ATZEKOZ AURRERA. Pedro Elosegi. Arabako Batzar Nagusietako presidentea

«Aihotz plazak markatzen du jaiaren bulkada»

Jaien prestaketetatik urrunduta dago Elosegi egun; jaia erdi-erditik biziko ez badu ere, bere tarteak izango ditu: txistua jotzen, dantzan...

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Jaiak barrutik bizi bainoago, jaiak antolatzen lagundu du urtetan Pedro Elosegi Gonzalez de Gamarrak (Gasteiz, 1960). Gaztetan, txistulari gisa atera ohi zen, eta, gerora, Gasteizko Udaleko Kultura saileko ordezkari gisa bizi izan ditu. 1990. urtean hasi zen Musiketxea Gasteizko Folklore Akademiako zuzendari gisa. Gaur egun, lan horretatik behin-behinean urrundu da, Arabako Batzar Nagusietako presidente izateko.

Prestaketen zirimolatik urrunduta, nola bizi dituzu jaiak?

Ezberdin, betidanik inplikazio osoa izan baitut jaietan. Azken bi edo hiru urteetan, ohi baino urrunagotik ikusten dut hori guztia. Ez barru-barrutik, baizik eta beste edozein pertsona gisa txistua joko dut, dultzaina, zortzikoan dantza egingo dut... baina ez erdi-erditik.

Zeintzuk dira urtero huts egiten ez dituzun ekitaldiak?

Deigarria da, baina, urtez urte, egun eta ordu berean leku berberak zapaldu ohi nituen. Nola zen film hori... Marmotaren eguna? Hala izan ohi ziren jaiak, baina, azken bi edo hiru urteetan, ibilbidea aldatu dut. Beste ikuspuntu batetik disfrutatzen da. Badago ekintza bat hutsik ez egiten saiatzen naizena: jaien aurreko auroroen abesbatzen tartea. Jesus Morazak antolatzen du jaiak iragartzeko une hori.

Zein da azken urteetan zapaldu ez duzun jaietako txoko hori?

Aihotz plaza... Urtetan ia ez naiz handik atera. Programazio ia osoa prestatzen genuen, goizeko bertsolarietatik gaueko kontzertuetara.

1990etik bilakaera izan du Aihotz plazak, eta aspaldiko eztabaida da ea txiki geratu ote den...

Ez da txiki geratu! Eztabaida izan dugu ea komeni ote zen handik ateratzea. Egia da gaur egun betetzen dela, baina, beste plaza batera eramanez gero, arrisku bat dago: edo jende gehiago joango da, edo jende kopuru berarekin ia hutsik egongo den sentsazioa emango du. Dagoen moduan ondo ikusten dut.

Bere alde on eta txarrekin.

Arima berezia du plaza horrek. Ados, ez da plaza aproposena dantza egiteko; zoru hori oso txarra da. Akustika aldetik ere ez da Gasteizen dagoen onena. Ez da ezer, baina, aldi berean, dena da. Gasteizko bihotzean dago. Aihotz plaza, niretzat behintzat, jaietako bihotzaren nodulu sinusala da, bulkada markatzen duena.

Txistularia zara. Instrumentu hori presentzia galduz al doa? Garai batean blusa eta neska kuadrillekin atera ohi ziren...

Txistuak bere papera du. Txistulariek eta danbolindariek egin ezin dutena ezin dute egin. Egungo jaiak duen bolumenarekin... Txistuak bere papera du, baina ez jaiaren zurrunbiloan sartuta, bertan ez duelako zer eginik. Garrantzitsuena zentzua ez galtzea da.

Musiketxeak kaleari doinua ematen parte hartzen du. Besteak beste, ikasleak kalejiran ateratzen dira. Polita al da une hori?

Atabala jotzen dute, trikitixa, txistua... Polita ote den? Gure lana da. Hor nabarmen geratzen da, neurri handian, gure lana ondo egina dagoela edo, behintzat emaitzak ematen dituela. Polita? Gustura ateratzen naiz haiekin, eta askotan joaten naiz ikustera egiten dituzten kalejiretara, entzunaldietara... Egindako lanaren poztasuna ematen du.

Eremu politikoan sartuz, Gasteizko jaietako zein lekutara eramango zenituzke Batzar Nagusietako taldeak, ikasturteko tentsio eta tirabirak baretu ditzaten?

Txosnetara, zalantzarik gabe. Txosnetara eramango nituzke Batzar Nagusietako kide guztiak.

Txosnetara?

Aurretik esan bezala, ez nintzen txosnetara joaten; Aihotz plazan eman nituen jaiak. Azken urteetan, ordea, unibertsitateen eremura joan izan naiz, jaien ikuspuntua berritzeko lan horretan. Oso giro polita dago han, aniztasun handia... Arabako Batzar Nagusietan dagoen aniztasunarekin, segur aski, txosnak dira txoko egokiena.

Zer ikusi ahalko lukete han?

Batzuek ikusiko lukete zer dagoen, eta nondik doan jaia. Nire ustez,txosnen eredutik doa jaiaren etorkizuna. Eta beste batzuk ikaratuko lirateke, baina hori ere bada jaia: gauza ezberdinak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.