Espazioaren esplorazioa

Agur Indiaren Ilargiko ametsari, han jarritako gailuak ez baitira iratzarri

Indiak espaziontzi bat eta ibilgailu bat jarri zituen Lurraren satelitearen hego poloan abuztuaren amaieran. Irailaren 2an, lotan jarri zituzten, bi asteko gauari eusteko, baina ez dute lortu berriz piztea.

'Chandrayaan-3' misioko 'Vikram' gailua Ilargiaren hego poloan, 'Pragyan' ibilgailuak  eginiko argazkian. Irailaren 5ean zabaldu zuten irudia. ISRO
Edu Lartzanguren.
2023ko irailaren 26a
17:08
Entzun

Abuztuaren 23a «egun historiko» izendatu zuten Indian. Izan ere, misio bat Ilargiaren hego polora eramatea lortu zuen Asia hegoaldeko herrialdeak. Inork ez zuen ordura arte halakorik egin, eta Errusiak eta Japoniaren azken saioek huts egin zuten. Beraz, are nabarmenagoa izan zen arrakasta, kontuan hartuta India garatzeko bidean dagoen herrialde bat dela. Haatik, litekeena da Indiaren amets ilargitarra uste baino lehen amaitzea, gailuekiko komunikazioa galdu dutelako.

Chandrayaan-3 misioan zunda bat jarri zuten satelitearen orbitan. Ontzi horretatik,Vikram gailua atera zen, Ilargiaren lurrazalera jaisteko. Ilargiratzea ondo egin zuela eta gailua onik zegoela baieztatu ostean, Pragyan izeneko 30 kiloko ibilgailu bat atera zen handik. Horrek tresna zientifikoak zituen, eta astebete pasatu zuen lanean, Ilargiaren hego poloko zorua aztertzen, besteak beste, han omen dagoen uraz baliatzeko moduak aurkitzeko.

Baina Ilargiaren inguru hori latza da. Besteak beste, han gauak bi aste irauten duelako. Eguzkiaren argirik jasotzen ez duenean, zero azpitik 250 gradura jaitsi daiteke tenperatura. Gailuon sistema elektrikoentzat oso arriskutsua da tenperatura horietan lan egitea, eta, haiek babesteko, makinak hibernatzen jarri zituzten irailaren 2an.

Kalkulatu zutenez, irailaren 22rako, joan zen ostiralerako, berriz ikusiko zuten Eguzkia eremu horretan, tenperaturak berriz epelduko ziren, eta gailuon eguzki panelek berriz sortuko zuten argindarra, bateriak kargatzeko.

Eguzkiak egin du bere lana, noski, baina Indiako zientzialariek ez dute lortu gailuekin komunikatzea, haiei iratzartzeko agindua emateko. Ostiralean iragarri zuten arazoak zituztela, baina ISRO Espazioa Ikertzeko Indiako Erakundeak gaineratu zuen jarraituko zutela ahaleginak egiten gailuekin komunikatzeko. Geroztik, ez dute ezer adierazi, eta, denbora igaro ahala, gero eta txikiagoa da itxaropena.

Izan ere, larunbatera arte daukate azken ahaleginak egiteko hurrengo bi asteko gaua hasi aurretik.

Litekeena da, beraz, gailuek hotza jasan ez izana.

Halakoetan ohi den bezala, agintariek eta misioaren arduradunek nahiago izan dute misioaren argiak nabarmentzea. Misioa dagoeneko «arrakasta handia» izan dela adierazi du ISROk, eta, idatzi dutenez, gailuak «esnatzen ez badira ere, Ilargian geratuko dira Indiaren enbaxadore gisa».

Arrazoia badute hein batean, India izan baita Ilargiko hego poloan gailu bat jarri duen lehenengo herrialdea, eta satelitean lurreratu den laugarren herrialdea, AEB Ameriketako Estatu Batuen, Txinaren eta SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren atzetik.

Ilargia lehia eremua izan da azken hilabeteetan potentzia handientzat. Errusia Luna-25 gailua Ilargiratzen saiatu zen abuztuaren 20an, baina komunikazioa galdu zuen. Japoniak Hakuto-R zunda bidali zuen satelitearen lurrazalera, apirilaren 25ean, baina komunikazioa galdu zuten, eta ontzia hautsi egin zen Ilargiaren zorua jotzean.

Ilargiko hego poloa interesgarria da, uste baitute ur izoztuz beteriko erreserba handiak daudela han. Ura Ilargian bertan egoteak aukera emango luke satelitean base bat jartzeko, astronautek han bertan eskuratuko bailukete bizitzeko edaria eta oxigenoa. Eremu hori hobeto ezagutzea zen Indiaren misioaren helburuetako bat.

Ikusi beharko da zenbat informazio atera dezaketen ibilgailuak han astebetez eginiko lanetik.

Edonola ere, lanean ari dira beste misio batzuetan.

India Chandrayaan-4 proiektua lantzen ari da dagoeneko JAXA Japoniako Espazio Agentziarekin. Indiak Ilargira jaisteko ontzia egitea da asmoa, eta Japoniak, berriz, han informazioa jasotzeko ibilgailua.

Edonola ere, hotzaren aurkako sistemak hobetu beharko dituzte, gailuok are leku latzagora eraman nahi dituztelako: inoiz Eguzkiaren argirik ikusten ez duen hego poloko eremura, han izotz asko egongo delakoan. 2026-2028rako egin asmo dute. Ikusi beharko da egunotako arazoak nola eragiten dion egitasmoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.