IRITZIA

Agian, azkenengo momentuan

2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Aurten ez naiz Tolosan izango. Azken urteetan ez naiz asko egon, baina oso inauterizalea naiz, oso tolosarra. Seguruenik, mendian egongo naiz, eta ostegun gizenez, Madrilen. Azken urteetan, inauterietako ostegunean, ezin izan dut festaz gozatu, eta gogorra da, gaizki pasatzen dut. Nahiz eta urrun egon, badakit zer giro dagoen etxean, herrian. Hala ere, azken momentuan beti etortzen da planen bat, eta Tolosara bueltatzea daukat.

Orain ere arituko dira, bada, Ferialean karrozak prestatzen. Izan ere, Tolosako inauteriak ostegunetik aurrera bakarrik ez, aurretik ere asko bizi dira. Aurreko bi hilabeteetakoa oso berezia izaten da. Herri osoa biltzen da, elkar ezagutzen ez duten pertsonak, 14-16 urterekin lehenengo karrozak egiten hasten diren gazteak, eta inauteri andana bizi izan duten 60-70 urte bitarteko zaharrak. Bakoitzak bere karroza egiten du, baina giroa sortzen da, asteburuetan batez ere, eta azkenengo egun hauetan egunero joango dira 19:00etatik aurrera. Igandean, batek txorizoa, besteak hamaiketakoa; zerra falta badut, parean dudanak utziko dit, nahiz eta elkar ezagutu ez. Izugarrizko giroa dago.

Eta, ondoren, inauteriak. Tolosakoak oso parte hartzaileak dira, eta ondo pasatzeko bertan sartu behar dela uste dut. Lehen, inauterien ondorengo asteazkena iritsi, eta hurrengoetarako atzerako kontua hasten genuen: 358, 357, 356... Lehen beti ateratzen ginen, eta egunero mozorro ezberdina jantzi izan dut urte askotan. Gurasoekin hasi nintzen, ikastolako aisialdi taldearekin gero, eta Orga mendi taldekoekin ere, zenbat parranda. Azken horiekin beti ateratzen genuen zikinkeriaren bat. Behin, lokatzez betetako boxeo ring bat prestatu genuen. Tabernetan zeudenek tokia uzten ziguten, zikindu ez genitzan.

Aurten, agian, lokatza botetan izango dut. Agian, mendian egongo naiz inauterietan. Hala ere, azken momentuan beti etortzen da planen bat, eta Tolosara bueltatzea daukat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.