Bilboko Aste Nagusia

Ahots urratuak, gogo bizia

Aste Nagusiko lehen asteburua igarota, jaiaz gozatzen jarraitu nahi dute Txori Barroteko eta Kaskagorriko kideekPresoei elkartasuna adierazteko modu berriak bilatu dituzte bi konpartsek

Nerea Orizaola txupinerak, bi urteren ondoren, Kaskagorriko txosna zabaldu zuen zapatuan. Atzo ere giro aparta egon zen konpartsaren txosna inguruan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Asteburua gogorra izan dela antzematen zaie. Ahotsik gabe gelditzeko zorian egon arren, Kaskagorri eta Txori Barrote konpartsetako partaideek ozen zabaldu dute eurenmezua Aste Nagusiko lehen egunetan, eta aldarte berdinean jarraitzeko asmoa adierazi dute: aldarrikapena eta alaitasuna uztartzen segituko dute aurrerantzean ere.

Alta, etorkizun hurbila alde batera utzi eta igarotako egunetan jazotakoaren balorazioa egin du Kaskagorriko konpartsakide Irati Ugaldek. Larunbatean txosnan «jende pilo bat» egon zela dio, giroa «itzela» izan zela. Igandea, ostera, ez zen hain egun arrakastatsua izan. «Gauean oso jende gutxi egon zen. Kontzertuaren orduan txosna pixka bat gehiago bete zen, baina orokorrean ez zen oso egun jendetsua izan». Bestalde, antolakuntzaren aldetik jaiak nahiko txukun doazela uste du Ugaldek. «Txandak oso ondo joan dira, denak bete dira. Momentuz, behintzat, arazo barik ari gara aurreikusitakoa betetzen». Atzokoan ere, ekimenez betetako eguna bizi zuten Kaskagorrin. Hasteko, eguneroko legez, goizean igeritoki txikia muntatu zuten eszenatokiaren aurrean. Horren ostean, Kaskabatukada kalejira programaturik zegoen, baina azkenean egitasmoa bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, txosnak bereganatu du «lehentasuna», eta, horren ondorioz, ekintzen prestakuntza bigarren plano batean utzi behar izan dute, Ugaldek aitortu duenez. «Beste urteetan entseatzeko denbora gehiago izan genuela ere esan behar da». Aurreko bi urteetan, txosna jartzeko debekua zela eta, jaietako astelehenean ekintza «ikusgarriak» antolatu zituztela gogora ekarri du. «Muga oso goian jarrita zegoen». Halaber, atzo Kaskagorrik bere konpartsakideen eguna ospatu zuen. Arratsaldera arte luzatu zen bazkaria partaideak biltzeko aitzakia bikaina izan zen. Ondoren, Kaskajartada izeneko ekimena abiarazi zuten Ugaldek eta enparauek, eta 20:00ak aldera, Ze Esatek taldearen kontzertuak konpartsakideak dantzan jarri zituen.

Bestalde, Kaskagorrik aurten presoei erreferentzia egiteko moduak «zer esan ugari» eman duela azaldu du Ugaldek. «Argazkien joko horretan ez sartzea erabaki genuen. Gure helburua da haiek present egotea, eta aldarrikatu nahi dugu gurekin nahi ditugula». Asterix eta Obelix komikian oinarritutako marrazkian presoen izenak, eta dauden espetxearen eta Euskal Herriaren arteko distantzia ipinita irudikatu dute asmo hori.

Erraiak erakutsiz

Txori Barrotererentzat ere Aste Nagusiaren hasiera oso berezia izan da. Iñaki Peña konpartsakidearen esanetan, larunbatean «sekulako jendetza» egon zen txosnetan, eta igandean, berriz, «lasaiago» ibili zen Areatzatik. «Bilboko jendearentzako eguna izaten da, eta eskertzen da, egia esan». Beste txosnekin alderatuta, oso desberdina da aurten Txori Barrotek egindako muntaia: txosnaren barruko aldea ikusten da, eta ziega bat ere irudikatu dute barraren gainean. Proposamen berri honekin «moldeak apurtzen» saiatu direla jakinarazi du konpartsakideak. «Txosnari buelta eman diogu, erraiak erakusteko asmoz. Azken bi urteetan bizitako errepresio neurri horiek salatu nahi genituen, eta uste dut lortu dugula jendeari zer garen erakustea». Aurten, Txori Barroteko kideek kolorezko kutxez margotu dute txosna. Peña artista da, eta Jon Garairekin batera eratu du apainketaren kontzeptua. Kutxa horien bidez «elkartasun keinuen mosaiko bat» osatu nahi izan dutela azaldu du. «Bi urte generamatzan txosna jarri barik, bueltan gentozen eta zerbait berezia egin nahi genuen».

Ildo berean, Txori Barrotek abiarazitako elkartasun keinuen orduaren garrantzia nabarmendu du Peñak. Atzo, su festaren ondoren, Edorta Jimenez eta Gotzon Barandiaran idazleek Rafa Rueda musikariarekin eszenatokia partekatu zuten, ekimen horren barruan presoei elkartasuna adieraziz. Hurrengo egunetan, hainbat arlotako artistek parte hartuko dute egitasmo horretan. Gaurkoan, berriz, 20:00etan elkartasun bira egingo dutela gogorazi du Peñak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.