Ezarian. Beganismoa

Ahotsik gabekoen mintzoa

Nerbio sistemak berdintzen ditu gizakia eta beste animaliak; horregatik egiten diote uko beganoek animaliak bitarteko gisa erabiltzeari. Asteartean izan zen Beganismoaren Nazioarteko Eguna.

Inigo Astiz
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eskubideak badituzte; ahotsa dute faltan. Beganoek hartu dute, horregatik, animalien eskubideen aldeko hitza. Espezieen araberako diskriminazioaren aurka mintzo dira, azken finean, gizakia ere badelako animalia. Nerbio sistemak berdintzen gaitu gainontzeko animaliekin, beganoen hitzetan; sufritzeko eta gozatzeko gaitasunak. Horregatik egiten diote uko animaliak bitarteko gisa erabiltzeari. Ez dituzte elikagai gisa erabiltzen, ez dituzte janzteko erabiltzen, ez dituzte aisiarako erabiltzen... Erabilera bera da arazoa, haien ustez. Bizirik daude; sentitzeko gai dira, eta gizakiak ez lituzke objektu gisa tratatu behar. Hamarkadak baditu aldarrikapenak, baina gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Baita Euskal Herrian ere, eta asteartean ospatu zuten Beganismoaren Nazioarteko Eguna da horren froga.

Dieta da beganoen ezaugarririk deigarriena. Barazkijale zorrotzak dira; ez dute animalietatik eratorritako jakirik jaten. Ez haragirik, ez arrainik, ezta ezti, esne edo arrautzarik ere. Proportzioan, espezieen araberako diskriminazioaren ondorioz, elikaduraren industria da animaliarik gehien hiltzen duena eta haiei kalterik handien egiten diena. Eta hori da, hain zuzen, beganoen borroka gune nagusietariko bat. Baina beganismoa ez da elikadura eredu hutsa. Bizimodu bat da; hautu etiko bat, funtsean. Eta diskurtso oso bat dago erabaki horren atzean. Espezismoaren aurka egitea da beganismoaren funtsa. Espezieen arabera egiten den bazterketari aurre egitea. Bere interesen arabera erabiltzen ditu egun gizakiak gainontzeko animaliak, eta hori bukatzea da beganoen asmoa. Animaliak animalia direla onartzea, alegia, ez objektu, ez jabego. Gizakia bezain animalia, mina eta plazerra sentitzeko duten gaitasunagatik. Hori lortzeko darabilten estrategia ez da bakarra, ordea.

Bi dira ildo nagusiak: ongizatezaleak eta abolizionistak. Urratsez urratseko estrategia da ongizatezaleek babesten dutena. Ez dute erabileraren aurkako diskurtso zuzenik. Haien ustez, erabilera hori arautzea da lehen urratsa, animalien bizi-baldintzak hobetzen saiatzeko. Erabileraren ondoriozko tratu txarrei erreparatzen diete ongizatezaleek, beraz, eta erabilerari berari, aldiz, abolizionistek. Erabilera bera da arazoa, haien ustez; ez da etikoa. Jabegoaren ideia dago zapalkuntzaren erroan, haien ustez, eta hura desagerraraztean desagertuko dira haren ondoriozko tratu txar guztiak ere.

Izozmendiaren erpina

Bigarren estrategiaren aldekoa da Fernando Menta. Irudi batek piztu zion ezinegona. Tordesillas herrian (Espainia) herritarrek lantza bidez torturatu eta hiltzen duten zezenarenak, zehazki. «Sumindu egin nintzen haren berri izatean, eta hara joateko beharra sentitu nuen. Jendearekin hizketan hasi, eta ohartu nintzen zezen harena ez zela izozmendiaren erpina baino. Askoz ere sakonagora heltzen da animalien aurkako zapalkuntza. Industria guztia hartzen du». Eta pixkanaka joan zen beganismorantz hurbilduz. Informazioa bilduz joan ahala.

Haragia jateari utzi zion lehenik, arraina jateari ondoren, eta barazkijale egin zen gero. Eta arrautzak eta esnekiak ere jateari utzi zion, azkenean, orain dela urte batzuk. «Elikagaien industriaren funtzionamendua ezagutuz joan ahala, erabaki nuen bukatu zela. Hestebete mordoa jaten nuen garai batean, eta begano egin nintzenean lau bat hiltegik ateak itxi behar izango zituztela ziur naiz! Argi ikusi nuen, halere, ezin nuela animalien tortura eta hilketa haren parte izan».

