Euskara

Ainhoa Arteta: "Ez dut ulertzen telebistan entzuten den euskara batu hori"

Abeslariak euskararen inguruan eginiko adierazpenek erantzunak eragin ditu, baita sopranoaren erreakzioa ere.

Ainhoa Arteta sopranoa entsegu batean, Iruñeko Baluarte auditoriumean, hilaren hasieran. VILLAR LOPEZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2019ko azaroaren 28a
14:46
Entzun

Goizalde Landabasok asteartean kontatu zuen, Norena da euskara?zutabean, Ainhoa Arteta kantariak Madrilen abestu zuela Jesus Guridiren Mirentxu zarzuela. Historikotzat jo dute gertaera han, lehen aldiz euskarazko lan bat taularatu baitute Zarzuela antzokian. Baina ika-mika piztu dute abeslari tolosarrak ikuskizuna aurkezteko prentsaurrekoan esandakoek.

Zarzuelaren entzuleek «malkoren bat» isuriko zutela esan zuen, «haurtzaroko» euskara entzun ahalko zutelako, «naturala eta ergelkeriarik gabekoa», ez gaur telebistan entzuten den batua, hura ez baita hain «goxoa». Gaineratu zuen berak ez duela ulertzen telebistako batua, «noski», eta euskara «denona» dela; «euskara hizkuntza espainiarra da».

«Ez dakit hizkuntza bat norbaitena izan ote litekeen; nik kontrakoa esango nuke», idatzi du Landabasok zutabean. «Baina jabegotzarena bazter utzita, ez dut uste euskara: mespretxatu, gorrotatu, ostikopetu edota gutxietsi dutenena denik».

Noticias taldean, Reyes Ilintxeta Euskalerria irratiko esatariak erantzun dio «goxotasuna» ez dela hizkuntzaren araberakoa, baizik eta hiztunaren ahalmenaren menpekoa. «Haurtzaroko hizkuntza» eskatzea gazteleraz pistina, casao, esamen edo toballa esatea bezalakoa dela nabarmendu du. «Horrenbeste maite baduzu euskara eta horrenbeste desio baduzu gehiago hitz egitea, nola jo dezakezu hizkuntzaren batasunaren aurka, horrexek salbatu baitu galtzetik?».

Juan Luis Zabala idazle, kazetari eta itzultzaileak batua/euskalkiak eztabaidari heldu dio berriz ere: «Gogaide indartsua (eta goxua) elkartu zaie euskara batuaren aurka dauden euskaltzaleei», idatzi du Twitterren.

Baina Artetaren euskara goxoaren errealitatea Xabier Euzkitzek atera du plazara. «Euskaraz edozein tolosarrekin oinarrizko elkarrizketa bat izateko gai ez denak erakutsi behar al digu benetako euskara zein den?», idatzi du, abeslariari zuzenduta.

Orduan, Iñaki Lertxundi Lizarraldek Euzkitzeri galdetu dio ea Ainhoa Arteta euskalduna den, ez duelako gogoratzen inoiz euskaraz entzun izana. «Ez, gaur ez», erantzun dio Euzkitzek. «Duela 25 urte ere ossso juxtukoa. Eta ez diat uste geroztik inongo euskaltegitan ibili izango denik».

Aurkezleak esan du Artetari euskaraz kantatzen entzuteak ez diola onik egiten. «Hori bai ez dela benetakoa».

Abeslariak Euzkitze blokeatuta erantzun dio aurkezleari. Euzkitzek aurrerantzean ezingo dio Twitterren jarraitu sopranoari, eta ezingo ditu ikusi haren txioak.

Enekoitz Esnaola BERRIAko Politika saileko kazetariak gogora ekarri ditu Artetak berak 2016. urtean eginiko adierazpen batzuk. Horietan abeslariak kontatzen du Joxean Lizarribarrek eman ziola dirua New Yorkera joateko, kantu irakasle italiar batekin lehenengo proba egitera, Artetak 18 urte baino ez zituenean. Esnaolak gogoratu du Lizarribar «idatzian euskara batuaren eragile eraginkorrenetakoaren administrazio kontseiluko lehendakaria» izan zela, hau da, BERRIAkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.