Frantziakoak izango dira futbol talde gehienak, 34 guztira, eta AEB —33— eta Mexikok —6— jarraituko diete. Asiak inoiz baino ordezkaritza gehiago izango du aurten, eta erakundeen laguntzari esker etorriko diren bi talde gonbidatu ere badira: Palestinako errefuxiatu kanpamentu batetik datorren nesken taldea, eta Mozambikeko umezurtz etxe batetik etorritako mutil taldea. Azken urteetan ohitura bihurtu da, kanpoko erakundeek lagunduta, berez etortzea ezinezkoa duten taldeak gonbidatzea.
Futbol profesionaleko taldeen azpimailatan jokatzen duten gazteek ere izango dute euren tokia. Hala izango da Paris Saint-Germaineko mutilentzat eta Rayo Vallecanoko neskentzat. Euskal Herriko ordezkaritzari dagokionez, Donostia Cupen egongo dira Oiartzungo neskak, esaterako, lehen mailara igo berri direnak. Guztira, Euskal Herriko 255 futbol taldek eman dute izena.
Futbol partidez gain, bestelako ekintzak ere ospatuko dira datozen egunetan, Donostian. Lehiaketako zuzendari Iñigo Olaizolaren hitzetan, egitarau osatua lortu dute aurtengoan. Gizarteratzearen aldeko futbol partida, Fan Zone musika gunea, urteroko afaria eta Kursaaleko terrazan ospatzen den amaierako festa aipatu ditu, besteak beste. Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, egun garrantzitsuak dira, hiriarentzat aukera ekonomiko eta aberasgarria baita.