Aiako Harriaren bihotzean izugarrizko aberastasuna dago. Erromatarrak ere jakitun ziren horretaz duela 2.000 urte, eta horregatik bilakatu zen garai hartan Arditurri meategi ustiapenik garrantzitsuenetakoa. Gaur egun ere ez du interesik galdu, arkeologoek meategietan indusketak egiten jarraitzen baitute. Eremu jakin batean bisitarientzat ere irekita daude ateak, duela hiru urtetik. Orain dela gutxi beheko meazuloa berrireki dute, segurtasun neurriekin hobeto egokitu ondoren.
Meategia Sakonean izeneko bisita gidatuak ordu eta laurdeneko iraupena du, eta Arditurriko interpretazio zentroaren alboan hasten da, meategiaren ahoan. Bisitariek kaskoa jantzi behar izaten dute barrura sartzeko, seguru ibiltzeko. Behin argirik gabeko munduan sartuta, Miren Oliba gidariaren eskuargia ezinbestekoa da. Hainbeste urte dituzten hormak ikertuta, ondorio ugaritara iritsi dira ikerlariak: «Erromatarrek torrefakzioaren teknika erabiltzen zuten minerala ateratzeko. Harriaren ondoan sua pizten zuten, eta behin harria berotuta, errazago lortzen zuten minerala. Forma leunak geratzen ziren horman. XIX. eta XX. mendean leherketa bidez lan egiten zuten eta arroketan ertz zorrotzak eragiten zituzten, hemen ikusten den bezala», azaldu du Olibak.
Erromatarrek galena zilarduna izeneko minerala ateratzen zuten gehienbat, zilarra lortzeko baliagarria suertatzen zitzaielako. Ondoren, burdinak hartu zuen protagonismoa, eta XX. mendean blenda eta fluorita nagusitu ziren. Arditurri meategiak 100 metroko sakonera du lur azpian eta solairutan banatuta dago. Goiko meazuloan egokitutako 180 metroko paseoa beheraka doan eskailera maldatsu batekin amaitzen da. Inguruan arrokek dituzten zuloak ikusgarriak dira. Behean egokitutako meazuloaren luzera handiago da. Goiko solairuetatik ateratako minerala garraiatzeko bagoiak eta lurrazalera igotzeko garai bateko igogailua daude bertan. «Langileek kaiola deitzen zioten igogailuari». Arditurriko meategietan ura zen nagusi garai batean. Horregatik, barnean uholde arriskurik gabe lan egiteko, drainatze sistema berezi bat asmatu zuten erromatarrek». Cuniculusak 425 metroko luzera du, eta Europako bakarrenetakoa da. Garrantzi izugarriko obra hidrauliko bat da eta hainbeste urteren ondoren oraindik ere funtzionatu egiten du. Harrigarria da benetan. Uraren protagonismoa etengabea da ibilbide osoan, sabaitik erortzen diren tantek ezustean harrapatzen ditu zenbaitetan bisitariak eta dardarizoa eragiten diete.
Cuniculusa ez da aurkitu diren erromatarren aztarna bakarra, ordea. Kriseilu zatiak eta animalia hezurrak ere topatu dituzte meategian. Euskal Herriko artilezko oihal zatirik zaharrena ere Arditurrin azaldu zen. Kristo ondorengo lehenengo mendekoa da. «Oihala oso zaila da mantentzen. Hemen hezetasun handia dagoelako, oxigeno faltarengatik eta iluna dagoelako kontserbatu da. Ez dago, hala ere, jendearentzat ikusgai oihala». Ustez, Oiaso izeneko hiritik banatzen zuten materiala erromatarrek, gaur egun Irun dagoen lekutik.
Ibilaldiaren amaieran lurrazalera ateratzeko, malda gogorra igo behar da. Meategiak funtzionatzen zuenean bertatik joaten ziren mineralez kargatutako bagoiak, errailaren gainean. Ondoren, trenean garraiatzen zuten materiala Pasaiako porturaino. Trenbidea XX. mendearen hasieran eraiki zuten, Chavarri Anaien konpainiak meategien jabetza zuen urteetan. Bilboko Labe Garaien jabe ere bazen konpainia hori. Trenak kargatuta egiten zuen bidea Arditurriko bidegorri bihurtuta dago orain, oinezko eta txirrindularien gozagarri.
1984an itxi zuten Arditurri, Asturiana de Zink enpresa kudeatzaile zela. 1960ko urteetan egunero zortzi ordu pasatzen zituzten Simon eta Jose Aranburu anaiek barnean. Arditurrin lanean denbora gehien ibilitakoak dira biak: bat 32 urte eta bestea 34. Soldaduskara ez joateko erabakitzen zuten askok meategian lanean hastea. «Lau urte meatzean pasatuta, ez genuen soldaduskara joan behar izaten», azaldu du Jose Aranburuk. «Neguan kanpoan hotza egiten zuenean ederki egoten zen barruan, epel-epel. Tenperatura aldaketaren ondorioz, lurruna irteten zen lurrazalera», dio. Bagoiak mandoari lotuta materiala garraiatzen ematen zituzten orduak, animaliari tiraka. «Bera zen gure lagun bakarra. Kasurik egiten ez zigunean belarrian kosk egiten nion nik», esan du Simon Aranburuk, irribarrez. Ilunpetan pospoloekin pizten zen kriseilua zuten bidelagunik fidelena. «Itzaltzen zenean izaten genituen komeriak, berriz piztu arte».
Indusketek jarraituko dute
Oraindik antropologoek meategiko eremu ugari dituzte indusketak egiteko. Etorkizunean, beraz, lanean jarraituko dute. Aiora Perez de San Roman Oiartzungo alkateak ere asmo bera du: «Proiektua hasi besterik ez da egin. Etorkizunean baliabide gehiago eskaini nahi ditugu. Arditurri adierazgarri kultural eta sozial garrantzitsua da eskualdean». Meategiaren tamainaren adierazle, honakoa zioen Juan Guillermo Thalackr ingeniariak 1803an: «Laurehun gizon berrehun urtez lanean arituta ere ez litzateke nahikoa izango meazulo hauek guztiak zulatzeko».
Lau bisita gidatu eskaintzen dituzte une honetan Arditurrin. Oinarrizko bisitak interpretazio zentroa eta goiko meazuloa hartzen ditu bere baitan, eta ordubeteko iraupena du. Meategia Sakonean bisitan egokitu berri den beheko meazuloa ere ezagutzen da, eta ordu laurden gehiago pasatzen da barnean. Tren berdean igota osa daitezke meategiko bi bisitak. Oiartzungo Doneztebe plazatik irteten da trena. Eta, azkenik, Herri Musikaren Txokoa eta Luberri Oiartzungo Ikasgune Geologikoa museoetara joatea da laugarren aukera, lau ordu pasako txangoa eginez.
Ordutegi bat dago ibilbide bakoitzerako, baina aurretik izena eman behar da, ondoko telefono zenbakira deituta: 943-494 521.
Ezarian. Lur azpiko mundua
Aiako Harriko barrunbeak
Arditurriko beheko meazuloa berritu, eta bisita gidatuei berrekin diete udan. Erromatarrek duela 2.000 urte ustiatutako meategien berri izateko eta lur azpiko hainbat harribitxi ezagutzeko modua dira bisitaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu