Osasun egoeragatik hamaika egitasmo bertan behera utzi edo murriztu behar izan ondoren, 2022a «irria, poztasuna eta jaiak berreskuratzeko urtea» dela uste du Bilboko Konpartsen Federazioak. Hala adierazi dute Nerea Matute eta Ioritz Varona bozeramaileek goizean, Bilboko Hika ateneoan egindako prentsaurrekoan. Nagusia egingo dugu! lelopean, hainbat ekintza dituzte aurreikusita dagoeneko, eta horietako zenbait aletu dituzte agerraldian. Gaur-gaurkoz, egingarriak ikusten dituzte.
Jai urtea hamabost egun barru abiatuko da Aratusteetako X. Kopla Txikien Lehiaketarekin, eta beste hainbat jarduera egingo dituzte martxoaren 1era bitarte. Bilboko Udaleko Jai Batzorde Mistoak emango ditu egitarauaren inguruko xehetasunak laster. Apirilaren 6an, Korrika Bilbora helduko da, eta harekin egingo dute bat konpartsetako kideek.
Ekainean, kirola eta bizimodu osasuntsuan oinarritutako ekintzak egingo dituzte, baita Bolintxu aldarrikatzekoak ere. Hilaren 11n, Txosnaganerako ohiko mendi ibilbidea antolatuko dute, eta jarduerak izango dira baita San Joan bezperako gauean ere.
Uztailaren 16an Konpartsakide Eguna ospatuko dute, eta jopuntuan dute dagoeneko Aste Nagusia. Aurten abuztuaren 20tik 28ra bitarte egingo da, eta Jai Batzorde Mistoa osatzen duten ordezkariak lanean dabiltza jada; hau da, Itziar Urtasun Jaietako zinegotzia eta udaleko beste zenbait ordezkari, eta Bilboko Konpartsak Federazioko, Fekoor Gutxitasun Fisikoa edo Organikoa duten Pertsonen Bizkaiko Federazio Koordinatzaileko eta Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko ordezkariak.
Sare sozialetan #NGS22 traolarekin bilduko dituzte ekintzen inguruko informazioa eta iruzkinak. Bestalde, auzoetan egiten den lana ere nabarmendu dute konpartsakideek: «Jai urte honen oinarrian badira Bilboaldeko herrietako eta auzoetako jaiak, eta jai batzorde horien izugarrizko lan paregabe eta gutxitan eskertua».