Etikoa izan zen Mentaren hautua. Eta hori izaten da jenderik gehiena beganismora bultzatzen duen funtsezko arrazoia ere. Gizakiaren sufritzeko eta gozatzeko gaitasun bera dute beste animaliek ere, eta badago haien sufrimendurik eragin beharrik gabe bizitzerik. Badaude argudio gehiago ere. Ekologikoak eta ekonomikoak, esaterako. Oso handia da, adibidez, abeltzaintzak eragiten duen aztarna ekologikoa, eta pisu handikoa da, gainera. Zuzeneko eragina du, adibidez, berotegi efektuan, zenbait zientzialariren arabera. Atmosferara heltzen diren CO2 emisioen %12 inguru sortzen dute ukuiluek, azterketa horien arabera.

Etengabe azalpenak ematen aritu behar izaten dela aitortzen du Mentak. Jendeari bere hautua azaltzen. «Nekeza da batzuetan», dio, «baina, azken finean, animalien zapalkuntzan oinarritutako gizarte batean bizi gara, eta lasai hartu behar izaten dira halakoak». Gainontzeko begano guztiak bezala, goizetik gauera da begano Menta; ezinbestean. «Kontzertu batera joan, eta goizeko seietan kalean zaudela kalean hanburgesak saltzen dabilenarengana joateko esaten dizute lagunek behin eta berriz. Eta zuk ezetz eta ezetz. Baina haiek baietz eta baietz, eta, azkenean, hor hasi behar izaten duzu beganoa zarela azaltzen, eta begano izatea zer den esplikatzen. Baina egin beharra dago».

Bazterketaren egia

Ahotsik ez dutenen ahots izan behar nahitaez. «Egunero miloika animalia hil eta torturatzen dira, eta ikaragarrizko bidegabekeria da hori». Gauzek bere horretan jarraitu dezaten dirutza gastatzen da, gainera, Mentaren hitzetan. «Urtero milioika euro erabiltzen dira jaten ari diren behia belardi idiliko batean bizi zela sinetsarazteko. Marketin hutsa da, eta hari aurre egitea da gure lana. Benetako errealitatea ezagutaraztea. Txerriak, behiak eta erleek ere nerbio sistema bat dutela eta, beraz, sufritzeko eta gozatzeko gai direla gogoraraztea».

Urteak daramatzate lan horretan beganoek, eta gizartearen erantzuna ere aldatzen ari dela uste du Mentak. «Gero eta normaltasun handiagoz hartzen du jendeak gure hautua», azaldu du Mentak. «Lan handia egin dugu ahoz aho, eta hedabideetan ere gero eta gehiago ageri dira animalien eskubideen aldeko aldarrikapenak. Jendeari heltzen ari zaio mezua».

Aste honetakoa izan liteke hori frogatzen duen adibidea. Beganismoaren Nazioarteko Eguna izan zen asteartean, eta hamaika ekitaldi izan ziren han-hemenka. Madril, Txile eta Londresen, bai, baina baita Euskal Herrian ere. Neurrian. Ia ehun pertsona bildu ziren Donostian, esaterako, Askekintza Animalistak elkarteak antolatutako bazkari beganora. Uztartu egin ziren festa eta aldarrikapena, eta Wilhelm and the Dancing Animals taldearen kontzertua izan zen bazkalondoan.

Bitarteko gisa ulertzen ditu Mentak halako ekitaldiak, sakoneko aldarrikapena da pisuzkoena. «Jendeari helarazi nahi diogun mezua helarazteko tresna egokia da, nire ustez, Beganismoaren Nazioarteko Eguna. Eta hori da gure erronka, jendeak azaroaren 1a beganismoarekin lotzea. Jendeak ekintzak eta emanaldiak esperoko ditu, eta guk informazioarekin erantzun beharko dugu. Egun hori egutegietan deigarri egitea lortzen badugu, ez da seinale txarra izango. Gero jendea kontzientziatzea izango da lana». Ahotsik ez dutenek ere eskubideak badituztela entzunaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.