Roberto Sarriugarte
Ardoxka

Aiegiko Amatriarenak

2024ko otsailaren 2a
05:00
Entzun

Andaluzian, Malagako Ronda eta Sanlucar de Barramedako zenbait proiektu ezagutu ondoren, etxera itzuliko gara, Euskal Herrira; Nafarroara, hain zuzen ere.

Ohikoa da ardoaren kultura belaunaldiz belaunaldi helaraztea, baina hori ez da gaur ezagutuko dugun Josu Amatriaren kasua. Josuren gurasoek jatetxe bat dute Iruñean, Obas, baina ez dute seniderik ardoaren munduarekin loturarik duenik.

Josuk agronomia ingeniaritzako ikasketak egin zituen Iruñean. Hark esaten duen moduan, ez zuen lotura argirik ikusten ikasten ari zen arloen eta benetan erakargarria zitzaion zerbaiten artean... ardoa deskubritu zuen arte. Horregatik erabaki zuen Enologia ikasketak egitea Logroñon (Espainia), eta Txilera eta Kaliforniara mahatsa biltzera joatera ere animatu zen.

Nafarroako hainbat upategitan lan egin ondoren —Artazun, Monasterio de la Olivan, Aroan eta Quaderna Vian, adibidez—, 2021ean gurasoen eta Raquel Elizalde bikotekidearen laguntzarekin beste proiektu bat jarri zuen abian.

Josu Amatria Iruñean jaio bazen ere, esan daiteke haren herria Aiegi dela eta Aiegi ardoaren mapan jarri nahi duela.

Lizarraldean dago Aiegi, Lizarraldearen bihotzean. Ardo-tradizio handiko tokia da, Iratxeko monasterioaren inguruan sortutako tradizioa, hain zuzen ere.

Garnatxa mahatsean jarri du arreta Amatriak, Aiegin eta inguruetan mahatsik ugariena eta bikainena huraxe delako. Esan daiteke Josu partzelatxoen bildumagile bilakatu dela; batzuk jabegoan dauzka eta beste hainbat alokairuan. Azken horietako asko laurogei urtetik gorako nekazarien esku daude. Bere garaian mahatsondoak kendu beharrean mahastizaintzarekin jarraitzea erabaki zutenak dira gehienak, baina, salbuespenak salbuespen, Josu Amatria da mahastiotako lan guztia kudeatzen duena.

Oso denbora laburrean lau bat hektareako mahastitxoen mosaikoa osatu du Lizarraldeko Aiegi, Lakar, Mañeru eta Zirauki herrietan. Izarbeibarren ere badauzka mahastitxo batzuk eta San Martin Unxen mahasti txiki bat ere bai.

Ardoak egitean, Borgoinako ereduari jarraitu nahi dio: eskualde-ardoa, udalerri-ardoa, paraje-ardoa eta partzela-ardoa egin nahi ditu, eskema horri eutsi nahi dio.

Gaur egun, hiru ardo ditu merkatuan: Nafarroan altzairuzko deposituetan hartzitutako garnatxa gaztea, Despistado izena duena, eta Amatria Seleccion Garnacha,85 urtetik gorako mahastiak erabiltzen dituena eta hamabi hilabetez 500 litroko upeletan ontzen dituena.

Baina, Juan Carlos Sancha garnatxa mahatsean aditua denak animatuta, Errioxan ere, Najerillako bailaran, egiten du beste ardo bat, El Temblonizenekoa; egiteko modua aurrekoaren berbera da.

Aiegi herriaren ertzean dagoen Cueva de la Monan daukan mahatsarekin ba omen du sorpresaren bat gordeta, ardo partzelario bat egitekotan delako. Zain egongo gara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.