Komunikazioa

Abian, zuen baimenarekin

Nafarroako Euskalerria irratiak denboraldi berria hasi du, gogotsu eta eraberrituta, 25 urteko ibilaldian harpidedunek, entzuleek eta kolaboratzaileek izan duten garrantzia ahantzi gabe.

Donostia
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Sasoi berriari itxaropentsu begiratzen dio Euskalerria irratiak, duen egoera zaila irauliko dela sinetsita. Bitartean, badakite harpidedunen, entzuleen eta kolaboratzaileen leialtasuna eta berotasuna ondoan sentituko dituztela, eta denboraldi berrian, haien garrantzia nabarmentzea dute asmoa. Euskal Herria, zuen baimenarekin leloaren bidez, eskerrak eman nahi izan dizkie irratiak urteetan alboan izan dituen lagunei, Nafarroako Gobernuaren oztopoen gainetik jauzi egiteko hainbatetan eskuak luzatu dizkiotelako. Hain zuzen, aurki emango du gobernuak irratiak eskatutako bi lizentzia berrien adjudikazioaren ebazpena. Ezezko tradizionala baiezko bihurtzea desio du irratiak.

Programazioa, aldaketaz blai

«Gure programazioaren mamia aldatuko da, baita azala ere», diote irratiko kideek. Izan ere, sintonia guztiak berritu dituzte, baita irratsaioen izenak eta ordutegiak aldatu ere. Goizeko albistegia eta magazina batu egin dituzte, Metropoli forala izenburupean. Lehen tartea, 08:30etik aurrera, Mikel Bujandak gidatuko du. Bigarrena, 09:00etatik 11:00etara, Pello Argiñarenak. Gauza bera egin dute arratsaldeko magazinarekin eta albistegiarekin ere. Saioa Arratsalde.On deituko da, eta Reyes Ilintxetak zuzenduko du. Lehen orduan informazioa izanen da nagusi, eta hurrengo bietan, elkarrizketa sakonagoak, kultura eta umorea. Tarte horretan, seiak aldera, konexio berezi bat egingo dute Berri.info-rekin, azken orduko berrien inguruko informazioa zuzenean jasotzeko. Iruñerrian gaur eguerdiko albistegia Oihane Arangoak gidatuko du, 13:30ean. Gauetan, musika saioak izango dira protagonista.

25.urteurrenak tartea izango du, noski, programazioan. Hilean behin, pertsona ezagun bat elkarrizketatuko dute, estudioetatik at, jendaurrean. Metropoli forala saioan, Iruñerriko 25 leku esanguratsu bisitatuko dituzte, Kike Diaz Ultzurrunen eskutik; eta Arratsalde.On saioan, 25 kale eta eraikin izanen dira protagonista. Bujandak, azken urteetan Nafarroan garrantzitsu izan diren 25 pertsona elkarrizketatuko ditu.

Topagune bilakatu nahian

Euskalerria irratiak mende laurdena betetzearen harira, irratia birsortzeko ahaleginean murgiltuta dago lantaldea. Helburuetako bat herritarrentzako elkargune izatea da: «Euskadunentzat erreferente izan nahi dugu, baita Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri jaso nahi dutenentzat ere».

Horrela, denboraldi berrian inoiz baino mahai inguru gehiago izanen dira, eta denetariko gonbidatuak ekarriko dituzte: gizarte mugimenduetako kideak, sindikalistak, politikariak, kultur sortzaileak, euskalgintzako eragileak... Bestalde, albistegietan eta magazinetan, iritzi tarteetako gonbidatu kopurua handitu egingo da; 10 eta 30 gonbidatu izanen dira, hurrenez hurren. Kolaboratzaile ezagunak batzuk : Josi Basterretxea, Mikel Soto, Aingeru Epaltza, Edurne Begiristain, Patxi Huarte Zaldieroa, Angel Erro, Elixabete Garmendia eta abar. Berriak, besteak; hala nola, Alberto Barandiaran, Floren Aoiz, Koldo Martinez eta Zaloa Basabe. Sarean ere presente egon nahi du irratiak. Hala, iritziak eta edukiak euskalherriairratia.com webgunean bilduko dituzte, eta bertan, saio guztiak zuzenean entzuteko aukera izango da. Sare sozialetan ere informazioa eta edukiak partekatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.