanaldian entzun ahal izango diren piezak.
Pello Irizar eta Mikel Olanorena izan zen abesti berriak gehitzeko ekimena. Herriko musikari ekarpen bat egin nahian, urteroko errepertorioa aldatzea erabaki zuten. «Orain arte Donostiako danborradako abestiak eta Beasaingo martxa jotzen genituen, eta beasaindarrek egindako abestiak edo Beasainekin lotura zutenak sartzea pentsatu genuen», azaldu du Olano danbor nagusiak. Iaz hasi ziren aldaketekin, eta Aufa eta Beasain jaietan kantak jo zituzten lehenengoz. Aurten, gainera, haurren danborradan ere entzun ahal izango da Beasain jaietan. «Helduen danborrada berrituz doan bezala haurrena ere berritzen joatea espero dugu». Berrikuntzak sartzearen arrazoietako bat jendea entseguetara animatzea zen, azken urteetan jende gutxik parte hartzen baitu. 70eko hamarkada amaieran berreskuratu zuten danborrada herrian, eta geroztik, aldaketa gutxi egin dituzte abestietan. «Hilabete lehenago zertarako joan abestiak jotzen baldin badakit?», zioen jendeak.Horri aurre egiteko, «abesti berri hauek eragingarri bat izatea nahi genuen, eta nik parte hartzen dudan elkartean behintzat lortu dugu». Bareak elkarteko kidea da Olano; horrez gain, Beasaingo danborradako danbor nagusi da 2007. urtetik.
Abesti berriak joko dituzte helduen danborradan
Loinazko Martin Deunaren ereserkia eta 'Prontxio' kantak entzun ahal izango dira aurten, lehenengoz

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu