Osasuna. Medikuntza

Aho osasuntsua edukitzeko aholkuak

Ahoa da gorputzeko atalik delikatuena. Herritarren erdiak baino gehiagok aho-hortzetako arazoak izan ohi ditu. Higiene egokia eta aldizkako aho-azterketak egitea dira edozein trastorno garaiz antzemateko eman daitezkeen aholkurik onenak.

2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Hortzoiek, hortz-haginek, ezpainek eta mukosek osatzen dute gorputz-atalik delikatuenetakoa: ahoa. Eta osagai horietako bakoitza babestea garrantzitsua da oso, txantxarrak eta gingibitisa bezain gogaikarriak eta deserosoak diren gaitzak saihesteko.

Arrazoiak

Ondorengoak dira aho-hortzetako arazorik usuenak eragiten dituzten arrazoiak:

Genetikoak. Herentzia eta genetika kausarik garrantzitsuenen artean ez dagoen arren, zuzeneko zure senideren batek oiak sentiberak baldin badauzka, arazo hori izateko joera handiagoa izango duzu zeuk ere.

Tabakismoa. Erretzeak hortzetako lerroaren agerpena errazten du. Hortz-haginak horitzeko eta edozein arrazoi dela medio galtzeko joera handitzeaz gain, ahoko kartzinomak agertzeko aukera ere areagotzen du.

Aldaketa hormonalak. Emakumeek aho-hortzetako arazoak izateko joera handiagoa dute gizonezkoek baino, menstruazioa eta haurdunaldia bitartean gertatzen diren aldaketa hormonalengatik. Bizitzaren aro horietan, oiak errazago handitzen dira, eta errazago hasten dira odoletan. Menopausian ere gauza bera gertatzen da, oietan eta hortz-haginei eusten dien hezurrean aldaketak sortzen baitira estrogenoek behera egitearen ondorioz.

Zenbait farmako. Antibiotikoak, ahotiko antisorgailuak, antihistaminikoak, lasaigarriak, analgesikoak eta depresioaren kontrako botikak denbora luzean hartuz gero, zure ahoko listuaren kantitatea eta kalitatea gutxitu egingo da, eta ahoa babesik gabe geratuko da.

Prebentzioa

Hurrengo neurriek ahoko min eta gaitz gehienak saihesten lagunduko dizute.

Elikagai kaltegarriak. Gutxitu azukrearen kontsumoa (azukreak hortzetako esmalteari erasotzen dion plaka bakterianoaren pilaketa eragiten du, txantxarren arriskua gehituz era horretan), baita edari gasdunen kontsumoa ere (esmaltea higa eta honda dezaketelako) eta kafearen kontsumoa ere (kafeina da hortz-hagin zurien etsai nagusia). Elikagai oso hotzak eta oso beroak ahoratzeak, bestalde, tenperatura-kontraste handia eragiten du aho barruan, eta horrek sentiberagoa bilakatzen du.

Ahoko higienea. Hortz-haginak osasuntsu izateko, egunean hiru bider eskuilatu behar dira, 2 edo 3 minutuz. Hortzetako zeta, mihiko eskuila eta aho-kolutorioa oinarrizko tresnak dira ahoko higienea ondo egiteko. Hortzetako pasta fluorduna erabiltzea ere gomendatzen da. Hortz-zuritzaileak, berriz, gehiegi ez erabiltzea komeni da. Urtean behin gutxienez ahoko garbiketa bat egin behar da, profesional espezializatu baten eskutik.

Ohiko arazoak eta horien tratamendua

Hona hemen gure ahoko osasunari gehien erasaten dioten gaitzak:

Txantxarra. Hortz-haginen etsai nagusia da, ahoko gaitzik usuena. Jatorria plaka bakterianoan du. Otordu bakoitzaren ostean janari-hondarrak listuarekin nahasten dira, eta plaka bakterianoa deritzon gai likatsu eta itsaskorra sortzen da. Hortz-haginen gainean pelikula edo film garden bat osatuz pilatzen da. Jatordu bakoitzaren ostean, normalean ahoan bizi diren germenek plaka hori inbaditu egingo dute, janari-hondar batzuetako azukreak hartzituz eta esmalteari erasoko dioten azidoak sortuz. Horrexegatik, onena otordu bakoitzaren ostean hortzak garbitzea da. Eta txantxarrak badauzkazu, zoaz dentistarengana, gaitza tratatu eta enpaste bat jar diezazun.

Gingibitisa. Hortzak eskuilatzerakoan eta jaterakoan hortzoietako hantura eta odoljarioa eragiten duten bakterioek eragindako infekzioa da. Helduen % 60k jasaten dute. Higiene desegoki batek sortua da, eta, hori konpontzeko, dentistarengana joan beharko duzu (hortz-haginen garbiketa sakonarekin desagertzen da). Baina infekzioa konpondu ostean ere, hantura edo inflamazioa gutxituko duen dentifriko bat erabiltzea komeni da hortzak eskuilatzerakoan, klorhexidina desinfektatzaileaz zein glukonatoa duten kolutorioez gain. Izan ere, gaizki sendatutako gingibitis batek askoz ere gaixotasun larriagoa ekardezake: periodontitisa, eta, trastorno horrek hortz-haginen euskarri den hezurra ere suntsi dezake.

Halitosia. Ahoko hats edo usain txarrak hortz-haginetako arazoren bat (txantxarra, periodontitisa...) dagoela susmaraziko digu. Baina beste arazorik egon gabe ere, ahoko higienea behar bezala zaintzen ez dugunean eta listu-jarioa egokia ez denean ere agertzen da, eta orduan ahoa usain txarra botatzen duten bakterioz betetzen da. Erabili mihiko eskuila berezi bat, bertan itsatsiak dauden bakterioak kanporatzeko, eta egin hainbat aho-irakurzte, horretarako berariaz prestatutako likidoekin.

Aftak. Aho barruan ikusi ohi diren mantxa zurixka eta biribilak dira, batik bat estres garaietan agertzen dira. Euskaraz betidanik aho-legarra edo ahoeria izen dotoreekin esan izan ditugu. Gaitz horiek oso arruntak eta ohikoak dira, eta bere kasa sendatzen dira. Egun batzuk igaro eta molestiek hor jarraitzen badute, dentistak ahoko kolutorioren bat nahiz pomadaren bat errezetatuko dizu.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.