Pirinioak gurutzatzeko gunerik aproposenetarikoa zen garai batean, eta handik pasatu dira bisigodoak, erromatarrak, zeltak eta baita Frantziako gudarosterik ezagunenetariko bat ere. 778koa da bataila. Ezaguna da historia, eta are ezagunagoa, ziur aski, kondaira. Zaragozatik bueltan, Iruñea txikitu ondoren, etxerako bidean zirela, baskoien erasoa jasan zuten Karlomagnoren gizonek, Orreaga inguruan (Nafarroa). Han hil zen Errolan, frantziar gudaririk behinenetariko bat, eta Chanson de Rolan ezagunean kontatu zuten Erdi Aroko koblakariek haren istorioa. Gerora ere, pasabide izan da herria. Donejakue bideari lotuta, mendez mendeko erromes kopuruaren gorabeheraren menpe egon da haren garrantzia. Egun, indartu egin da berriz haren pisu estrategikoa, eta bidearen erreferentziazko guneetariko bat da. Santiagorainoko bidea egiteko abiapuntu da jende askorentzat, baina helmuga izateko ere aski xarmarekin.
Orreaga inguru guztia da ikusgarria. Luzaiderekin muga egiten duen Ibañeta gaineko paisaiak, adibidez. Zehazki non hil zen jakiterik ez bada ere, han eraiki zuten Errolanen oroitarria, muinoan dagoen San Salbatore ermitaren alboan, hain zuzen. Beherago dago, ordea, Orreagaren bereizgarri nagusia; Errege Kolegiatako eraikin multzo ikusgarria. Bideari lotuta dago haren historia. Erromesentzako hainbat ospitale garrantzitsu izan zituen garai batean, eta egun, inguru hori bera da bidea egiten dabiltzanentzako harrera gune nagusia. Han daude ostatu eta zerbitzu gehienak.
Denborarekin desagertu egin dira eraikin multzoko zati batzuk, baina zutik daude beste asko. Ikusgarria da, adibidez, XII. mende bukaeran eraikitako eliza. Gotikoaren harribitxi, katedral txiki moduko bat. Eta ederrak dira Izpiritu Santuaren kaperako kanoi erromanikoak ere. Handik gertu dago kolegiatako altxorrak gordetzen dituen museoa, Karlomagnoren xake taula eta guzti.
Biderako egoki, gelditzeko apropos
Baina eraikinez gain, inguruak ere egiten du eder Orreaga, eta ibilaldiak maite dituenak aurkituko du non ibilia. Festazale eta dantzazaleentzako ere aukerarik ez da falta. Aste Santuan edo uztaila bukaeran joanez gero, ikusi beharrekoak dira bolantak Luzaiden (Nafarroa), eta maiatzean ganadua markatzeko festak Sorogainen (Nafarroa) eta Urepelen (Nafarroa Beherea). Uztailean, Auritzen suak izaten dira sanjuanetan, eta tribuli izeneko hango dantza dantzatzen dute. Bisitaria asetzeko nahikoa ez balitz, gainera, aitzakia handirik ez da behar gazta edo ogi mami platerkada bat jateko. Horiek dira inguru horietako gastronomiaren gutiziak. Bidean aurrera jarraitzeko egoki, eta bertan gelditzeko apropos. Orreaga abiapuntu edo helmuga izan.
Abiapuntu eta helmuga
Euskal Herriko txokoak. OrreagaHistoriak eta mitoak, herriak eta Donejakue bideak, paisaiak eta eraikinek, guztiek egiten dute bat Orreagan, bisitariaren gozagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu