Asteburuko Proposamenak

Aintziraren inguruan, elkarrekin

Herri Urrats besta eginen dute igandean Senperen. 'Elgarrekin' da aurtengo leloa, eta herri bakarraren alde egiten du, iparraz eta hegoaz aritu gabe. Kontzertuak, ikuskizunak eta postuak izanen dituzte egun osoan.

Joan den urteko Herri Urrats eguna, Senperen. PATXI BELTZAIZ
Joan den urteko Herri Urrats eguna, Senperen. PATXI BELTZAIZ
Iratxe Muxika
2025eko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ipar Euskal Herriko ikastolak urteroko sehaskan bilduko dira igandean, Herri Urrats bestan. Ikastolaren eta euskararen aldeko aldarriaren arrimuan, txoko guztietako euskal herritarrak biltzen dira Senperen (Lapurdi), eta igande honetarako ere egun osoko egitaraua prestatu dute Seaskako ikastolek, aintziraren inguruan eguna pasatzeko. Kontzertuak, jolasak, ikuskizunak eta postuak izanen dira, kasurako. 

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa da Seaska, ikasleek euskaraz ikasteko modua ematen duena. Denera 4.300 ikasle inguru eskolatzen ditu, eta 39 ikastetxeetan eskaintzen du euskarazko murgiltze eredua; osoki euskaraz irakasteko sare bakarra da Iparraldean. Lehen mailako 33 ikastola, bortz kolegio eta lizeoa dira Seaska federazioko kide, eta laguntza logistikoa eta pedagogikoa jasotzen dute elkartetik. 

Elgarrekin izanen da aurtengo leloa, eta logotipoko protagonista nagusiak erleak dira, erle beltzak. Elgarrekin, herritar guztien lanaren emaitza baita Herri Urrats: auzolana du oinarri, eta iparrak eta hegoak herri bakar bat irudikatzen dute. «Egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elgarrekin egitearen eta elgarrekin egotearen alde egiten dugu», diote Seaskako kideek. 

«20.000 erle espezie omen daude munduan, eta horien artean geure-geurea dugu erle beltza», argitu dute antolatzaileek. Erraten da erleak desagertuko badira munduak lau urte gehiagoz baizik ez duela iraunen, eta ideia horren metafora bat da ikastolena. «Seaskako komunitatea behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Iparraldean». 

Probintziak eta guneak

Goizean goiz ernatuko da Senpere, eta zazpi gune sortuko dituzte aintziraren inguruan, gune bat probintzia bakoitzeko. Lapurdi eta Bizkaia guneetan haurrentzako eskaintzak eginen dituzte; Lapurdin, erraterako, 10:30ean hasiko da besta, Plisti-Plastarekin. 12:00etan Pontx pailazoaren ikuskizuna izanen dute, eta 16:00etan Jose eta Kikirena. Baxe Nafarroa gunean, berriz, ikastolen arteko erronka eginen dute goizean. 

Nafarroa-Badok gunea musikarako eremua izanen da; 10:00etan hasi eta 19:30era arte. Kode, Mirabe, Karena, Maskak, P.I.L.T., Dupla eta Marte Lasarte arituko dira, hurrenez hurren. Araba-BERRIA eremuan ere musika anitz adituko da, baina bertze ikuskizun batzuk ere izanen dira kontzertu batetik bertzerako tarteetan. Goizean mutxikoak dantzatuko dituzte, eta ondotik izanen dira, bertzeak bertze, Sune, Olatz Salvador, Ezpalak eta Frigo. 

Bertsolariek ere izanen dute bere lekua, Gipuzkoa gunea, 11:00etan hasita. Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Patxi Iriart eta Aitor Servier arituko dira kantuan, Ortzi Idoatek gaiak jarrita. Jarraian, Baiona Kantuz taldearen ikuskizuna izanen da, eta 19:30era arte iraunen du ikuskizunen egitarauak han.

Joan den urtean, bisitariak Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ
Hainbat bisitari iazko Herri Urratsen. PATXI BELTZAIZ

Azkenik, Xiberoa gunean, dantza izanen da protagonista nagusia. 11:00etan hasita, han arituko dira Estitxu Robles eta Dantzaz konpainia, Ligiko dantzariak eta Kukai. Arratsaldean, Elepunto DJak girotuko du ingurua. Dena dela, gune horrek berezitasun bat izanen du aurten, lehenbiziko aldiz: Tokiko gunea. Jatekoa eta edatekoa tokikoa eta kalitate onekoa izanen da, inguruko etxaldeei zuzenean erosia. 

Zazpi gune horietaz gain, Kattalin Elizalde Ikastegia izeneko gunea ere jarriko dute: jatekoa izanen da, edatekoa, eta txartelak hartzeko aukera, baita herri kirolak eta umeen pilota partidak ere, espresuki antolatuak. Edozein gunetatik abiatuta, aintzirari bira osoa emateko aukera edukiko dute bisitariek. Bidean, gainera, ikuskizun anitz izanen dira ikusteko: joaldunak, gaiteroak, Punttu Kakotx, Dizkobolo, Hots kolektiboa...

Herri Urratsera elkarrekin joateko autobus txartelak salgai daude jada; herri bakoitzak bere kabuz erabakiko du garraioa jarri edo ez. Txik-txak-eko autobusekin, dena dela, antolatzaileek hiru linea berezi atera dituzte iganderako: Kanbotik, Donibane Lohizunetik eta Uztaritzetik (Lapurdi) abiatuko dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.