Maratila

Aita-semeak

santi leone
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Txelui Moreno ona da; haren semea, berriz, gaiztoa. Halako zerbait erran zigun Ramon Jauregik, poliziak semea eramandakoan. Bere sinplean, ministroaren adierazpenak badu egiatik zerbait: ETA problema politikoa izatetik gelditu, eta familia drama bihurtu da Espainiako Gobernuarendako. Foiletoi. Soap opera.

Edonola ere, baliteke orain, atxiloketen ondoren, aita ona inozo bihurtu izana zenbaiten begien aitzinean, eta seme gaiztoa, zuhur eta zentzudun. Hala balitz, nahi gabeko albo-ondorioa litzateke, zeren, bertze handi-mandi batek argitu zuenez, kasualitate hutsa izan baitzen poliziaren hondar ekintzetan Morenoren semea atzeman izana. Patuaren bideak misteriotsuak dira, eta, hortaz, desegokia litzateke geure buruari galdeginen bagenio nolatan halabeharrak, halabeharrez, Espainiako Gobernuaren alde egiten duen beti.

Istorio honetan, izatekotan, honenak baitira galdemodu egoki bakarrak: benetakoa al da, fidatzeko modukoa, ETAren menia? Tupustean, egia dute kezka politikari espainolek, guzi-guziek: NATOn sartu nahi ez zuen hark, Irakeko heroia izan zenak, lan erreforma sekulan eginen ez zuenak...

Egia, axola balitzaie bezala. Aireportuak militarren kontrolpean, langabezia estratosferan eta politikarien prestigioa kolokan dagoen honetan, atxiloketengatik ez balitz, noiz erabiliko lituzkete egoera solemneen solas hanpatuak, «demokraziaren garaipena», «fanatismoaren kontrako batasuna», «demokrata guzion irmotasuna»?

Nik ere ezin egiaztatu dut zertan dabiltzan aita-semeak, baina erranen nuke bertze zenbaitek jokoan segitu nahi dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.