Abuztuan, artez blai

Edonorentzat ikusgai jarriko dituzte abuztuan Juan Karlos Pikabeak eta Diana Iniestak urte osoan margotutako koadroak, Lesakan eta Erratzuko garbitegian, hurrenez hurren.

Pikabea, Irisarri etxeko erakusketan, urte osoan pintatutako lanez inguratuta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lesaka-Erratzu
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Bertze urte batez, iritsi da Baztan Bidasoako margolariek urte osoan egindako obretan murgiltzeko garaia, ateak irekiko baitituzte euren lanak publikoari erakusteko. Juan Karlos Pikabeak (Lesaka, 1964) Lesakako Irisarri etxeko ateak edonori ilusioz irekiko dizkio abuztuan, margotutako koadroen prozesua azaltzeko irrikaz. Guztira, oihal gaineko olioz egindako 35 bat obra daude ikusgai, 17:00etatik 21:00etara. Baztan aldera bidaiatuz, Diana Iniestak ere (Sabadell, Herrialde Katalanak, 1971) Erratzuko garbitegian jarri du erakusketa, 20 bat lan eskegiz; gehienak, ohol gaineko olioak. 18:00etatik 21:00etara izanen da obrak ikusteko beta.

Margolarien begietan zein hitzetan pasioa nabari da: «Beldurra ezagutzen dut, baina pasioa askoz indartsuagoa da». Paulo Coelhoren hitzak gogorarazi ditu Iniestak. Pikabearen esanetan, «artea ez da teknika hutsa, sentimendua da; ez badago sentimendurik, akabo».

Bi artistek Baztan Bidasoa pintatzea atsegin dute, eta, ondorioz, obra gehienak bertako paisaienak dira, salbuespenak salbuespen. Iniesta duela zazpi urte iritsi zen Erratzura eta Baztan «zoragarria» dela adierazi du. Haren lan gehienetan, Baztango basoak zein ibaiak azaltzen dira. Egunean zortzi bat ordu ematen dituzte margotzen, baina Iniestak azaldu du pintatzen baino «askoz denbora gehiago» eman behar dela begiratzen: «Giza begiak mundua nola hautematen duen ulertzea ezinbestekoa da».

Iaz, New Yorken egon zen, eta hango egonaldia mugarri izan zen harentzat: «Bizitzako islekin jolasten ikasi dut han, irudien alde positibo eta negatiboen artean oreka lortzen; bi aldeek elkarrekin talka egitean trumoia sortzen da, aldaketa bat. Hori gertatu zait niri». Ameriketan alderdi akademikoa abstrakzioarekin uztartzen ikasi duela adierazi du. «Lehen, ez nituen erretratuak pintatzen, baina putzuaren beste aldean bizitik pintatzen ikasi dut, eta hori garatzen nabil orain».

Mundua ezagutuz

Pikabea ere ez da geldirik egoten den horietakoa. Pariseko Salon des Independencesen bost obra jarri zituen duela pare bat urte, eta New Yorkeko erakusketa batean egon zen. Handik Bruselako feria ezagun batera joan zen, eta, ondoren, Hego Koreako erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen. «Margolaria etengabe mugitzen egotea ona da, munduari beldurrik gabe aurre egitea», dio.

Biak ala biak kolore bizien «maitale sutsu» dira, eta horren erakusle dira bi erakusketak, oso «biziak» baitira. «Udazkeneko koloreekin jolastea zoragarria da», azaldu du Pikabeak; Iniestak, berriz, neguan pintatzen du gehien.Haren lanen ardatza argia da: «Argia objektuen %100 da, eta gauzak argiak ematen dion moduarengatik ikustea bikaina da; basoak horretarako aukera eskaintzen du, argiarekin eta itzalarekin jolasten baita bertan», azaldu du basoak zoratzen dutela onartu ostean.

Pikabea leku askotan ibiltzen da margotzeko gai baten bila. Zerbaitek atentzioa ematean, argazkia atera, eta tailerrera joaten da lanera. «Argazkian agertzen denetik at, bakoitzaren sorkuntzak dauka garrantzirik handiena». Iniestak adierazi duenez, zer margotu erabakitzeko beharrezkotzat jotzen du berarentzat zentzu emozional bat izatea.

Erratzuko margolariaren erakusketako obra nagusiak Baztan ibaia eta Xorroxingo ur jauzia dira. Bakoitzean murgiltzeak eta islekin jolasteak «bizia» ematen diola aitortu du Iniestak. Hortik sortu zen erakusketaren izena: Ispiluan. Pikabeak ere asko jolasten du urarekin, baina normalean etxean egiten duen erakusketari ez dio izenik jartzen.

Bi margolariez gain, beste hainbatek ere euren etxeko ateak irekiko dituzte abuztuan, hala nola Jose Mari Apezetxeak, Teresa Lafraguak eta Xabier Soubeletek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.