Jorge Capdequi pilotua presaka iritsi da Easo Flyersek Hondarribiko aireportuan duen bulegora. Hegazkin txiki batean hegaldi turistiko bat egiteko hitzordua du bertan bi bidaiarirekin, eta hegaldi plana prestatzen aritu da orain arte. «Jantzi hor dauden txalekoetako bat, eta goazen!», esan du, hamar bat txaleko zintzilik dituen esekitokiari begira. Hori koloreko txalekoak jantzi, eta pistarantz abiatu gara. Poltsa eta metalezko objektuak kontrol mahaitik pasa, eta Hondarribiko aireportuko pista zabalera atera gara segidan.
«Hemen ezin duzue argazkirik atera. Zaindariak oso erne ibiltzen dira kontu horrekin», azaldu du Capdequik, badaezpada. Eguraldi ederra dago, eguzkitsua, eta laino bat bera ere ez da ikusten zeruan. «Gaur ipar-ekialdeko haizea dugu, itsaso aldetik datorrena, hegan egiteko primerakoa». Bidaiariak apur bat lasaitu dira pilotuaren hitzak entzunda.
Pistaren amaieran dago Capdequik gidatuko duen hegazkin txikia. «Cessna 172 bat da; puntako teknologia du eta oso erraza da gidatzeko». 2008an egin zuten, eta hegan ekarri zuten Kansasetik (Ameriketako Estatu Batuak) Hondarribiraino. Kristalezko kabina deritzona du Cessna 172-ak, hau da, digitalak dira hegazkinaren kontrol guztiak. Ezer baino lehen, hegazkinaren abantailak argi utzi ditu pilotuak, bidaiariak lasaitzeko, beharbada. «Cessna santua deitzen diote hegazkin honi, beraz, pentsa zein segurua den». Ikasleekin praktikak egiteko ere hegazkin hori erabiltzen dute.
Aireratzeko prest
Hegazkinaren ezaugarriak azaltzen dituen bitartean, segurtasun sokak askatzen ari da Capdequi. «Hegazkinak hegan egiteko diseinaturik daude. Lotzen ez baditugu, bakarrik airera daitezke haizearekin». Motorrak hezetasunik izan ez dezan jarritako oihala ere kendu du, eta aireratzeko prest dagoela ziurtatu du segidan. «Hegalek kolperik duten begiratu behar da, batez ere». Dena den, Capdequiren hitzetan, «oso zaila» da hegazkin bati mekanikak huts egitea: «Pieza bakoitza bi edo hirutan izaten dute, batek huts egiten badu, besteak lan egin dezan». Gehiago lasaitu dira bidaiariak.
Azalpenak jasota, iritsi da aireratzeko unea. Lau pertsonarentzako lekua baino ez du hegazkinak: pilotua eta hiru bidaiari. Ez dago espazio handirik, hortaz. Segurtasun uhala jartzea izan da lehen lana. Kaskoak jantzi, eta aireratzeko baimena eskatu du Capdequik irratitik. «Goazen!», esan du, irrati bidez dena ongi doala ziurtatu ondoren. Hegazkinean sartu aurretik pilotuak esan dituen hitzek bidaiariak lasaitu badituzte ere, motorrak martxan jartzean urduritasuna nabari da.
Abiadura bizian doa Capdequi pistan zehar, eta aireratu da, azkenean. Isilik doa pilotua, kontzentraturik. Bidaiariak ere, isilik, hegazkina gora doan heinean azpian bistaratzen ari den paisaiak liluraturik. Paperezkoak ematen dute Hondarribiko itsasertzean dabiltzan ontzitxoek, uretan alde batera eta bestera balantzaka. «Hemen goitik asko aldatzen da ikuspegia», dio pilotuak. «Jende asko etortzen da bidaia turistikoak egitera, aurretik ezagutzen dituen paisaiak beste ikuspuntu batetik ikusteko».
Pasaiako portua ikusten da hegazkinaren atzeko leihotik. Motorraren hotsa nahikoa ezatsegina da, baina hegazkina ez da apenas mugitzen. «Jendeak uste du bidaia hauek abentura bat direla, hegazkina asko mugitzen delakoan, baina honek gutxi du abenturatik; autoan joatea bezala da, baina bista zoragarriez gozatuz». Pilotuari begiratu baino ez dago duen lasaitasunaz ohartzeko; irribarretsu doa, eta aginte tresna ere utzi du momenturen batean, sakelakoarekin paisaiari argazkia atera, eta bere Twitterreko kontuan jartzeko.
Pasaia atzean utzi orduko, Donostiako badia agertu da parez pare. Urumea ibaia nola itsasoratzen den ikus daiteke, eta Kontxako hondartzaren ikuspegia ere, ikusgarria da. Hegazkin txikia, Donostia zeharkatu, eta itsasoaren gainean ari da hegan. Goitik, ederki ikus daitezke hiritik begiratuta ezkutuan geratzen diren luxuzko etxeak eta igerilekuak. Hondartza jendez beterik dago, eta itsasoko urak distira egiten du, eguzki izpiak islatuz.
Itsaso aldera gehiegi sartu gabe, Santa Klara uhartearen gainean eman du buelta hegazkinak, eta barnealderantz abiatu da. Txillida Leku museoa ikus daiteke, baita San Anton lakua ere. «Inor gutxik ikusi duen paisaiaz gozatuko duzue orain; Aiako Harria ikusiko duzue, goitik», azaldu du. Esan eta egin. Hegazkina apur bat etzan, eta bira osoa eman dio tontorrari. «Orain jada esan dezakezue gailurrean izan zaretela», esan du pilotuak, txantxetan.
Ordu erdi inguru egin du dagoeneko hegazkinak airean, eta Hondarribira itzultzeko ordua da. Bidaiarien harridurarako, motorrak itzali ditu pilotuak, oraindik airean dagoela. «Ez beldurtu; planeatzen jaitsiko gara pistaraino». Eta, hala egin du. Gutxika jaitsi da hegazkin txikia, eta pistara iristean, bidaiariak ia konturatu gabe lurreratu da.
Hegazkinetik irten, eta gustura ageri dira bidaiarik. Norbaitek errepikatuko du, agian. Edo, bestela, ahoz aho zabalduko dute Easo Flyers enpresak Gipuzkoan barrena txangoak egiteko eskaintzen duen aukera. «Bidaia bakoitzak beste bi ekartzen dizkigu, normalean», esan du Capdequik. Bidaia honek zenbat bidaiari ekarriko dituen ezin jakin, baina Easo Flyerseko pilotuak haien zain izango dira, «asteko zazpi egunetan, urteko 365 egunetan».
Ezarian
Airetik begira, ezaguna arrotz
Gipuzkoan zehar bidaia turistikoak egiten ditu Easo Flyersek, baina ez edonolakoak: hegazkin txiki batetik, lehendik ezaguna zaion paisaiaz goza dezake bidaiariak, ikuspuntua erabat aldatuz. Mendia nahiz hondartza, berri bihurtzen dira airetik begiratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu