Ahaztutako erraketistak

Emakumezkoen kirol profesionalean aitzindariak izan ziren erraketistak, historiak ahaztu egin dituen arren. Astelehenean omenduko dituzte Bilbon, jaialdi batean.

Emakumezkoen erraketista taldea, Madrilen. Goiko lerroan, ezkerretik hasita lehenengoa da Maria Elena Hernandez. BERRIA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2013ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Historiak ahaztu egin ditu emakume erraketistak». Baieztapen hori egin du Maria Elena Hernandez erraketa jokalari ohiak. Joan den mendeko 80ko hamarkadan eman zituen azken pilotakadak Madrilgo Madrid frontoian, eta, ordutik emakumeek kirol horretan izan zuten ordezkaritza galdu egin da. «Azken belaunaldi baten lekuko naizela esan daiteke», dio. Haren garaian frontoiak betetzen zituzten erraketisten norgehiagokek, baina gaur egun gutxi dira eurez oroitzen direnak. Historiak ahatz ez ditzan, ordea, pilotaren hainbat modalitate ezagutarazteko lan egiten du Bilboko Global Jai Alai taldeak, eta emakume pilotari horiei omenaldia egingo die datorren astelehenean, 19:00etan. Eta, horretarako, zer hobea emakumezko erraketisten partida bat baino. Aste Nagusiko ekitaldien barnean antolatu dute ekitaldia, Zazpikaleetan dagoen Esperantza frontoian. Kokalekua ere ez da kasualitatea, 1921ean pilotalekua inauguratu zuen jaialdian emakume erraketisten partida bat jokatu baitzen.

Ahaztutako jarduna izatea harrigarria da Jesus Azurmendi historialariarentzat. Are gehiago, lehenengo emakume kirolari profesionalek erraketan jokatu zutela kontuan hartuz gero. «Tenisean ziharduten emakumeek diru truke joka zezaketen arren, erraketistak izan ziren lehenak enpresa bateko kide izaten», dio. Horrez gain, Madrid frontoian ziharduten bitartean, gizarte segurantzan kotizatzeko borrokatu ziren Hernandez eta beste hainbat emakume. «Gaur egun pilotari profesionalek kotizatzen baldin badute, hori guk bultzatutako borrokaren ondorio izan da», zehaztu du pilotari ohiak.

Hala eta guztiz ere, inor gutxi oroitzen da eurez. Jose Maria Urrutia historialariak 2010ean pilotari buruzko erakusketa bat jarri zuen Mungian (Bizkaia), eta txoko bat eskaini zien emakume horiei. Haren harrigarri, «bisitari ia guztiek eurei buruz galdetu zuten». Ezjakintasun horren arrazoiak bilatzeko, iraganera begiratu du. Izan ere, garai hartan ere ez baitzen ezaguna euren jarduna. «Normalean, atzerrira joaten ziren erraketan jokatzera, eta emakume horien etxekoek, askotan,ez zuten azaltzen kanpora zertara joan ziren ere», dio Urrutiak. Alegia, lotsatu egiten ziren euren jarduna zein zen kalean azaldu behar zutenean. Agian, horregatik, Euskal Herrian ez zuen erantzun handia izan modalitateak. «Nik ez nuen hemen sekula jokatu. Pentsa, aste honetan ezagutu dut estreinakoz Esperantza frontoia», esan du Hernandezek.

Azken belaunaldiaren kide

Arbasoak euskaldunak izanagatik, mexikarra da jaiotzez Hernandez, eta han izan zuen erraketaren berri. Lehen pilotakadak ematen hasi eta urtebetera, maila profesionalean ari zen jokatzen. «Sekulako esperientzia izan zen». Mexikon emakumeek kirola egiteko kontuan «liberalagoak» zirela onartu du, baina egun batetik bestera bere enpresa itxi egin zuten, «interes ekonomikoengatik», eta hango jokalari ia denak kalean geratu ziren. «Bi hilabetez greban egon ginen, Madrildik deitueta han joka nezan proposatu zidaten arte», oroitu du. 1972an joan zen hara, eta zortzi urtez aritu zen erraketista gisa.

Kontratua 1980an amaitu zitzaion Hernandezi, eta, urte hartan, haren enpresak emakumeen erraketa modalitatea baztertzea erabaki zuen. Orduz geroztik, emakume profesionalen presentzia ezerezean geratu da pilotalekuetan, eta horrek eragina izan zuen ikusleengan ere. «Eskaintza hori kendu zutenetik, frontoira jende gutxiago joaten hasi zen», dio. Izan ere, Hernandezek oroitzen duenez, joko ona ikustera joateaz gain, «neskak ikustera ere inguratzen ziren» ikusleak. Edozein modutan, ikuskizunak murrizteak berarekin jende gutxiago erakartzea dakarrela uste du pilotari ohiak.

Hainbat urtetako jardunaren eta erretiroaren ondoren iritsi zaie pilotari horiei omenaldia jasotzeko garaia. «Grazia ere egiten digu, izan ere, gure garaian ez zitzaigun berebiziko jaramonik egiten. Hau da, ez ginen ezagunak». Edozein modutan, astelehenean egingo den emakumezkoen partida jarduera polita dela uste du. «Berriz ere emakumeak pilotalekuetara itzultzeko balio badu, ongi etor dadila».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.