Oiartzualdeko Hedabideen Administrazio Kontseiluak ON aldizkariaren bidea amaitutzat eman du. Aste honetan argitaratu dute azken zenbakia, eta bertan Urko Etxebeste zuzendariak balantzea «oso-oso ona» izan dela adierazi du. «ON-en gainean hasieran jarri genituen helburu guzti-guztiak bete ditugu», gaineratu du. «Eta hori aldizkariak izan dituen kolaboratzaile eta laguntzaile guztiengatik izan da».
ON desagertuko da, baina horren oinordekoa prestatzen ari dira. Hilabetekeria izan beharrean astekaria izango da oinordekoa, eta Boga izena jarriko diote. Hilaren 27tik aurrera, ostiralero Hitza-rekin batera argitaratuko dute egunkari paperean. «Boga-n ON-en antzeko erreportajeak azalduko dira, baina egunerokotasunari lotuagoak», argitu du Etxebestek. Hamasei orrialde izango ditu astekari berriak. Horietatik bik Iritzia atala osatuko dute eta beste bik asteburuari begirako agenda. Judas Arrieta eta Josu Mitxelenaren komikiek lekua izango dute, baita denbora-pasek ere.
ON-ek 2.200 ale inguru argitaratzen zituen, eta Boga-k antzeko kopurua izango du.
ON hilabetekeriaren ibilbidea 2004. urtean hasi zen. Oarsoaldeko herri aldizkarien lekukoa hartzeko kaleratzen hasi zen. Izan ere, Oarsoaldeko Hitza-ren sorrerarekin batera, Lau Haizetara (Errenteria), Orratx! (Lezo) eta Branka (Pasaia) aldizkariek bidea eten zuten, eguneroko euskarazko informazioaren aldeko apustua egiteko. «Nolabait aldizkari horien estiloa eta lan egiteko modua bermatzeko sortu genuen ON». Aldizkaria desagertzeko arrazoi ekonomikoak daude tartean. Baina batez ere «bere bidea bukatutzat» jo dutela pentsatzen du Oiartzualdeko Hedabideen Administrazio Kontseiluak.
Xabier Lete eta Angel Alonso
ON aldizkariaren azken zenbakian, Arantxa Iraola kazetariak Xabier Leteren inguruan egindako erreportaje sakona irakur daiteke. Besteak beste, Andoni Lekuona, Antton Valverde eta Joxanjel Arbelaitzen hitzak jasotzen dira erreportajean. Leteren bizitza eta utzitako ondarea jasotzen du, era berean.
Azken zenbakiko elkarrizketa nagusia, bestalde, Angel Alonso zinema zuzendariari egin diote, Mystikal euskarazko filmaren harira. Jon Gonzalok egin dizkio galderak.
Argazki erreportajean, berriz, Eihartze Aramendiak Montenegron egindako bidaia bateko argazki ederrak ikus daitezke.
Adio, 'ON'; ongi etorri, 'Boga'
Oarsoaldeko hilabetekeriak azken zenbakia argitaratu du, Xabier Lete gogoratuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu